Jaietan ere badaude egoera deserosoak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Kortaberria 2025ko ira. 5a, 13:32

Beti gustatu izan zait sanbartolomeetan egotea. Bueno, urte baten izan ezik, ez neukalako Elgoibarren egoteko gogorik. Baina tira, salbuespen hori kenduta, opor, festa eta ospakizun egun hauetan herrian egoteko desiatzen egoten naiz, eta kanpoan bizi naizenetik, are gehiago.

Jai-giroaz gain, lagunak, familia eta herriko jendea ikusteko aitzaki bihurtu dira jaiak. Sexilioa, lana, ikasketak, bikote-harremanak… arrazoi desderdinak medio, ni bezala bizitza herritik at egiten duten asko bueltatzen dira jaietan herrira eta denontzat elkartze-momentu berezia izaten dela iruditzen zait.

Hala ere, aurten ez dut hainbeste desfasatzeko gogorik izan, ezta ere lehen beste alkohol edateko. Besteak beste, hurrengo eguneko ajearengatik eguna aprobetxatu ezinda ibili izan naizelako, eta aurten jaiak beste modu batera disfrutatu nahi nituelako.
Eta alkoholaren gaia atera dudala, ezin izan dut juerga osteko etxera bueltako momentuetan pentatzeari laga. Jende askorentzat, eta, batez ere, emakumeontzat, une deseroso eta beldurgarriena etxera buelta dela esango nuke. Juerga ostean, etxera bidean, bai ni eta baita lagunak ere etxera ondo iritsiko ote garen ardura sentitzen dut beti.

Aurrekoan gainera, Bilboko Aste Nagusiko festen zapia jarrita zuten lau gizon mozkorrek geratu ninduten etxera bidean, lekuz-kanpo zeuden komentarioak egiten… Nazkagarriak!

Egoera hauek ez dira beti gertatzen, baina bai sarritan eta uste baino gehiagotan. Iritsiko al da inoiz etxera lasai bueltatuko garen eguna?.