Atzo izan zen Juan Antonio Urbeltzen azken ikuskizunaren estreinaldia, horrenbeste esperotako estreinaldia. Axeri Bodak Arriaga hartu zuen, eta ikusleek gu hartu gintuzten.
Egun osoko jarduna izan zen. Goizean goizetik joan ginen Bilbo handira. Kirioak dantzan, prestatze-saio gogorrak, musikari azken ukituak, urratsak behin eta berriz prestatu. Horrenbestetan egindakoa zalantzan jartzeraino aritu ginen denok, urduritasunak gain hartuta zenbaitetan.
Arratsaldeko zortzietan hasi zen ikuskizuna. Lehertuta geunden asko, urduri. Eta ni kezkatuta nengoen, nekeak arintasuna kenduko ote zigun, bizitasuna faltako ote zitzaigun.
Sarrerako hitzetan, Axeri Bodaren jatorria entzun genuen kamerinoetatik, eta hasi zen Xarmegarriaren doinua. Lehen dantzan atera behar ez genuenok pasabideetan, beldurtuta, ikaratuta, urduri, irribarre zalantzatiz, izerditan. Eta halako batean eztanda ikaragarria; Axeri-dantza hasi zen, eta gure azeriak oihuka eta jauzika, inoiz baino indartsuago. Gorputza hartu ninduen zirrara nolakoa izan zen azaltzeko hitz gutxi dauzkat eskura. Proba-saio amaigabeetan transmititutako indarra ezerezetik atera zuten azeriek Arriagako ikusleentzat, eta ikaraz zain geundenoi adorea eman ziguten. Ondo aterako zen dena.
Onena, ordea, iristear zegoen. Dantzak elkarren segidan, ondoz ondo, inoizko naturaltasun ederrenean, giro ezin hobean. Eta amaiera gero eta gertuago. Amaieran, Urso Xuria dantzatzera atera ginen. Sinplea eta hunkigarria. Azeriak eta mairuak ezkonduta. Eta inoizko sentimendu sakonenak hartu ninduen, basatiak eta xarmangarriak elkarri eskutik helduta, izan litekeen doinu ederrenaren harira dantzan.
- Azerien dantza apoteosikoa (berria)
- Urbeltz triunfó con 'Axeri boda' (diariovasco.com)