Perdido Xtrem

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2012ko ira. 8a, 15:07

Perdido Xtrem, edo Pineta-Serradets-Pineta. Abuztuak 17.

Oporretan zaudela iratzargailuak 07:00etan esnatzea ez da bereziki atsegina. Baina begiko bekarrak kendu gabe, furgonetako leihotik harrizko horma eder bat ikusten baduzu, eramangarriagoa da logurea.

 

07:45ean hasi gara oinez. Malda ez da nolanahikoa. Baina gu zenbat eta gorago, bailara orduan eta beherago. Eta gure oinetan ikusten dugunak bultzatuta edo, nahiko azkar iritsi gara Pinetako balkoira. Bat-batean, lautada harritsu bat, eta Perdido parez pare. Bizkarra ematen ari zaigu. Guk kontrako aurpegitik igoko degu. Baina bihar izango da hori.

Ni beti joan ohi naiz bigarren mendian, nire gidaren orpoei itsatsita. Eta orain ere halaxe noa, baina pare bat aldiz jiratu det burua, Perdidori berriz begiratzeko.

1706638105471 Perdido Xtrem

Laku batera iritsi gara. Nere gidak esan dit neguan, izoztuta, gainetik igaro izan duela oinez. Harri solteko malda batean gora, bi tontorren artean dagoen lepo estu baterantz goaz. Eta hara! Bideko bigarren sorpresa. Tucarroyako aterpe librea (ondoko argazkian). Nola moldatuko ziren “arkitektoak” babesleku perfektu hau hemen eraikitzeko?

Mendilerroaren bestaldean Estaubeko bailara. Orain 11 urte igaro nintzen hemendik. Alans-eko leporako bidea luzea iruditu zitzaidan orduan. Gaur, hitz eta pitz, ziztuan iritsi garela esango nuke. Eskuinean Pimene eta gure oinetan Espuguettseko aterpetxea, Gavarnieko mendigune ederrari begira. Parez pare, berriz, biharko jomuga: Roland bretxa.

Espuguettseko aterpetxea.

Gavarnieko zirkua.

Gavarnierako jaitsiera ederra da benetan. Zuhaitz hostotsuak, kareharrizko horma ezkerrean… Jendetza dago benta inguruan. Guk oinez jarraitu dugu, gelditu gabe. Gavarnieko mendigunearen erdian gaude. Behea jo dugu orain arteko desnibel guztian. Altimetroa zeroan daukagu berriro, eta Les Echelles igoera pikoa daukagu zain. Ur-jauziari begira gelditu nahi dugu, baina eguerdia da jada, eta badakigu igoera mingarria izango dela. Bero sargoria, nekea, gosea… denak pilatu zaizkigu azken zatian. Eta bat-batean Serradetseko aterpetxea. 16:00rak dira. Hemen ez dago dutxarik, ezta telebistarik ere. Inguruko elurretatik urtzen den ur hari batean garbitu ditugu izerdiak, eta inguruari begira pasatu ditugu afaldu arteko orduak. Erreskate bat ere egokitu da tartean, eta berehala iritsi da gaua.

Afaria bost izarrekoa iruditu zaigu… eta lolekua ere bai: geletan lekurik ez, eta sukaldean egingo dugu lo. Leihotik, Roland Bretxa ikus daiteke.

Abuztuak 18.

06:00. Ontzi soinu eta kafe usainak esnatu gaituzte. Nagia ematen du jaikitzeak, baina egun zoragarria daukagu aurretik eta 07:00etarako oinez gara. Roland Bretxa: makina bat aldiz igaro izanagatik, naturaren mirari eder bat iruditzen zait ikusten dudan bakoitzean.

Sarrioen bidea.

Sarrioen bidean isiltasunak eman dit atentzioa. Goiz da oraindik. Gorizetik gora Perdidora doan bidearekin egin dugu bat. Hemen bai, hemen jende asko dabil. Tartean, lagun zoro bi korrika. Lehor dago Perdidorako bidea. A ze aldea azaroan elurretan egon ginenetik, ezta xerpa? Tontorrean euriak mehatxu egiten digu, eta ziztuan jaitsi gara Las Olaseko tontorrerantz. Beste argazki bat eginda, malda harritsu deseroso bat daukagu zain. Añisclo ikusi ez duenari gonbita egin nahi nioke ikuspegi eder horretaz gozatzeko. Bertako lepotik Pinetarako jaitsiera falta zaigu orain. Polita bai, baina luzea ere bai. Behatzeko minez nabil gaur, eta azken metroak infernu bihurtu zaizkit.

Haitza, elurra, harea eta belarra. Denetarik igaro dugu gaur. Atzera begiratu eta beldurra ematen dute menditzar horiek. Pinetan gara berriz. Nekatuta, gosetuta, behatzeko minez. Besarkada batek hunkitu gaitu: amaitu dugu Perdido Xtrem! Mendian beti bizi izan ditut muturreko sentsazioak, onak eta gogorrak. Mendia bizitzaren parekoa da. Horregatik, beti pentsatu izan det, aldamenekoak konfiantza ematea ezinbestekoa dela. Aldamenekoak konfiantza ematen dizunean, mendi garaiena, maldarik pikoena, pasabiderik zailena, estualdirik handiena, eramangarri eta atsegin bihurtzen da. Afalostean, bi egunetako argazkiei begira, hauxe izan da gure azken elkarrizketa:

-Xerpa maitea, bihar zer?

-Bihar? Loramen, bihar lo, bihar, lo!

 

Añisclo.

Gavarnieko jaitsiera.