Asteazkenean, Cannesen, zinemaren oihartzuna nabari da han-hemen.
Hondartza ere aberatsentzat da Cannesen. Jatetxeek terraza gisa dute
partitua itsasertza eta majo ibili behar izan dugu herritarrentzako
harea zatiaren bila. Horixe Cannes. Eta diseinatzaile handien dendak
hondartzari ia itsatsita. Ostegunean sartu gara Monacon. Casinoak eta
auto garestiak, yateak ere bai. Auto-lasterketen zirkuitua artean ere
kendu gabe dela, hura ikustea ederragoa izango zen guretzat, gaizki
inbertitutako aberastasun hau guztia baino. Zurezko belaontzi txiki
batek maitemindu gaitu. Bai, inork begiratzen ez duen horrek.
Ostegunean iritsi gara Dolomitetara. Hau bai, guretzat paradisua. Miresmenez, argazkiak egin eta egin ari naiz, furgonetaren leihotik. Baina guretzat hau arrotza da, eta errespetuz ibiliko gara lehen aldian. Hau ez da Aizkorri, hau ez da igandeetako Erlo. Dolomitak agurtzera etorri gara, ezagutzera. Ez ditugu mendiko botak ekarri, trekkineko zapatilak baizik. Asmatu dugu. Elurra dago nonahi. Informazio bulegoko mutil jatorrak esan digunez, 20 urte dira horrenbeste elur bota ez duela. Horrenbestez, ezin Tre Cime di Lavaredora inguratu, ezta Cinco Torre handira ere. Marmoladaren magalean izan gara, eta berriro etorriko garela esan diogu. Oraingoan pedalei eragingo diegu. Pordoi eta Campolongo mitikoetan lehertu gara, Falzarego luzean ere bai. 15-17 kilometroko mendate luzeak dira hauek, eta 2200 metrora igota, begiek uzten duten ikuspegi luze-zabal osoan mendiak eta mendiak. Hotzak jota gaude, bizikletako arropa ez baita sendo-sendoa. Baina inguruak liluratuta, ahaztu ere egin zaigu hotza. Zeruak honen parekoa behar du, ezta? Baietz dio aldamenekoak. Tourmalet eta bestelako mendateak datozkit gogora. Hurrengo astea Kroazian igaro dugu, eta azken egunak Florentzia ederrean, lagun artean.
Bidaia zoragarria izan da; hondartza, korrikaldiak, lagunartea, mendia eta bizikleta uztartu dituena. Baina nik Dolomitak ekarri ditut etxera. Orain arte, Euskal Herriko mendiak eta Pirinioak baino ez zeuden gurean. Eta orain, Gure Himalayaren aldamenean, Dolomitak daude. Irentsi egingo dugu liburua, eta hurrengoan, mendiko botak eramango ditugu.
- Ikus hemen: Ainhoa Lendinezen testu guztiak