3,8 km igerian, 180 km bizikletan eta 40 km korrika. Hori baino ez da ironmana, eta hau guztia dakar berekin...
• Betidanik kirolari? Ala moda kontua da?
Badira 27 urte surfean hasi nintzela, eta selekzioarekin nazioarteko hainbat txapelketatan ere esku hartu dut. Baina ia utzita daukat, hain justu, modan dagoelako, olatuak jendez gainezka daudelako. Kirola koadrila handietan egitea ez zait gustatzen. Bizikleta hartu eta bakarrik 150 km-ko buelta egitea, aldiz, itzela da, ipod-arekin, kantuan, noizean behin ezagunak aurkitu, hitz egin, barre egin... Beste umore bat ematen dit kirolak.• Triatloiak: sprinak, olinpikoak, olinpiko bikoitzak.... ironmana? Noiz hasi zinen, eta nola iritsi zara honetara?
Ba jende guztia bezala... olinpiko batekin, helburua noizbait Zarauzkoa egitea zelako, hangoa izaki. Horrela, bospasei urte egin nituen, eta bihotzeko zauri batengatik erabaki nuen Ironmana egitea (soltero gelditzean taberna-zuloetan ordu gehiegi ez egitearren). Beraz, maitemina duen edonork egin dezake ironmana! (ja, ja)
• Brasil, Zurich eta Roth. Erabat ezberdinak, ezta?
Hain justu, berez errazena zenean sufritu dut gehien, Rothen. Euria eta hotza egin zuen, eta belarri zuloetan ere kalanbreak nituela egin nuen maratoia. A ze inpernua! Lau ordu arrastaka, zorabiatuta. Burutik gaude...
• 10 ordu eta 15 minutu. Gogorra dela diozu, etsipen apur bat ere ekarri duzu aurten...baina hala ere, argazkietan irribarrez agertuko zara, seguru.
Azkenean sentsazio nahiko txarrarekin etorri naiz, nire ironman onena egin dudan arren. Joan baino bi aste lehenago bizikletan erori nintzen, eta sorbalda xixko eginda neukan. Horrek esan nahi zuen, igerian sekulako minak izan nituela. Baina, tira, denbora gutxi gorabehera ona, 1.02. Bizikletan oso ondo nihoan, nahiz eta euria eta hotza egin. 36km/h-ko media ez dago gaizki, eta 5.02an egin nuen buelta osoa. Gainera suabe joan nintzen, behartu gabe, 135-140 pultsaziotan. 5 ordutik jaitsi nahi nuen baina bi minuturen aldea ateratzeko, ez zeukan zentzu handirik. Hori bai, sumatzen nuen zangoak puztuta bezala neuzkala, edo gogortuta, ez dakit. Kontua da, bizikletatik 6.10ean jaitsi nintzela. Helburua 10 ordu azpitik egitea zenez, erraza baino errazagoa neukan. 5 minutuan korrika egin eta 3.30eko maratoia; horrela atera nituen kontuak. Denbora aparta egitera nihoan. Bai zera! 4. kilometroan ezin nuen artikulazio denekin! Lunbarretan sekulako mina, gero belaunetan, gero gorputz osoan. Behin ere ez nuen hain gaizki pasatu. Ibilbidea astuna egin zitzaidan, oso zuzena, amaierara behin ere iristen ez zena. Euria goian zirenak behean botatzen, hotza...uf. Helmugara iritsi nintzenean burua joanda neukan. Hura zen piura!
• Zertan egin duzu huts?
Aurten egin dudan akatsa helburu bat jartzea izan da, disfrutatu ordez. 10 ordutik jaitsi nahi nuen. Ongi nihoan, neure kontuak betetzen. Igeri, 1:02, bizikletan 5:02. Maratoia 3.30ean egin eta Alemaniako garagardo guztiak edango nituen! Baina, hotzarengatik edo, ez dakit, agian euriarengatik.... Lunbarretako mina izan zen hasieran, belaunetakoa gero... aitona bezala aurrera okertuta nihoan korrika. Pixa hemen, kaka han, jan edan...Korrika ez beste dena. Samin handiena baina, ez disfrutatzeak ematen dit.
• Hori gorabehera... giroa?
Giroa itzela da, nahiz eta euria egin. Aldapa bat dago, Solarberg, Tourrean bezala igotzen dena; banan-banan eta pasiloan... itzela. Pena eman zidan animatzera joan zitzaizkidanak ere ikustea: neska, iloba, lagunak... Iritsi nintzenean txingorra besterik ez zen falta. Han zeuden, mela-mela eginda (ja, ja). (beno, egia esan, erdizka oroitzen naiz, erabat mozkortuta nengoen-eta iristean).
• Entrenamenduak. Zer da entrenatzea? Azaldu zure eguneroko sufrimendua.
Lana gogotik egiten dut orain, telebista utzita (ja, ja). Goizeko 8etan ordubete igeri egin, zazpi ordu lanean, bazkaldu ordez korrika egitera joan, edo bizikletan ibiltzera, eta berriro beste hiru orduz lanean aritzea...Hori da benetako ironmana. Langileok gara benetako finisherrak, denboraren ingeniariak.
• Materiala horren garrantzitsua al da?
Kapritxo batengatik pepino ederra daukat, zinez, baina urteak egin ditut patataxka batekin. Uste dut pijo samarrak garela txirrindulariok, eta ez dezala inork bestaldera begiratu!
Elikadura, giharrak, koipea...obsesio bihurtzeraino zaindu behar dira?
Horretan ez naiz obsesiboa. Kirolari popularrak gara, pakete ederrak, eta ingurukoak jateko kontuekin ernegatzea ez zait gustatzen. Denetik jaten dut, tamainan... dena itsasten zaidalako. Eta orain bertan, parranda egiteko gogoa ere badaukat, dedio!
• Hitz egin dezagun triatloiaz:
Hiru atal, hiru sufrimendu, hiru bizipen:
Nik korrika bakarrik sufritzen dut. Igerian egiten dut, bizikletan moldatzen naiz, baina korrika arrastaka saio ederrak egiten ditut. Baita entrenatuta ere! Bost ordu eta erdiko bizikleta saioen ondoren ordu eta erdiko korrikaldi ugari egin dut aurten, baita bi orduko karrera entrenamenduak ere. Baina nahiago ipurdian ostikoa! (ja, ja)
• Igerian zoazela, nora joaten dira pentsamenduak?
Aurreko kabroi hori!
• Bizikleta hartu, eta gurpila zulatzen bada?
Fitipaldia naiz aldatzen; zirt zart.
• Trantsizioa trebezia kontua da?
Surflaria izanda, neoprenoarekin hainbatek izaten duen borrokak barregura ematen dit askotan. Taldekoekin aritzen gara txantxetan, nenuco olioa ematen dutenean...
• Zer abantaila dituzu triatloirako? Zer desabantaila?
Pakete bat izateko ezinbestekoa: oso-oso burugogorra naiz, eta nahi dudana lortzen dut, beti.
• Lana eta kirola: albistegia aurkeztea ala ironmana, zer da gogorragoa?
Entrenatzea da gogorra, egunari 27 ordu ateratzea. Proba-eguna saria izaten da, eta telebistakoak argazkietan irribarretsu ateratzen erakusten du (ja, ja).
• Kirola ihesbidea da? Eta hala bada, zeri ihesi?
Beti esaten dut igerilekuan uzten dudana pozoia balitz, nire atzetik doana bertan geldituko litzatekeela... Eguneko tentsioetatik ihes egiteko aparta da kirola, etxean samurragoa izateko, nagusia haizea hartzera ez bidaltzeko... gora kirola!
• Irratiko elkarrizketa batean entzun nizun behin...surf taula hartu eta urrutira joango zinatekeela gustura, ezer berezirik egin gabe, denboraz gozatzera...
Maldivetara noa irailean, bi lagunekin; ontzi batean sartu eta uhartez uharte, olatu bila. Dutxatu gabe, eguzkitan, lasai...
• Datorren urterako, izena eman duzu?
Neskak baimena eman dit, ondoan ditugunek ere badute-eta zeresanik. Gogorra da sei hilabetean larunbat eta igande bakar batean laguna ondoan ez duzula esnatzea, bizikletan joan delako. Euria egiten duen lekurik ez duela nahi eta (denok busti ginen Rothen, izan ere)...eguzkia duen nonbaitera. Brasil agian, jubilatuen mailan, 40 urtetik gorakoetan...
• Pertsonalean... zein hurrengo "ironmana"?
Negozioari egunero bultzatu eta kontuak osatzearekin badugu bai nahiko ironman! Urtea amaitu aurretik Eneko Llanosek Hawaiikoa irabaztea izango litzateke gure kirolarentzat albiste ederra. Ez da aldrebes ibiliko!