Askorentzat egun berezia ere bada “Gabon Zaharretako feria”, beste askotan ez bezala, euskal kutsuak goitik behera bustitzen dituelako Elgoibarko txoko gehienak. Horrela atera ginen kalera. Baserritar jantziak han-hemen, taloa, txorizoa eta salda, sagardoa eta trikiti doinuak. Laino beltzek azkar ilundu zuten, ordea, zeru urdina. Madala inguruan AVTko hainbat kide Espainiako banderak hartuta zebiltzan atzera eta aurrera. Arrasaten, Durangon, Elorrion eta Eibarren ere egin zuten protesta, “ETAk eragindako biktimak gogoan”. Lagunek bidalitako argazkiei harri eta zur begira, bidegabekeria eta probokazioa iruditu zitzaidan.
Informazioa eta ideiak edozein hedabide baliatuz komunikatu eta zabaltzeko eskubidea da adierazpen askatasuna, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean aldarrikatua. Hala dakar Wikipediak. Hori horrela, inork ez lioke mugarik jarri beharko inori bere ideiak zabaltzeko; mezua edozein dela ere, eskuan hartzen den pankarta edo bandera edozein dela ere. Euskal Herrian baina, adierazpen askatasunaren langa ez dago leku berean denontzat, eta Elgoibar ere ez da salbuespena. Zenbat kontrol, begirazun eta liskar jasan behar izan ote dituzte askok herrian, presoen aldeko manifestazioak egiteagatik, esaterako.
Azaroan, pintxo pote erotikoa antolatu zuten hainbat tabernak herrian. Erdal-pintxo-pote erotikoa izan zen, eta ez bereziki emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen zuena gainera. Salaketa bakanen bat baino ez zitzaidan iritsi horren inguruan.
Urtea hasi berritan, berriz ere aho zabalik nago gure herriari begira. Nolakoak ziren antzina San Anton jaiak aitona? Harenak entzunda, majo aldatu da gero gure herria. Aurten, Kiko Riveraren kontzertua izango da Elgoibarren. Pozik egongo dira asko, gure herriaren izena han-hemen bolo-bolo dabilelako. Ni neu harri eta zur nago berriz ere. Interneten “Kiko Rivera” eta “Elgoibar” jarrita, Barren astekarikoa salbu, albiste gehienak gaztelaniaz baino ez ditut aurkitu.
Erosketak herriko dendetan egitearen aldekoa naiz, herriko ekintzak bultzatu eta horietan parte hartzearen aldekoa. Elgoibar itsusia dela diotenei irribarrez erantzuten diet eta urteetan kanpoan ikasi eta lan eginagatik gauero pozarren itzultzen naiz etxera, herrira. Asteburu askotan kanpora jotzen dugu mendira, baina arraroa da astebete egitea Karakatera igo gabe, eta mila aldiz igota ere, mendi garai asko baino ederragoa iruditzen zait igotzen dudan aldiro. Asteburu honetan, ordea, gorrotoa diot Elgoibarri. Gorrotoa berriz ere herria erdal giroan murgildu nahi dutenei, eta haserre egingo dut alde. Kontzertura joaten direnek tragoen dirua herriko tabernetan utziko dutela argudiatuko dute askok, kontzertuari esker herria bizituko dela ere bai. Geure burua merke, merkeegi saltzea dela iruditzen zait niri.
Adierazpen askatasunaren izenean isilik egon beharko dugu orain ere. Lotsaren lotsaz, lotsagarri dena salatu gabe. Euskaraz bizi duzunean, mendia bera ere oso ezberdina dela esan zidan orain gutxi euskal himalaista batek. Bizitza bera ere oso ezberdina baita euskaraz bizi duzunean. Ez nahasi, euskara ez da aspergarria, ezta euskal kultura ere. Gure esku dago gure baliabideak erakargarri eta gozagarri egitea, herria euskaraz bizitu dezagun. Nik ere dantzatu nahi nuen San Anton jaietan herrian, baina Urte Zahar eguneko azokan bezala, Gaztetxean, trikiti doinura.