Dinboche-Nangkartshang-Dinboche

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2024ko abe. 4a, 14:45

Gaur lo mordoa egin dut, zelako poza! Atzo ur mordoa edan genuen, aklimatatzen laguntzen duelako eta gauean bi aldiz jaiki naiz komunera baina gainerakoan seko. Beldur nintzen, batek baino gehiagok esan digu garaiera honetan jada kosta egiten dela lo egiten. Dinboche 4.400 metroan dago.

Bapo gosaldu dut: arroza, patatak eta arraultzak. Baina amaitu dira jankadak. Alexek egunak daramatza esaten gehiegi jaten dugula eta gaur azalpenak eman dizkigu: gehiegi janez gero, odol guztia sabelean pilatzen da digestioa egiteko. Bost bat ordu. Aldiz, gutxi janez gero, odol gehiago daukagu buruan eta aklimatatzen laguntzen du. Gosaria eta bazkaria egiteko esan digu, baina ez dela komeni asko afaltzea. Gutxiago janez, hiru aldiz azkarrago aklimatatzen omen da eta garaieran ere hobeto ibiliko omen gara. Madredeus! A tomar por saco! Amaitu dira jankadak. Berakatz zopa eta zakura.

Gaur lodgetik bertatik atera eta Nangkartshang tontorra igo dugu aklimatatzeko. 5070 metroraino. Oso mantso igo gara, 600 metroko desnibela egiteko ordu eta erdi. Baina Himalaian, horrela dira kontuak. Goian pare bat ordu egin ditugu eguzki epeletan. Loak ere hartu nau. Etxekoekin amestu dut, Liher eta Aiarekin. Nola hartuko nauten iristen naizenean.
 
 
Ikuspegia amets bat da: Ama Dablam, Island Peak, Lhotse, Makalu, Lobuche eta Cho Oyu bera ere!
 
Taldean badago mendizale madrildar bat Masterchef programan egon zena. Bideotxo bat grabatu diot. Hemen denerako astia daukagu!
 
Beherakoan taldeko aitonarekin jaitsi naiz, 72 urteko italiar gizon sano bat. Esan dit agian azken aukera daukala Himalaiara etortzeko eta bai ala bai saiatu nahi duela tontorrarekin. Bejondeiola!
 
Lodgera iritsita, ur hotzarekin garbitu, arropaz aldatu eta bazkari berantiarraren ostean hemen gaude, te beroa hartzen eta sutondoan. Koberturarik gabe egon naiz atzo arte eta taldekide batek egin dit mesedea. Artikulu hau eguneratzeko konexioa partekatu dit, eta etxekoekin hitz egiteko ere bai. Aitortu behar dut negarrak eman didala, etxean utzi dudan xerparen ahotsa entzutean. Liher eta Aiaren argazkiak ikustean, ama eta ahizparen mezuak irakurtzean. Baita Jaione lagunarenak ere. Asko utzi dut Euskal Herrian. Himalaia zoragarria da, baina gogorra ere bai, ordu asko pentsatzeko eta ganbarari emateko. Eta bai, oso faltan ditut etxekoak. Esperientzia hau %200ean bizitzen saiatzen ari naiz etxekoek ere hala gomendatu didatelako. Oso zorteduna naiz.
 
Bigarren gaua egingo dugu Dinbochen aklimatatzen jarraitzeko. Pixkanaka ari gara Everest ingurura gerturatzen eta sabelean tximeletak sortzen ari dira.