Larunbat goizean atera gara Elgoibartik. Giro aparta, eta bidean makina bat auto, bizikletak hartuta, ikurrina aldean... Tourrera denak.
Igandeko etapa da ikustekoa, eta horregatik, larunbatean Hautacam igo dugu bizikletan. Gogorra da gero mendate hori, ene! Bidean hamaika txirrindulari ikusi ditugu, tartean zenbait hanka lurrera botata, ezinaren ezinez. Bero kiskalgarriak are gogorrago egin du igoera. Hala ere, Hautacam ingurua zoragarria iruditu zaigu: belardiak, ganadua bazkatzen, zuhaitz berde-berdeak... Gero gainera, dutxa "naturala" izan dugu, menditik behera garden datorren erreka batean.
Igandeko etapa da ikustekoa, eta horregatik, larunbatean Hautacam igo dugu bizikletan. Gogorra da gero mendate hori, ene! Bidean hamaika txirrindulari ikusi ditugu, tartean zenbait hanka lurrera botata, ezinaren ezinez. Bero kiskalgarriak are gogorrago egin du igoera. Hala ere, Hautacam ingurua zoragarria iruditu zaigu: belardiak, ganadua bazkatzen, zuhaitz berde-berdeak... Gero gainera, dutxa "naturala" izan dugu, menditik behera garden datorren erreka batean.
Luz Saint Sauverren kafea hartu eta Bareges aldera jo dugu. Marka da gero! Ehunka kilometro egin eta Tourmalet 15:00etarako itxita! Gendarmeekin txantxa-eztabaidan hamaika euskaldun, kamiseta laranja soinean, bizikleta aldean... Baina Gendarmeek amore emateko asmorik ez, eta ESAITekoen festa urrunetik usaindu dugu. Tourmaletetik 4 kilometrora furgoneta eta kanpin-denda mordoa elkartu gara, gau-festa alternatiboa egin dugu.
Igandean eguzkiak esnatu gaitu eta Tourmaleten gora abiatu gara bizikletan. Inoiz Tourra bertatik bertara ikusi ez duenak ez dit sinetsiko hango berri idatziz ematen saiatzen banaiz: mendatean gora jendea oinez, bizikletan, korrika... Mozorrotuta batzuk, erdi-biluzik besteak. Kalimotxoa kantinploran sartuta asko, ogitartekoa eguerdira itxaron gabe goiz erdian jaten beste asko...haur txikien gurditxoei bultzaka ere makina bat ikusi ditugu aurten! Paregabea.
Iritsi gara bizikletan gainera. Jendetza Tourmaleten, baita La Mongien ere. 3 bat ordu falta dira oraindik txirrindulariak iristeko, baina giroa bero-bero dago. Bide bazterrean jendeak Tourraren karabanari baino gehiago erreparatzen die han-hemen sortzen diren lagun taldeei: kantuka daude asko, dantzan ere bai batzuk! Zenbat aldiz egon gara Pirinioetan? Posible ote da gatozen guztietan liluratzea paraje honek? Giro paregabe horretan, inguruko mendietara doaz gure begiak, ederretan ederrena!
Nik neuk amerikarra ikusteko gogo itzela daukat, 2005ean Saint Laryn egin genion argazkiarekin alderatzeko. 15:15ean helikopteroek diote badatorrela txirrindulari-tropela maldan gora! Urduritasunak hartu gaitu, horrenbeste itxarondako unea iristear da. Eta halako batean, Euskaltelekoak! Armstrong, Zubeldia.... zast! guztiak igaro dira ta! Oihu artean hartu ditugu, gendarmeekin erdi-borrokan hurbiltzen uzten ez digutelako... Eta 10 minuturen buruan bizikletak hartuta beherako bidean gara berriro.
Horixe da Tourra. Horixe baino ez, eta hori guztia. Ondoren, 3 bat orduko auto-ilarak. Baina gustuko tokian aldaparik ez, ezta auto-pilaketarik ere! Nik neuk Mont Ventouxera egingo nuke, beste 10 minutuan gozatzearen truke. Parisko Eliseo zelaietara ere joko nuke, Tourraren amaiera ikusteko. Zaletasuna zer den… Hurrengo urtera arte izango da oraingoz, baina hurrengo urtean ere bai, seguru!