Duela astebete eskas atera zituen espainiar estatuko Kultura Ministerioak 2024ko irakurketa ohiturei buruzko datuak. Barometroaren arabera, estatuko populazioaren %65,5ek bere denbora librean irakurri egiten du, eta ehuneko hori are altuagoa da 14 eta 24 urte arteko gazteen artean: %75,3. Azken datu hori, batez ere, edozeren (guztiaren?) errudun gazteak direla (garela?) diozuenoi.
Deskonfiantzaz irakurri ditut datuok. Ez nuke irakurketaren polizia izan nahi (ezta beste edozein polizia mota ere), baina esango nuke konparazioan sarriago entzun dudala “gehiago irakurri beharko nuke” esaldia liburu bat eskuan dabilen jendea ikusi baino. Badirudi identifikatuta dugula irakurtzeko “beharra”, baina nondik dator behar hori? Zergatik jartzen dugu irakurtzea gainontzeko entretenimendu kulturalen gainetik? Irakurtzeak kapital soziala dakar? Jantziagoak garela uste dugu ohiko irakurleak bagara? Kontua irakurtzea bada, eta irakurri irakurtzen badugu (hortxe datuak), zergatik dute irakurgai batzuek beste batzuk baino zilegitasun handiagoa? Zer da irakurri “behar" dena? Nobela, saiakera, liburuak oro har? Prentsak balio du? Edozein prentsak balio du? Honek balio du?
Ez zaituztet engainatu nahi, irakurzalea naiz, eta bihotzez poztuko naiz irakurketa hegemonia bihurtzen bada. Behingoz bada ere, horixe naiz ni, estatu espainoleko irakurle profil hegemonikoa: “hiri/herrigunean bizi den goi mailako ikasketadun emakume gaztea”. Hori bai, nork aukera dezala bere literatura.