Izarren Hautsa

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2008ko abe. 2a, 10:57

Zu ere bai, Mikel. Joan zara betiko. 2008a urte gogorra izango da euskaltzaleontzat, euskal kulturarentzat; Gotzon Garate , Axun Aierbe, Carmelo Etxenagusia, Henrike Knörr...


Gurean, izeba doinu arraroak entzuten aritzen zen, gogoan dut, amonaren etxean bizi zen artean. Mikel Laboa zela esan zidan. Abeslaria erotuta zegoen galdetu nion neure buruari. Baina gustatu zitzaidan. Harrezkero, nerabe gehienak euskal rock musikaz blai zeudenean, “Oihaneko pagoak blai” entzun eta negarrez egoten nintzen ni etxeko epelean lanean...

Makina bat adierazpen eta hitz entzun ditut atzo-gaur irrati-telebistetan: “ez da euskaldunik, Mikel Laboaren kantarik ezagutzen ez duenik”. Baina areago ere bai: “ez da euskaldunik, Laboaren kanta batek inoiz hunkitu ez duenik”.

Ez zaitut zuzenean ezagutu, baina ez dut ahaztuko Hondarretako taberna hartan agurtu zintudanekoa; ohi bezala, baso bat eskuan, txapela buruan... urduri gerturatu nintzaizun, inoizko gertuen aurrez aurre ikusteko.

Euskal kulturaren musikagile handiena joan zaigu, Euskal Herriaren nortasuna inork ez bezala kantaz eta doinuz adierazi duena. Zer egingo dugu zu gabe? Zilbor Hesteak, Haika Mutil, Martxa baten lehen notak, Ihes betea...Izarren hautsa inoiz entzun ez duenak ezin jakin euskaldunok zer garen, Mikel.

Izarren Hautsetan bego, Mikel Laboa handia.