Gustatu bainoago, liluratu egiten ninduen. Larrako lautada gorabeheratsu zabalaren azken muturrean ageri zen, harro-harro, inguruko errege. Argazkian elurtuta ageri zen Anie. Munduko mendirik ederrena iruditzen zitzaidan, eta etengabe galdetzen nion neure buruari, inoiz tontor hura zapaltzeko gai izango ote nintzen
12 bat urterekin izan zen. Gurasoak, ahizpa eta lagunak joan ginen. Abuztua zen, bero sargoria geneukan, eta liburuan hainbat aldiz ikusitako lautada zuri hura harri koloreko ageri zitzaidan parez pare.
Larra-Belaguako mendigunea Nafarroa ipar-ekialdean dago, Erronkari, Frantzia eta Huescarekin mugan. 2000 metrotik gorako garaieran, kareharrizko lautada izugarria. Urak jolastoki ederra du Larran: urteetan harria han-hemen zulatuz, arrakalaz eta simaz jositako eremua sortu du. Han dago hain zuzen ere munduko sima sakonenetako bat: San Martingo sima. Orain arte eginiko ikerketen arabera, 1.360 metro sakon da.
Autoa San Martingo harrian utzita, goizean goiz atera ginen oinez. Ordu asko izango zirela esan ziguten. Neure harrigarri, atera eta oso gutxira, piramide itxurako tontor bat agertu zitzaigun ezkerrean. Arlas zen. Guretzat, Anieren semea zen Arlas.
Kontu-kontari arin-arin joan ginen oinez. Arrakalak saltoka igarotzen genituen, arriskurik zegoen antzeman ere egin gabe. Luze jo zuen bideak, baina ilusioa geneukan akuilu, eta bai, argazkian elurtuta ageri zen tontor hura, harrizko bihurtuta ere, munduko mendirik ederrena iruditu zitzaidan berriro.
Gogoan daukat hauxe esan zidala amak: egunen batean, bikotekidearekin etorriko zara hona. Eta geroago, baita seme-alabekin ere.
Orduko hartatik, pare bat aldiz joan naiz lagunekin Aniera. Baina gizakiok beti nahi omen dugu gehiago, eta agian horregatik, txikitako liburu hartan ikusten nuen bezala igo nahi nuen nik. Elurtuta, alegia. Gogoan daukat behin, negu batean, argazki bat egin niola San Martingo Harritik. Malko bat bota nuen tontorrari begira, ezintasunez, eta agur esan nion.