Giza Eskubideen parkeko haginak (Taxus baccata)

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Segundo 2025ko api. 4a, 12:00

Behin baino gehiagotan galdetu didate ea Giza Eskubideen Parkean dauden zuhaitzak toxikoak eta arriskutsuak diren pertsonentzat, batez ere haurrentzat.

Hagina konifero bat da, baina oso desberdina. Ez du pinabururik sortzen, baiak diruditen fruitu gorri eta mamitsuak baizik. Bere atal guztiak, hazia estaltzen duen fruituaren mami gorria (ariloa) izan ezik, pozoitsuak dira, alkaloide toxikoak baitituzte. Horregatik, "heriotzaren zuhaitza" deitu izan zaio. Hala ere, 1.500 urte arte bizi daiteke eta bere azaletik taxola ateratzen da, minbiziaren tratamenduan erabiltzen den botika bat den alkaloidea; beraz, "bizitzaren zuhaitza" ere deitzen zaio.

Ale batzuek lore maskulinoak dituzte, eta beste batzuek femeninoak, fruitua ematen dutenak. Parkekoak maskulinoak dira, fruiturik eta hazirik gabeak, eta horiek dira toxikoenak.

Bere izena grekotik dator, toxon (arkua) edo toxikon (pozoia).

Zuhaitz sakratua izan da herri batzuentzat, zeltiarrentzat edo asturesentzat adibidez, eta beti egon da kondairez inguratuta. Bere propietate toxikoak antzinako greziarrek aipatzen dituzte, hala nola Teofastrok edo Galenok. Julio Zesarrek bere Galien Gerra liburuan kontatzen du buruzagi eta gerlari batzuk beren buruaz beste egin zutela hagin pozoiarekin konkistatuak izan aurretik. Ezaguna da, baita ere, Mons Medullios-eko kantabriarren suizidioaren kondaira, erromatarren esklabo ez izateko.

Euskal Herrian ere nortasunaren ikurra izan da. Gipuzkoako armarriak, adibidez, hiru hagin ditu hiru itsas olaturen gainean. Euskal mitologian kontakizun askotan agertzen da. Arno mendiko leize baten ondoan dagoen hagin baten gainean apustua egiten duten Mutrikuko marinel batzuen istorioa kontatzen du Barandiaranek. Beste istorio polit batek soldadu karlista baten ihesa kontatzen du, isabeldar tropak atzetik dituela, Aralarko hagin batzuk ondoan dituen putzu baten inguruan.

Bere egurra Neolitotik erabili izan da. 1991n, Ötzi izeneko momia izoztua aurkitu zuten Alpeetan, izotz-gizona, 5.000 urte zituen, hagin zurezko aizkora bat eta arku bat zeramatzana.

Gaur egun, Pagoetako (Aia), Zeanuriko, Antoñanako eta Izarrako haginak Euskadiko zuhaitz berezitzat daude izendatuta. Beraz, babestutako espeziea eta gure ondarearen zati izanik, zaindu beharko genuke ondo heriotza eta bizitzaren arteko espezie hau.