Hosto berdeek tonu horiak, urre-kolorekoak, laranjak, gorriak, granateak eta purpurak hartzen dituzte, tonu beroen sorta zabala eskainiz.
Latinezko liquidus eta ambar hitzetatik datorkio izena landareari. Styraciflua adjektibo espezifikoak erretxina dariola esan nahi du.
Pitzadura handiak dituen kortxoaren antzeko azala du, eta erretxin aromatikoa jariatzen du.
Hostoek bost lobulu dituzte, batzuetan zazpi, sakonak eta ertz horzdunak. Haizearekin, hostoek mugimendu eder bat egiten dute, beren peziolo luzeen ondorioz.
Fruituak arantzadun esfera txikiak dira.
Bertako indiar amerikarrek ongi ezagutzen zuten zuhaitza, medikuntza naturalean era askotara erabiltzen baitzuten, batez ere bere erretxina. Murtxikatzeko gomatzat ere hartzen zuten eta aztekek tabakoarekin nahasten zuten usain atseginagatik.
Baina bere propietate eta ezaugarrietan luzatu beharrean, ezagutu nuenean izugarri gustatu zitzaidan likidanbarrari buruzko indiar kondaira kontatuko dut.
Paranako deltan Carapachayoak bizi ziren eta haien herrian likidanbar bat zegoen.
Egun batean, aita bat eta bere semea tribu etsai baten aurka borrokatu ziren eta, borroka irabazi ondoren, etsaien herrixkara iritsi ziren. Han emakume eder bat aurkitu eta bahitu egin zuten.
Aita eta semea maitemindu egin ziren eta berehala sortu zen bien arteko lehia. Gau batean, eztabaidan ari zirela, semeak labanaz eraso zion aitari. Honek, indartsuagoa izanik, erasoari ihes egitea lortu zuen, semeari arma kenduz. Arazoa gero eta handiagoa izango zela ikusirik, emakumea zegoen dendara joan eta hil egin zuen, labana bihotzean sartuta.
Semeak, atsekabeturik eta negarrez, euritik eta eguzkitik babesteko, likidanbarraren azpian lurperatu zuen. Biharamunean, likidanbarraren hostoak odolaren kolorez tindatuta agertu ziren, eta udazken guztietan, hostoak erori aurretik, gauza bera errepikatu zen.
Mirets ditzagun udazkenean zuhaitz zoragarri hau eta bere kolore gorriak, auskalo, agian Elgoibarren ibili zen Paranako natiba baten odolagatik.