Chamonixetik Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2012ko uzt. 23a, 23:28

Orain bi asteburu Chamonix-en egon nintzen. Serac bat erori eta 9 mendizale hil ziren Mont Blancen, elur-jausi batek azpian harrapatuta. Istripuaren berri jaso eta ematera joan ginen gu.

 

 Hiru egunez, ezbeharrak eragindako bi jarrera edo, bizi izan nituen: samina, odola eta istripuaren gordina jaso nahi zutenen hotza, batetik; eta mendiari errespetuz begiratzen dioten mendizaleen beroa, bestetik. Izan ere, hango gidari batek honela esan zidan: "Ainhoa, zoritxarrez, hemen egunerokoa da hau".

1706638135596 Chamonixetik Euskal Herrira

Istripua ostegunean izan zen, eta gu ostiralean iritsi ginen Alpeetako hiri eder hartara. Mendizaleen lagun eta senideak etxera bidean ziren, hil-kapera senideentzat baino ez zabalik eta erreskatea amaituta. Horrenbestez, morbo bila zeudenen egarria ezingo nuen ase, zorionez. Mendia maite duen lankide batekin hitz egin nuen, eta mendi-erreportaje onak egin zitezkeela esan zidan. Eta orduan ohartu nintzen: zertara etorri naiz bestela? Senideren batekin hitz egin nuen, gidari profesional batekin ere bai. Aita-seme gasteiztar jator batzuk ere elkarrizketatu genituen.

 Eta horretan saiatu ginen buru-belarri. Istripua kontatu bai, baina harago, mendi zuriak mendizaleak erakartzeko duen indarraz eta xarmaz hitz egiten saiatu ginen. Eta batez ere istripua gertutik bizi izanagatik, mendiaz maiteminduta dauden haien aurpegia erakusten.

Igandean itzuli ginen etxera, Euskal Herrira. Bi egunetan eginiko lana aztertzen igaro genuen Genevatik Loiurako hegaldia. Istripuaren gogortasuna, hango jendearen berotasuna. Eta bat-batean, gogoeta haietan murgilduta nengoela, laino artetik Anboto ikusi nuen. Etxean ginen. Malkoak atera zitzaizkidan, eta une batez atzean geratu zen Mont Blanc. Orduan ohartu nintzen, ez dagoela urrutira joan beharrik mendiaz gozatzeko. Igandea zen. Handik hiru egunera Arrazolatik gora ekin genion Anbotori. Goitik ikuspegi zoragarria: Aizkorri, Gorbea eta beste hamaika mendi euskaldun. Eta bai, hodeiertzera begira, Alpeetako bailara eder hartan, Chamonix herriraino jaisten den glaziar zuria ere ikusi nuen.

1706638135685 Chamonixetik Euskal Herrira

1706638135769 Chamonixetik Euskal Herrira