Oroitzapenetan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2008ko aza. 10a, 11:37

Pribilegiatua naiz. Askotan esan izan dut. Ez baitago norberak nahi duena egitea bezalakorik, nahi duenarekin gainera.

 
 Atzoko lasterketaren sentsazio ederrekin oheratu eta 9 ordu egin ditut lo, luze-luze. Gaur goizean, hanketako giharrak lasaitzeko, Itziarreraino joan gara bizikleta eta ni, lanera joan aurretik. Pribilegiatua naizela sentitu dut. Bidean nindoala, atzoko lasterketa neukan buruan, Behobia eta Donostia artekoa noski. Eitbko lankideak, koadrilakoak, dantzako lagunak, bestelako hamaika ezagun, eta familia. Guztiei eman nahi dizkiet eskerrak.

 Ohi bezala, buruari hamaika buelta ematen ari nintzaiola joan zaizkit lehen kilometroak. Debara iritsi naiz, eta askotan lankide eta lagunek botatzen didaten galdera jarri zait begien parean: “zuk asko zaintzen duzu zeure burua, ezta?” eta ohartu naiz, egiazki, ingurukoek ikaragarri zaintzen nautela ni. Eta Itziarko lehen maldari eraso diodanean, 12 urte nituenekoak etorri zaizkit gogora. Eskola kirola izaten genuen orduan. Gogoan dut nola larunbatetan urduri jaikitzen nintzen, saskibaloi nahiz eskubaloi partida noiz hasiko irrikaz. Eta bat-batean aitaren irudia ikusi dut, eta ni bizikletan, Itziarko maldetan ari segika. Orduko eskubaloi eta saskibaloi partidetan ere, ez nintzen deus, harmailetan aita ikusten ez banuen. Eta orduan ikusi dut, ez dela azken urteotako kontua, 27 urteko ibilbide luze-laburra baizik.

  Sinetsita nago familiako kide guztiek paper garrantzitsua dutela sendian: batzuek dirua ekartzen dute, besteek poza eta maitasuna ematen dute; familia elkartzeko lana egiten dute askok, eta besteek, isilik baina laguntza eta konfiantza ematen dute. Horiek guztiak dira funtsezkoak. Gurean, nork bere lana dauka, eta gaurkoan aitarena ekarri nahi dut hona. Itziarko lehen begiratokira iritsi naizenean konturatu naiz, kirola aitaren estrategia eraginkorra izan dela, gure familia gehiago elkartzeko. Berari esker nor bere neurrian, guztiok ari gara kirolean. Nik igo dudan mendi bakoitza, bitan igo du aitak. Beti sokaren atzealdean, taldea zaintzen. Bidegurutze edo pasabide esturen batera iristean, taldeburu jarri, bidea zer moduz zegoen ikusi, atzera guregana buelta egin, eta denok elkarrekin igotzen genuen. Mendia bi aldiz egiten zuen gizona.

 Betidanik izan da  umezalea, eta bere erara, beti saiatu da gu eta ingurukoak maitasunean hezten. Inguruko haur eta gazte asko minez eta etsita joan izan dira mendira txikitan, behartu samar ere bai agian. Aitak kontu-kontari eramaten gintuen, harriz harri helburu txikiak jartzen zizkigun, eta bidean onenak ginela sinetsarazten. Eguraldiagatik edo nekeagatik gailurra zapaltzerik ez genuenean ere, mendizale onenek mendiari men egiten jakin behar dutela esaten zigun, eta aterpera pozik itzultzen. Eskola kirolean ere, saskiratzea bezain garrantzitsua zela erakutsi zidan, lagunari baloia ongi ematea. Eta atzo berriro hunkitu ninduen. Behobiara goizean goizetik joan ginen gurasoak, lehengusina, mutil-laguna eta ni. Irteerara nindoala, aitak oihu egin zidan: “Ainho, parte hartzea eta amaitzea, ikaragarria da jada!”.

 Eta lasterketa bikaina eginagatik, aitarekin eta aitari esker kirolean egiten ditudan ordu bikainak nagusitu zaizkit gaur barnean. Mendian, bizikletan, triatloian. Eta zenbat barre egin dugun; Lekeitioko triatloia lehenengoz egin nuenean, hegatsak hartu eta itsasora sartu zen. Halako batean, ibilbidearen erdian igerian nindoala, aita haitz baten gainean ikusi nuen animoak ematen. Ezin nuen sinetsi ere egin! Eta Elgoibarko Itzulian? Han agertzen da San Migelen beti, animoak emateko edo zirikatzeko, aurretik zenbat neska joan zaizkidan esaten. Aurten denok joan gara Tourrera, eta zenbat gozatu duen aitak, denok bizikletak hartuta han ginela eta...

 Min duelako gorputzean ezin du lasterka egin egun. Baina bizikletan erasoa jotzen dit mendate gainera iristear gaudela. Eta orduan sentitzen dut bizien. Ez baitut inor ezagutu inguruan, familia eta lagunekin kirola ikusiz eta eginez, aitak beste gozatzen duenik. Zuri esker ari naiz ni!