Lodgean hotz dago. Zurezko etxolatxoak dira, inolako berogailurik gabe. Gela batzuetan manta elektrikoa dago, baina nireak ez ditu maindireak berotu nahi. Halako batean epeldu da zakuaren luma eta loak hartu nau.
Goiz ederra daukagu, eguzkitsua eta freskoa. Jantzi eta motxila prestatu ostean, jantokira denok gosaltzera. Gaur ogi asko dago menuan eta inbiriaz begiratzen diet taldekideei. Tibetar ogia eskatu du neska batek, talo lodi moduko bat, frijituta. Chapati ogiak gureak baino gluten gutxiago izango du seguru, baina hala ere ez naiz ausartu. Zeliakoa ez izan arren, ogiak kalte handia egingo didala badakit eta hemen, garaieran, triskantza izan daiteke. Dagoenarekin aurrera.
Gaurko etapa ezagutzen dut, 2019ko lasterketan kontrako noranzkoan egin genuen. Amaieran aldapa pikoa daukagula badakit eta poliki-poliki hasi gara. Aldapa txikienean ere bihotz-taupadak nola goratzen diren! Nola egin genuen lasterka garaiera honetan? Gorputza harrigarria da.
Hasi eta gutxira lehen mendi zurituak agertu zaizkigu eta ezin izan diogu eutsi argazkiak ateratzeko tentazioari. Nahiz jakin, hemendik aurrera, etengabe ikusiko ditugula inguruan. Hau bai paradisua.
Hegal batean keinu egin digu mutil batek, gerturatzeko, Everest eta Ama Dablam lehenengoz ikus daitezkeela. Urrun xamar, baina gardentasun osoz. Eder eta beldurgarri. Bart, afaritan, Sajidek esan zigun hobe zela tontorretan ez pentsatzea, estresa sortzen duelako. Oso ados nago. Baina orain begi puntuan dauzkagu, eta nahi gabe hasi gara igoerako bideez hizketan.
Sajid Ali Sadpara pakistandar gidari gazteak 27 urte dauzka. Ali Sadpara gidari ezagunaren semea, K2n neguko espedizio batean zendu zen. Aitaren urratsei segika zortzi zortzimilako egin ditu jada Sajidek, eta Alexen neguko espedizioan hartuko du parte oraingoan, Annapurnan.
Jatorra eta jostaria da. Oso gustuko ditu sare sozialak eta argazkiak. Bidean askotan egiten du etenaldia arnasa hartu eta argazkiak egiteko. Behin baino gehiagotan eskatu dit hari argazkiren bat ateratzeko.
Lasai-lasai goaz bide gorabeheratsuan aurrera. Orain goraka, orain beheraka. Tarteka elkarrizketan, tarteka bakarrizketan.
Madrildarrekin egin ditut gaur zati batzuk. 6 dira, denak suhiltzaileak. Ederra da jendea ezagutzea. Erdi errenka doa bat. Gaztea da baina aurki mokorreko protesia jarriko diote. Futbolari amorratua zela esan dit, gaztetan kirol asko egindakoa. Ama Dablamera igo nahi du kirofanora sartu aurretik. Asko poztuko naiz lortzen badu.
Beste madrildar batekin orain. Erretiroa hartu berri dago. Pozik dago, urte gogorra daramalako. Minbizia atzeman zioten eta tiroidesa galdu zuen. Txikikeria izan zela esan dit, gerora etorri zitzaionaren aldean. Bat-batean, ageriko arrazoirik gabe, gorputzeko hainbat atal puzten hasi zitzaizkion. Orkatila aurrena, ukondoa gero, belaun bat, bestea. Ahozabalik ari natzaio entzuten. Mediku batetik bestera ibili ostean, jakiren batek sorturiko bakterioren batek eragin ziolakoan dago. 6 hilabete geldirik. Bizitzaren amaiera gertutik ikusi omen zuen, erotzeko zorian. Etorri zitzaion bezala joan omen zitzaion mina. Bizitzako garai txarrena izan zuela dio. Minbiziarena txikikeria iruditzeraino. Eskalatzaile eta mendizale sutsua izanik, uler dezaket zelako iluntasuna bizi izan duen. Berreskuratzen ari zela, berriz, sorbalda hautsi zuen. Ai ene! Eskerrak irribarrez amaitu dugun berriketaldia, Nepalen gaitz guztiak sendatuko direlakoan. Euskal Herrian makina bat lagun dauzka. Gogotsu dago Ama Dablami ekiteko. Lortuko du, seguru.
Azken aldapa gogorra da, banaka goaz. Ni pozarren, esto es lo mio! Baina bat-batean, bihotz-taupadak goraka. Gosea, tripazorriak. Txokolatezko barrita bat jan dut eta aurrera. Inguruan xerpak, atseden hartzen, denak mobila eskuan. Hori da herrialde honetan flipatzen nauen beste gauza bat. Zamaketariak oso xume jantzita, zapatila zahar-zaharrekin, mila kilo bizkarrean, eta asko mugikorrarekin eskuan doaz! Gaur bertan, film bat ikusten zihoan bat, oinez eta mugikorrean film bat ikusten! Amazing.
Lodgera iritsi garenean, ur hotzarekin garbitualdi bat egin dut. Izerdiak kentzeko. Bapo jan, sutondoan epeldu eta ohera. Hortzak garbitzea ez da erraza izan; txorrotak ez dauka urik, izoztuta dago. Liburua atera dut, gaur bai, gaur kapitulu bat irakurri ahal izan dut. Inpaktatu egin nau. Eta loak hartu nau.
- Aurreko kronikak HEMEN