Gogoan dut 2020an Ainhoak Barreneko iritzi-atalean kolaboratzea proposatu zidan eguna. Momentu hartan urduri geratu nintzen, oso gogotsu, baina zalantzan: Zergatik pentsatu zuten nigan? Egia esan, ez dakit, baina badakit eskerrak eman nahi dizkiedala, nigan konfiatza izategatik eta nire gogoetak partekatzeko aukera emateagatik.
Kanpoan bizi naizenetik, eguneroko bizitzaren gehiena gazteleraz egiten dut, baina, bi hilean behin euskaraz hausnartzeko eta idazteko, Barrenen tarte hau gordeta izatea asko gustatu zait. Gainera, niretzat Elgoibarrekin konektauta egoten jarraitzeko aitzakia izan da hau.
Herrira bisitan joan naizenean, inoiz geratu izan nau ezagunen batek kalean, eta idatzitakoa gustatu zaiola esan didanean, ilusio handia egin dit. Gauza bera gertatu zait gurasoek, ahizpak, aittittak eta lagunek nire ezinegonak irakurri izan dituztenean. Izan ere, batzuetan, honen harira, elkarrizketa desberdinak sortu izan dira, eta jendearekin konektatzeko aukera berezia izan dira halakoak niretzat.
Kanpoko lagunei herriko aldizkarirako idazten dudala esan nienetik, askok aitortu didate eurei ere gustatzen zaiela idaztea. Beste batzuek testua itzultzeko eta haiekin partekatzeko eskatu izan didate, beraz, motibatu egin naiz ohitura honekin jarraitzeko!
Beraz, argi dago Barren astekarirako idazteak opari asko egin dizkidala urte hauetan. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi. Eta Barreneko taldekooi, berriz, zorte ona opa dizuet Barrena astekariarekin sortuko duzuen ibilbide berrirako!