4 bat egun genituen Pirinioetan egiteko, berriro ere dantza kontuak tarteko Donostiara itzuli behar genuen eta. Hainbat aldiz esan izan dut, mendiak baduela zerbait, tontor bera hainbat aldiz eginagatik mendizalea txunditzen duena. Eta aurten, enegarrenez Hiru Erregeen Mahaiara jo genuen lehenengo. Eguraldi ikaragarria izan genuen, giro aparta, eta mendian, goian-behean, euskaldunak une oro.
Bigarren etapan Cap de Longera egin genuen, Neouvilleri begirik kendu gabe, orain bi urte igo genuenekoa gogoan, Cambieil hautatu genuen aurten. Baina lainoek hartu zuten zerua, eta gauean, 2000 metrotik gora ginela, gure furgoneta intxaur oskol bat zen itsasoan. Ekaitza, tximistak, txingorra... Goizeko bostetan hasi eta arratsaldera arte. Cambieilek enbidoa bota zigun. Baina guk dantza kontuak genituen zain, eta han geratu zen Cambieil, harro-harro, guri barreka bezala.
Hirugarren saioan Poset zen gure jomuga. Angel Orusetik igoa genuen eta Viadoseko inguru liluragarrira joan ginen aurten. Desnibel handia, eta bidean, lainoak baino ez; mendi pikoetan etzanda, mamu bihurtzen ziren lainoak... goian goi-lainoa, baina poza, euskaldunak han ere, eta kanta bat, euskal kanta bat. Pirinioetako bigarren mendi garaienean, euskaldunak abesten.
Eta halaxe itzuli ginen Donostiara, dantzako zereginetara. Baina gogoari berriro leku egin eta lau egunen buruan Cap de Longen ginen berriro. Egunak ez zigun orduan iseka egingo, eta ondo bidean, Cambieileko ikusmiraz gozatzeko modua izango genuen. Oraingoan bai, oraingoan zerua urdin, eta hankak bero. Cambieil ez da hirumilako handiena, ezta zailena ere. Baina handik dagoen ikusmira, gutxitan ikusi dut nik: Rolandeko haitzartea eta Perdido zaharra, Vignemale handia, La Munia gogorra, Pic Long eta Neouville... penaz jaitsi ginen behera.
Gure azken egunak ziren mendian, eta gurpilei erdoila kentzeko, Tourmalet mitikoan esan genion agur aurtengo Pirinio-egonaldiari. Pozez eta penaz, halaxe agurtzen ditut beti horren gertu eta horren urrun ditugun piko horiek.

Laster arte izango da seguru, horrexek pozten nau hemendik, kaletik...
- Ikus hemen: Ainhoa Lendinezen testu guztiak