Eta zuk, nolako harremana duzu kirolarekin?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Kortaberria 2025ko ots. 14a, 11:15

Kirolean txarra naiz', 'ez zait kirola gustatzen', 'baloidun kirola bada, ez dut jolastu nahi', 'talde-kiroletan ez naiz ona', etab, etab. Zenbat aldiz entzun dituzu esaldi horiek? Nik, askotan, eta beti eman dit amorrua edo pena, nire ustez, ez zelako horrela izan beharko.

Amorrua ematen dit jendeak kirola egiteari laga izana, epaituak sentitu direlako. Kirola gustuko ez dutela esateak, esperientzia txarrak izan dituztelako. Entrenatzaile edo figura erreferente desegokiak izateagatik, kirola hitza negatiboki hartzeak.
Nire kasuan, beti gustatu izan zait kirola egitea, baina egia da esperientzia txarrak ere izan ditudala. Horren eraginez, kirola egiteari laga nion denboraldi baten eta, ondorioz, oso desmotibatuta, neke emozional konstate baten, makalduta… sentitzen hasi nintzen.


Izan ere, konturatu nintzen 'kirol falta' sentitzeak zentzua zuela, kirola gauza askotarako delako ona: dibertitzeko, barruko energia askatzeko, gure buruarekin ondo sentitzeko, norberaren habileziak lantzeko eta berriak ikasteko, lagunak egiteko, talde-lanaz ikasteko, integraziorako… 


Horregatik, beti amestu dut lagun-giroan sortutako kirol-taldea sortzearekin, kirol desberdinak probatu eta jende desberdina nahastearekin. Eta hara non, hori bera egin dugu orain bizi naizen Bajamar herrian sortu dugun hondartza-volley taldearekin eta izugarri poztu nau honek. Baloia edo talde-kirolak hasiera batean gustuko ez zuten lagunak motibazio handiarekin hasi dira jolasten, kanpotarrak direnak herrian integratzen hasi dira eta lagun-talde berria osatzen hasi gara!


Beraz, argi dago talde-giro ona sortzea dela “gakoa” eta “derrigortuta” ez sentitzea. Gorputzak eskatzen digunari kasu gehiago egingo bagenio…