Neska edo mutila zaren esan gabe deskribatu nahi zaitut. Saia nadin. Metro eta 60 zentimetro garai, gutxi gorabehera. Sasimedikuek diotenez, 7 indargune, 7 puntu sakro ditugu. Gure gorputz osoa orekatzen omen dute indargune horiek. Eta esango nuke, zazpi horiek modu erabakigarrian dituzula zuk banatuta, antolatuta. Oreka. Hitz horrek bete-betean jotzen baitu zure izaera. Ezagutu zintudanetik berezi egiten zaituen oreka horrek eraman bainau zu maitatu eta gorrotatzera.
Nik urrats bat egin orduko, erdia egiten duzu zuk beti. Baina nirea zalantzaz josia egoten da, zurea, berriz, lurrean sendo iltzatuta. Zergatik? Horren gertu eta horren urrun. Horren bertsu eta horren ezberdin. Zergatik? Eta 27 urteren buruan erantzunik ez.
Mesfidati samarra zara agian? Zuhurra, esango nuke nik. Eta pentsaraztera kondenatua ni, zure aurrean nagoela. Heltzen zaila... hondartzan egonik esku artean irristatzen diren hondar-aleen pare. Baina aldi berean lotua, estu lotua.
Gozozalea oso. Lagun zalea oso. Burrunba sortzen dugunon aldamenean ixilik, eta hala ere, beti interesgarri. Burrunba sortzen dugunok baino askoz ere interesgarriago.
Esan dut; horren bertsu eta horren ezberdin. Dantzari fin, dantzari ohi, baina dantzari fin. Urratsez urrats, aukera noiz iritsiko zain. Nazkatu eta dena pikutara bota arte, pikurik ere egon ez den lekuan.
Eta ni ertzetik zuri begira. Hitz eta pitz, baina une oro zuri begira. Zenbat lortzen duzun ixilean, inor aztoratu gabe. Itxoiten jakitea... eskuraezina askorentzat. Erraza zuretzat.
Oraintsu ere beste erronka bat jarri didazu bidean, nahi zenuena lortu duzulako, merezi zenuena. Zaratarik ia egin gabe, pausoz pauso. Halakoxea izaten baita, txikien handitasuna...