Segurutzat jotzen ditugun gauza gehiegi daude sanbartolomeetan: ondo pasako dugula, txiki eguna kristona izango dela, kuadrilla osoa elkartuko garela, egitaraua ederra izango dela, txosnagunea egongo dela… Ez du balio izan eibartarrei maileguz hartutako “ez da magia herri lana da” leloak Maalako Gune Askea bat-batean agertzen ez dela sinesteko.
Hilabeteetan zehar egindako aurretiko lana, baimenak, txanda amaigabeak, garbiketak, eskariak, protokoloak, bertan egon denak ondo baino hobeto ezagutzen dituen oztopoak, jaiek irauten duten egun guztietan uneoro sutan lapiko bat duzun sentsazioa, beti erne, atsedenik ez. Borondatezko lana, inor gutxik baloratzen duena. Asko gaude jai herrikoi eta feministen alde, erasorik gabeko gune autogestionatu baten alde, eta alde ez bagaude ere, ez dugu jairik ulertzen txosnagunerik gabe.
Herritik sortutako edozerk herria behar du, ordea. Antolakuntza, militantzia, politika. Horren faltan laguntza, babesa. Eta horren faltan, behintzat, batzuek emandakoa begi onez ikustea, baloratzea, zaintzea. “Jaiak bai, borroka ere bai” elgoibartarroi, eta “borroka bai, jaiak ere bai” festak Malaako Gune askeari eskainiko dizkiozuenoi.