Iratiko Tourra

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2010ko uzt. 1a, 18:41

Asteburu honetan izango da Iratiko Tourra, Maulen, Zuberoan. Joan den urtean antolatu zuten lehenengoz eta aurten asteburu osoko plana egin dute antolatzaileek. Euskal Selekzioaren aldeko taldeak, ESAITek, euskara, kirola eta Iparraldea bultzatu nahi ditu ekimen honekin, eta elgoibartar eta euskalzale guztiei gonbita eta deia egin nahi diet parte har dezaten.

Bi egunez Irati inguruan bizikletaz gozatzeko aukera izango da asteburu honetan. Larunbatean bi ibilbide izango dira aukeran: luzea (100 km) eta laburra (64 km). Igandean, berriz, ibilbide bakarra, joan den urtekoaren antzekoa (123 km).
 
Gogorra izan zen proba, baina are gogorragoa izan da aurten ekitaldiaren berri izateko bizitakoa. Lehen deialdian Anoetan elkartu ginen hainbat kirolari eta ESAITeko arduradunak. Baina hedabiderik ez zen etorri. Ez Berria, ez Gara, ez Eitb. Penagarria egia esan. Euskara, Iparraldea eta kirola bultzatzeko ekitaldi baten berri eman nahi eta ezin. Bigarren deialdia lehengo asteazkenean egin zuten, eta orduan bai, gutxi, baina hedabideek erantzun zuten. Horregatik, txoko honetan ere Iratiko Tourrera joateko dei egin nahi diot elgoibartar eta euskaltzale orori: kirolaz eta euskal giroaz gozatzeko aukera paregabea izango baita.