Dokumentalaren ideiaz, asmoez eta sortze-prozesuaz galdezka hasi nintzen neure buruari. Irabazi asmorik gabeko elkartea da Zinez. “Politika gorabehera, pertsonak interesatzen zaizkigu”. Hala diote. Presoak heroiak dira batzuentzat, hiltzaileak besteentzat, pentsatu nuen. Zinez: “guretzat pertsonak dira. Ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak, gu bezalakoak“.
5 zinemagilek hartu dute parte proiektuan. Adin, jatorri eta ibilbide ezberdineko 5 zinemagilek. 2009an sortu omen zen asmoa: “politikaren gorabeherak alde batera utzita, pertsonak erakutsiko zituen film bat” sortzeko.
Tabu eta beldurrez ere hitz egiten dute Zinez-ekoek. Proiektuak diru-laguntza bat jaso zuen. Filma amaitu gabe zegoen artean. Eta polemika sortu zen. Ildo politiko jakin batek babesten zuela zabaldu zen han-hemen, eta horrek beldurra ekarri zuen.
Hasi zen dokumentala. 90 minuturen buruan, amaierako kredituak pantailan agertu ere bai. Baina amaitu, ez dakit oraindik filma amaitu den. Ez niretzat. Barrura begiratzeko bost leiho izan dira, baina batez ere, kanpora begiratzen lagundu didaten bost leiho. Zinematik atera eta pentsatu nuen ez dela bakarrik ikusteko filma. Nik behintzat beharra sentitu nuen ikusitakoaz norbaitekin hitz egiteko. Barrura begiratzeko leihoak niri buruz delako, zuri buruz. Pertsonei buruz.
Zuk ere leiho hau zabaldu nahi baduzu, ostegun gauean Herriko Antzokian duzu aukera.