Mont Blanc

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2013ko uzt. 29a, 10:49

Ura, izerdia, beroa, hotza, logurea, egarria, gosea, eguzkia, haizea, lainoak, elurra, izotza, ilargia, haitza, soka, malkoak... Eta aitak bidairako prestatutako gereziak.

2012ko uztailaren 13an ikusi nuen lehenengoz Mendi Zuria parez pare. Lanera joan nintzen orduan, baina neure buruari zin egin nion itzuliko nintzela. Urtebete geroago bete degu hitza. Pirinioetatik Alpeetara jauzi egin dezu loramen, ez al zara jausiko! Poza eta beldurra eraman ditut etxetik.


 Ecrins mendigunean egin ditugu lehen urratsak, garaierara egokitzeko. Goizeko 03:00retan esnatu eta 04:00retan oinez hastea berria da niretzat, baina ongi moldatu naiz. Glacier Blanc aterpetxetik gora, ipurtargi-lerro xume bat gara menditzarron artean. Lepo batera iritsi garenean esnatu da eguna. Alpeetan gaude: zenbat kolore zeruan, zenbat tontor inguruan. Eta denak irentsi ditzaket begiekin. Glaziar bat igarota hasi da haitz-festa. Honek Balaitous dakarkit gogora. Baina pausoak kontuz eman eta gaina hartuta, han atzeko elur-itsasoa ez da Vignemale. Ez, hau askoz handiagoa da. Ecrins da, biharko jomuga.

1706637377080 Mont Blanc

1706637377174 Mont Blanc


Des Agneaux. Lehen tontorra Alpeetan. Eta orduan iritsi da mendi hauek niretzat gorderik zuten lehen sorpresa: gorakoan ilunetan eginiko bidea beherakoan deskubritzeko aukera. Mendi bat igo eta beste bat jaitsi dudala iruditzen zait.

Glacier Blanc aterpetxetik Ecrinsekora egin dugu. Bidea ez da zaila, baina bai ikusgarria. Zenbait ordu lehenago begi bistan geneukan elur-itsasoan igeri goaz. Glaziar Zuriak inguruko mendiek baino turista gehiago erakartzen dituela jakin dugu. Afal aurrean, glaziarrez hitz egin dugu: nola sortzen diren, eta nola garatzen. Parean Barre des Ecrins, desafiatzaile. Serac-ek ikaratu egiten naute. Garaiera ere nabaritzen det eta aterpetxeko eskailerak igotzerakoan barru-barruraino hartu behar izan det arnasa.

Berriz ere goizeko 04:00retan hasi gara oinez. Elur-itsasoan murgildu gara, baina aurrekoaren arrastoari segika, ohartu ere ez naiz egin bidearen luzeaz eta gogorraz. Hasi da malda. Atzo ikaratu ninduten serac-ek inguruan behar dute, baina gaua da, eta ez ikusteak ematen duen lasaitasun faltsu horrekin goraka jarraitu dugu. 06:00etan argitu du eguna. Breche Loiry. Eta bertan daukagu gaina. Barres de Ecrins ezkerrean utzi dugu. Hori ere iritsiko da loramen, baina gaur ez. Dome de Neige. Lehen laumilakoa. Eta negar malkoak isuri dira. Eta inguruan, Alpeak.

Beherakoan berriz ere mendi berri bat ezagutu det. Pirinioekin alderatu ditut orain arte emandako pausoak. Hasieratik sokari lotuta joatea ere berria da niretzat. Segurtasuna. Soka-lagun bihurtzea, lagunaren erritmoari jarraitzea, arrakaletan orekari eustea. Hau ez da oinez ibiltzea soilik, hemen ehunka gauza izan behar da kontuan. Zentzumen guztiak erne uneoro.

Glacier Blanc aterpetxean Pelboux handiari begira hartu degu atseden. Ametsa dirudi. Eta bi orduko jaitsieraren ostean Ailefroiden gara berriro. Lehen bi helburuak beteta. Poza ezin ezkutatuta nago, baina 4.809 metroko kezka bat daukat buruan.

Chamonixera iritsi eta lotsati egin diot argazki bat. Igotzeko gai ez banaiz, handiegia bada niretzat, zer zentzu dauka argazki batean gordetzeak? Gaillandseko lakuan, Mer de Glace handiari begira, bakea da nagusi. Baina nik biharko eguna daukat buruan.

1706637377260 Mont Blanc

1706637377339 Mont Blanc


Aosta bailarara igaro eta Vall Venytik atera gara. Goizeko 09:00etan. Asfaltoa, belarra, haitza, elurra eta burdinak. Denetarik, Gonellako aterpetxera iristeko. Ikaragarria da hemengo zarata: bizirik dauden glaziarrek izeka egiten digute, tarteka zenbait izotz-zati jaurtiz. Alpeetako aterpetxeek ere badute ezberdintasunik Pirinioetakoekin alderatuta. Hemengoak babeslekuak dira. Inguruko erraldoi zurietatik babesteko lekuak. Gonella puntu txiki bat da Mont Blanc handiaren maldetan. Arratsaldeko 18:00etan afaldu, 20:00tan ohera eta 00:00etan gosaldu. Mendi Zuriaren ordutegia.

01:00etan hasi gara oinez. Epel dago gaua. Berriz ere ipurtargi-lerroan goraka goaz pixkanaka. Arrakala handi batera iritsi gara. Aurrean doan mendizale bati huts egin dio hankak eta arrakalan sartu du gorputz erdia. Dardarka dauzkat hankak. Hemen Mendi Zuriak agintzen du loramen, eta aurrera jarraitu nahi badezu, errespetu handiz beharko du izan. Azkar omen goaz, hala dio nire gidariak. Goizeko 03:00retan zorabioa nabaritu det, logurea, eta arrausika hasi naiz. Ez degu luzaroan ezer jan, eta txakalaldia omen da. Jan eta edan ostean askoz hobeto. Kranpoiek zarata handia egiten dute orain gau isilean. Elurra utzi eta haitz-ertz batean gaude. Eskerrak bi aldeetara dauzkagun jauziak ikusten ez ditudan. Pauso bat gaizki emateak ametsa ezerezean utzi dezake hemen, eta orekari eustea lan handia da. 04:00. Eta Dome de Gouterrera iristen ari gara. 4000 metroan haizeak erabat hoztu du giroa eta eskularru sendoak jantzi behar izan ditut. 05:00etan iritsi gara Vallotera. Zer festa dago hemen? Jendetza. Jan ostean indarberrituta atera naiz. Argitu du eguna.

1706637377416 Mont Blanc

Azken ertza baino ez omen zaigu falta. Hasi gara, baina nahi baino motelago. Garaierak eta goizaldeko txakalaldiaren arrastoek zaildu egiten dute orekari eustea. Tarteka burua makurtu behar det eta pioletaren gainean atseden hartu, odola mugiarazteko. Azkar omen goaz hala ere, ondo. Ordu eta erdira, 07:00ak. Iritsi gara. Arnasa sakon hartu eta orain bai, orain egin negar loramen! Laino-itsasoa inguruan. Besarkadak. Ametsa, egi.

Beherako bidea Frantziatik egingo dugu, Gouterretik. Gorakoan ilunetan egindako bidea deskubritu gabe itzuliko naiz beraz. Horrenbestez, badaukat beste helburu bat Mendi Zurian. Gouterrera bidean Mont Maudit ikusi det, eta joan den urtean hona ekarri ninduen istripua ekarri dit gogora. Laumilakoen bidea arriskutsua omen da. Baina mendiak hori ere badu ezaugarri: arriskua. Han, ertz-lerro zurian, 3 lagun doaz.

Aterpetxetik behera harriz eta burdinez jositako bide malkartsua egin dugu. Bero sargoria eta nekea bat eginik. Nid d’Aigles-era iritsi eta trena hartu dugunean ohartu naiz atzoko ametsa egi bihurtu dela, eta lasaitasunean loak hartu nau. 12 ordu lapurtu dizkigu Europa Mendebaldeko sabaiak. Nik ere lapurtu diot zerbait berari: irribarrea. Ase naiz oraingoz. Baina jan eta zenbait ordura berriz ere gosea sortzen den bezala, niri ere gehiago eskatzen dit jada barruak. Noiz itzuliko gara? Datorren urtean zer? Hori da mendiak gugan daukan indarra: hemen egonik, hara nahi.

Etxera goaz. Mont Blanc hemen geratuko da, mendizaleen zain. Nik urtebete daukat aurretik, 9 egunotan bizitako guztia berriz sentitzeko, argazkiak ehunka aldiz ikusteko eta entrenatuz indarberrituta hona itzultzeko.

Gidariari bi hitz: eskerrik asko. Handitasun zurian txiki izan arren, zerbait garela sentiarazteagatik. Arriskua segurtasun bihurtzeagatik. Beldurrak gainditzen laguntzeagatik.

Bueltako bidaia luzea izan liteke, nekagarria. Baina Mont Blanc ez litzateke horren berezia izango, etxetik 1000 kilometrora ez balego. Itzulerako bidaia bera ere erronka honen zati bat da; egindakoaz hitz egiteko unea, hurrengo ilusioez mintzatzeko abagunea.

Oxigenoz beterik itzuli gara. Materiala txukundu eta kalera goaz. Sinestezina da: 4.809 metroan egon diren oinak, kaleak zapaltzen berriz. Baina bidaia honek badu beste sorpresa bat loramen: etxean Karakate zaharra daukagu zain. Eta han urrunean, Mendi Zuria beti egongo da guri begira.