Su haietatik ke hauek

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2013ko urt. 23a, 14:08

Cosima Dannoritzer-ek Comprar, tirar, comprar (The Light Bulb Conspiracy) dokumentalaren egileak esan omen zuen: zibilizazio batzuek piramideak eta katedralak utzi zituzten; gure zibilizazioak zaborra utziko du.

Azken urteetan puri-purian dago zaborraren auzia. Teknologia ikaragarri garatu arren, ez baitugu asmatu zaborra oraindik nola saihestu. Askoren ustez, sistema eredua da arazoaren jatorria: natur baliabideak ustiatu, kontsumitu eta bota egiten ditugu. Baina natura ez da mugagabea, eta agortzen ari gara. Sistema linealaren ondorioak zabortegiak eta errauste-plantak dira. Sistema horren ordez, sistema zirkularra proposatzen dute askok, Zero zabor, izenekoa. Ez al da hobe, ekoitzi, erabili, bildu eta birziklatzea?
Iñaki Petxarroman Berria egunkariko kazetariak aspaldi erakutsi zuen gai honen inguruko interesa eta kezka. Su haietatik ke hauek liburua argitaratu berri du, “eztabaida honetan, argia egiteko
”.

1706637808476 Su haietatik ke hauek

-Zergatik liburua eta zergatik orain?
  Hamar urte bete berri dira Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusia (PIGRUG) onartu zutenetik. Plan horrekin Gipuzkoan bi-hiru errauste-planta egitea erabaki zuten. Ordutik gaur arte gertatutakoak antolatzea eta ukitu berri bat ematea pentsatu nuen, gaur egun hainbat jenderi beharbada ahaztu zaiolako nondik iritsi garen gaur egun pil-pilean dagoen eztabaidara: Gipuzkoan inork ondoan nahi ez duen errauste-planta bat inposatu nahi izan dutelako batzuek, hain zuzen ere.

 

-Su haietatik ke hauek. Izenburu adierazgarria. Zeresana eman duena, eta hautsak harrotu dituena. Atez ate... irabazi arte? Erantzutea pentsatu duzu?
 Berria-n GBBko bozeramaileak idatzi zuen artikuluan gezurrak esatea, demagogia egitea eta ezker abertzalekoa izatea leporatu zidan. Funtsean, kazetari baten profesionaltasuna eta fidagarritasuna jarri nahi izan zituen kolokan, eta hori da komunikazio alorreko profesionalek dugun altxorrik inportanteena. Edonola ere, ni Berria-ko langilea izanda ez diot erantzungo nire egunkarian, ez delako plazarik egokiena horretarako. Baina herriren batean egin behar dudan hitzaldi horietakoren bat aprobetxatuko dut niri buruz esan direnei argudioekin erantzuteko.
Polemika piztu duten bi iritzi-artikuluak irakurtzeko:

-Artikulu horretan, joera ezkertiarrari jarraitzea leporatzen dizu egileak.
 Bai, lehen esan dudanari helduta, horrekin susmoak piztu nahi ditu nirekiko, aurreiritzi ideologikoak, nire iritziak interes politiko zehatz batzuek bideratzen dituztela adierazteko, herri honetan errauste plantaren aurka egon den joera politiko bakarra ezker abertzalea izan balitz bezala. Bere alderdiko alkate eta zinegotzi ugarik ere errefusatu dute errauste-planta, euren herrietan egitea proposatu zaienean.


-Zaborra denok sortzen dugu. Alderdi batekook zein bestekook. Baina kontua erabat politizatuta dago. Zer dago honen guztiaren atzean?

Gauza asko daude, baina gaur egun, bereziki, gauzak nahasteko eta eztabaida arlo tekniko batetik aldentzeko borondate politiko garbi bat dago, bereziki EAJren aldetik. Izan ere, arlo teknikotik begiratuta, argi dago, helburua hondakinak gaika biltzea bada, gehien birziklatzea lortzen duen sistema atez atekoa dela.


-Atez atekoarekin %80 birziklatuta ere, zer egin liteke gainerako %20arekin?

 Hasteko, horra iritsi arte, sortzen dugun hondakin hori ahalik eta gehien gutxitzea lortu behar da, gure kontsumoa murriztuz, birzikla ezin daitezkeen gaiak ekoizpen katetik baztertuz etab. Behin hondakina sortuta, birziklatzea da irtenbide iraunkorrena. Baina birzikla ezin daitekeen zati horrekin, onena da inertizatzea eta nonbait uztea. Batzuek diote horrek zabortegi berriak egitea esan nahi duela. Ados, baina edozein kasutan, orain artekoekin zerikusirik ez duten zabortegiak lirateke, ez luketelako kutsadurarik sortuko.


-Gutxi asko, birziklatzearen alde gaude denok. Atez atekoarekin bezainbeste birziklatzen den beste sistemarik ez badago, zergatik dago jendea aurka?

 Egia da atez atekoak herritarrak behartu egiten dituela birziklatzera, eta diziplina eta ardura plus bat eskatzen dizkiela sortzen dituzten hondakinen gainean. Baina herritarrek bi gauza kontuan hartu behar dituzte: batetik, hondakinak eurek ere sortzen dituztela, eta beraz, eurek ere egin behar dutela zerbait haiek egoki kudeatzeko; eta, bestetik, birziklatzea eta natura ez kutsatzea ezin direla izan borondatezkoak. Alegia, garbi hitz egin dezagun: birziklatzeak eta natura ez kutsatzeak derrigorrezkoa izan behar dute. Eta bestetik, ez dezagun ahaztu: alderdi eta hedabide batzuek gai honekin herritarrak xaxatzea erabaki dutela kontuan hartu behar da, eta hori eztabaida pozoitzen ari da.


1706637808510 Su haietatik ke hauek

-Zer etortzen zaizu burura honelako zerbait ikusten duzunean?
Hori bezalako irudiak egunero ikusten dira gure herri eta hirietan. Eta pentsatzen dudana da ez dagoela eskubiderik. Ezin dugula jarraitu gure eta ondorengoen natur baliabideak eta etorkizuna modu horretan kakazten.

 


-Hernanin bizi zara zu. Bergaran puri-purian dago arazoa. Zer esango zenieke atez atekoa deserosoa dela diotenei?

  Lanera joateko goizeko seietan esnatzea ere deserosoa dela, hotz egiten duenean taberna batetik ateratzea zigarro bat erretzera, edo kopa batzuk edanda zaudenean autoa ezin harturik ordubete taxi edo autobus baten zain egotea. Badaudela gauza deseroso asko, arduraz eta denon onerako egin behar izaten ditugunak. Eta hondakinez arduratzea haietako bat da. Hortik aurrrera esango nieke atez atekoak gauza asko oso erosoak ere badituela: adibidez, hondakinak etxe ondo-ondoan uzten direlako bildu behar dituzten langileen esku.


-Sistema merkeena ere atez atekoa omen da.

  Bai, hori ere hala da. Hainbat azterketa daude hori baieztatzen dutenak. Gainera, ez dezagun ahaztu, are gutxiago bizi dugun krisi garaian, Gipuzkoan lanpostu asko sortuko direla sistema horri esker. Bakarrik Usurbil-Hernani-Oiartzunen 30 langile baino gehiago ari dira lanean.


-Hauteskundeetan Donostiako EHBilduk izandako beherakada zaborren auzia kudeatzeko moduari leporatu diote askok.

  Hori neurtzea oso zaila da. Donostiaren kasuan, gainera, ez nuke esango hala dela, tamalez, hiriburu horretan hondakinen gaia ez dagoelako eztabaidaren lehen lerroan. Edonola ere, hiriburuan ere espabilatu beharko dute, ezingo dutelako betiko segi euren kutsadura hainbat herritan barreiatzen.


-Errauste-plantek minbizia sortzen dutela aitortu izan duzu, aditu askok hala diote eta. Inork ez du nahi halakorik alboan, baina hala ere, errauste-planten aldeko jarrera ere badago.

  Errauste-planten aldeko jarrera dute hainbat enpresak, alderdi politikok eta hedabidek. Baina herritarren artean, behintzat, argi geratu da hamar urte hauetan honako hau: etxe ondoan inork ez duela nahi. Beraz, zuretzat nahi ez duzun hori nola opa diezaiokezu beste bati? Jarrera hori ez da gizalegezkoa.


-Zer helburu duzu liburu honekin?

  Gaur egun pil-pilean dagoen eztabaidaren gainean argi pitin bat ematea.