Aske Gunea

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2013ko api. 26a, 10:40

Aske Gunea esan zioten, eta zinez uste izan nuen Euskal Herria askatzeko gune bat sortu zutela Donostian.

Espainiako Auzitegi Gorenak seina urteko kartzela-zigorra berretsi zuen Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizolarentzat. Segi-ko kide izateagatik “talde terroristako” kide zirela leporatu zieten. Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi absolbitu egin zituzten.
Apirilaren 7an manifestazioa izan zen Donostian. Ondoren, Bulebarra Aske Gune izendatu zuten ehunka gazte euskaldunek. Auzipetuei babesa emateko lekua izango zen, eta konpromiso irmoa hartu zuten, atxilotu bitarte han egoteko. Herri harresi baketsu bat, bidegabekeriari aurre egiteko.

1706637636175 Aske Gunea

Egunak joan eta egunak etorri, hamaika ekintza izan zen Aske Gunean. Ertzaintzak apirilaren 10ean eraman zuen atxilo Ekaitz Ibero. Apirilaren 18an saiatu ondotik, biharamunean, 19an, hustu zuten Aske Gunea. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien bertakoei, eta indarrez desegin zuten askoren ametsa.

  Muturreko egoeretan ere pertsonak pertsona izaten segitzen du beti, eta pertsona batek berezkoa omen du duintasuna. Hala erakutsi zidaten. Herri harresia desegiterakoan neskei ipurditik heltzen zieten Ertzainek, eta belarrira hitz lizunak esan. Duintasuna erraz gal liteke, aurpegia estalita edukita.
  Imanol Vicente Martutenen entregatu zen atzo. Nahikari Otaegi aste honetan sartuko dute kartzelan 7 hilabeteko alabarekin. Hainbat gazte atxilotu zituzten Donostian, beste ehunka umiliatu, eta tartean kazetari bat jipoitu.
  Aske Gunea ametsa zen. Euskal Herri berri bat eraikitzeko ametsa. Batzuek Bulebarra ez ezik, Euskal Herria ere Aske Gune nahi dugulako.
 
Lander Arbelaitz, Argia-ko kazetaria.
Zer gertatu zen?

1706637636247 Aske Gunea

Argia-n baimena eman zidaten Aske Guneko berri bertatik bertara emateko eta horrela hasi zen guztia. 10 egun egin nituen Bulebarrean. Lehen egunetan arratsaldez joan nintzen, zer gertatzen zen jakin eta kontatzera. Azken hiru egunetan baina, 24 ordu egin nituen Aske Gunean. Lo ere bai tartean. Argia-rentzat kazetari aritu nintzen baina nire denbora librean, Aske Guneko Komunikazio taldean laguntzen nuen. Aske Gunea hustu zutenean kazetari ari nintzen, kazetari-txartelarekin eskuan.
 Nire lana publikoa da, sare sozialetako berrietan eta hedabideetan argi ikus daiteke Ertzaintza iritsi zenean ni lanean ari nintzela. Herri harresia osatu zenean kanpotik grabatu nuen. Ertzainak kanpaldia husteko abisua megafoniaz ematen hasi zirenean ere kanpotik grabatu nuen. Desalojoa hasi zenean lehen lerroan nengoen ni dena grabatzen. Hainbat lekutan esan dute ni harresian nengoela. Baina ez da egia. Ni harresian egon izan banintz eserita egongo nintzen, baina ez zen hala, ni zutik nengoen, lanean ari nintzen. Txartela esku batean eta mugikorra, nire lan-tresna, bestean. Bat-batean zuzenean bi Ertzain nigana etorri ziren eta eskukada batez bota zidaten mugikorra. Hartzen saiatu nintzen, baina lurrera bota ninduten beste lauren artean. Askatzen saiatu nintzen. Ezin nuen sinetsi zer ari ziren egiten. Metro eta erdira mugikorra lurrean ikusi nuen, Ertzain bat oinaz zapaltzen ari zen. Nola-hala mugikorra eskuratu nuen eta nahi gabe 'rec' botoiari sakatu nion. Bideoan argi eta garbi entzuten da zer esaten zuten nitaz, 'que se muera' ere bai. Behingoz ulertu zutenean kazetaria nintzela, kioskora eraman ninduten, baina beti bultzaka eta indarrez.

Adierazpen askatasunaren kontrako erasoa izan zela esan duzu han eta hemen.
Bai erasoa, eta oso larria, oso premeditatua. Antza denez Ertzainek Argazki Presseko argazkilariekin hitzartu zuten kazetarientzako lekua. Nik ez neukan horren berririk. Ez nekien kioskoan egon behar genuenik, eta Ertzainek ere ez zuten ofizialki halakorik esan. Dena den, hori onartezina da, ezin gaituzte eremu itxi batean egotera behartu. Gainera kioskotik kanpo beste zenbait kazetari ere bazeuden, argazkiak egiten. Hamaika bideo eta argazki daude hori argi uzten dutenak.

Zergatik erabaki duzu gertatutakoa kontatzea?
Ni erabat deskolokatuta eta deseroso nengoen istilua gertatu zenean. Ez nuen gertatutakoaren protagonista izan nahi, baina Herrizaingo Sailaren bertsioa entzun nuen zenbait hedabidetan, eta ikaragarri amorratu ninduen. Gezurra esan zuten. Horregatik erabaki nuen hobe zela nik neuk nire bertsioa kontatzea. Kontua sona hartzen ari zela ikusita, egia azalaretzea merezi zuela pentsatu nuen, aurrerantzean Ertzaintzak neurriak har ditzan, ezin delako inor horrela tratatu.
Hala ere, berriak ez du oihartzun bera izan leku batean eta bestean.
Ez, ez. Alde horretatik dezepzionatuta nago erabat. Euskal herritar gisa, ezin sinistuzkoa da ehunka lagun kalean egotea 8 lagun babesten, eta euskal telebista publikoan, esaterako, hori albiste ez izatea. Telebista publiko bat ezin da horrela erabili.

Zure salaketak zertarako balioko du?
Salaketa gisa balio du. Ertzaintzaren jarrera eredugarria izan zela diotenak ez ziren han egon. Bideoetan argi ikusten da nirekin zer gertatu zen. Eta harresian modu baketsuan protestan ari ziren askori emandako tratua ere negargarria izan zen. Erasoaren ostean, ordubete egin nuen kioskoan. Gero kioskotik atera eta harresian sartu nintzen gertatzen ari zena bertatik grabatzeko. Ordurako tentsioa asko berotu zen eta nik neuk ikusi nuen Ertzainek hatza begian, sudurrean, belarrian sartzen zietela mutil askori. Geroago lagun askok esan zidaten neskei ere hitz lizunak esan zizkietela Ertzainek belarrira. Ikaragarria da hori. Askotan kazetaritza gutxietsita egon arren, nik sinesten dut gure lanbidean, eta salaketa honek argi egiteko balio duen esperantza daukat.