Buru-bihotz, kolpe eraginkor bezain amultsuz burutzen ari zen irudiak bizi-bizia zirudien. Solaskide izatea, besterik ez zuen falta.
Geppetto agure zaharrak ere antzera, geroago, 1882an, Carlo Collodik idatzitako Pinochioren abenturetan. Seme-alabarik ez zuen agureak egurrezko semea sortu zuen bere aroztegian. Hain ondo, ze irudiari bizia ere eman zion benetako mutiko bihurtuz. Maisu-lanen emaitzak, bata zein bestea.
Lurrak, fruiturik ematekotan, eguzkia eta lurra, biak, ditu beharrezko. Lur hori landua bada eta eguzkia neurri egokian datorrena, han izango dira fruituak ere, ezbairik gabe. Marmol edo haitzurdin ona izan zuen lehengai Michelangelok eta egur egokia Geppettok. Zizel-kolpe edo fereka bakoitzari batak zein besteak emandako arretazko indar neurtuak egin zuen eguzkiarena.
Artista horiek baino lehenagokoa dugu Ovidiok, erromatar olerkari ospetsuak, bere 'Metamorfosis' liburuan aipatzen duen Pigmalion, Txipreko erregea bera. Eskultorea ere bazen eta bere gustuko emakume bat, Galatea, irudikatu zuen marfilez. Hain ederra, ze hartaz zeharo maitemindu zen. Musu ere ematen zion baina marmol hotzaren sentsazioak ez zuen asebetetzen. Hala, Afrodita jainkosari egin zion erregu, irudi hotzari haragizkoaren epeltasun goxoa ezar ziezaion. Afroditak haren eskaria haintzat hartu eta goiz batean, egunero lez, musu eman zionean, leun, goxo eta epel somatu zuten bere ezpainek Galatearen larruazala. Bai erantzuna jaso ere! Haren poza! Bizirik zegoen berak hainbesteko maitasunez sortutako Galatea.
Horri deitu izan diote psikologo eta hezitzaileek “Pigmalion eragina”. Maitasunezko erabakiz burutzen den lanak desio eta espero ditugun emaitzak izan ohi ditu ondorio. Berdin izan liteke “Galatea eragina”, Pigmalion maitagarri bat zizelkatzen duena Galatea balitz ere.
Jaitsi nadin esperientziak erakusten dituen adibideetara. Suertatu izan zait ikasketan gaizki dabilen bati nahiko ondo egindako lana balioztatu eta gero hark bere errendimendua hobetzea. Azterketa batean, akatsak akats, zerbait ondo balego, hori balioztatzea, bai, zenbaki edo monosilabo eskas baten ordez, ondo erantzun duena balioztatuz edo baita, aukera izanez gero, gelakideen aurrean goraipatuz ere. Ez badirudi ere, oso eraginkorra da. Bihotzetik, emozionalki, irabazten dira ikasleak eta haien errendimentua. Horixe izan zen Michelangelo, Geppetto edo Pigmalionen arrakastaren funtsa. Inteligentzia emozionala deitzen zaio. Norbaitengandik espero duzuna lortzeko bidea harenganako hurbiltasuna, ezagutza eta lan pertsonala dira. Horrela lortzen dira maisulanak.
Irudimena dantzan jarrita sortu diren mito zein parabolek gure giza izakeran dute oinarria. Asmaketa badira ere, benetako arazo eta asmoen islada baino ez dira; gizakiok berezko ditugun kezka eta itxaropenen oihartzun: Pigmalion, Galatea, Michelangelo, Geppetto… Grezia klasikoan, Errenazimenduan, Erromantizismo garaian… Gaur egun ere baliagarri eta egia direnak. Egin aproba.