Emelie Forsberg

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2014ko uzt. 2a, 10:51

Joan den urtean ikusi nuen lehenengoz neska honen irribarrea, Zegama-Aizkorrin. Orduan ohartu nintzen, mendia eta irribarrea direla bizitza bizitzeko modurik onenak.

 

1706636651025 Emelie Forsberg

E
z dago haren irribarrea ezagutzen ez duen mendiko korrikalaririk. Ezta haren mendiko argazkiei begira inbidia apur bat sentitu ez duenik ere. Eskiatzailea, eskalatzailea eta korrikalaria. Ia dena irabazita, bi urte eskasean goitik behera irauli du mendiko lasterketen mundua. Loreen dama esaten diote, irribarrearen emakumea ere bai. Hark, ordea, «mendien maitalea» dela dio. Emelie Forsberg dauka izena (Suedia, 1986), eta, ostiraletik, ultratrailen munduko txapelduna da.


Ultratrailen munduko txapelduna zara. Nola sentitzen zara?
Oso ongi sentitu nintzen lasterketa osoan, hasieratik helmugaraino, eta orain ere pozik eta harro nago, neure gorputza denbora luzez funtzionatzeko gai izan dela ikusi dudalako.

Asko entrenatzen zara Chamonixen (Frantzia), eta etxean irabaztearen parekoa izango zen zuretzat.
Bai, orain Chamonixko bailaran bizi naiz, eta izugarria izan da han irabaztea. Jende asko zegoen ni animatzen, baita suediarrak eta norvegiarrak ere, eta oso garaipen berezia izan da.

Nolakoa izan zen txapelketako ibilbidea?
Oso gogorra izan zen. 80 kilometroko proba zela uste genuen, baina GPS guztietan 90 kilometro eta 7.000 metroko gorabeherak izan zirela ikusi dugu. Ibilbidea oso teknikoa eta gogorra ere izan zen, baina, egia esan, niri halakoak gustatzen zaizkit.

Zer berezitasun dauka 4.000 metroko garaieran lehiatzeak?
Lehenengo, epelean hasten gara bailaran, baina tokirik garaienetan hotz handia pasa liteke, elurra ere egoten baita. Lasterketak gogorragoak izaten dira, oso tenperatura ezberdinetan aritzen garelako eta zailagoa delako energiaren orekari eustea.

Transvulcanian min hartu eta bertan behera utzi zenuen lasterketa. Zegama-Aizkorrin ere ez zenuen onena eman, lesioa zaintzeagatik. Nola entrenatu zara Chamonixko munduko txapelketarako?

Emilie Forsberg Zegama Aizkorri mendi maratoian.

Transvulcaniako lesioa dela-eta antibiotikoak hartu behar izan nituen, eta bi astean oso nekatuta egon nintzen. Gainera, ez nengoen eroso lasterketa teknikoak egiteko, eskuko zaurian min hartzeko beldurra neukan eta. Hori horrela, Zegaman oso kontuz ibili nintzen. Ez nuen ohi bezala korrika egin, jaitsieretan eta tarte teknikoetan bereziki, erori eta eskuan min hartuz gero asko kostako zitzaidalako berreskuratzea. Horregatik, hauxe izan da neure lehen lasterketa ona. Hasieran maratoirako entrenatu nintzen, baina 80 kilometrokoan ateratzea erabaki nuen azkenean, askoz ere lasterketa goi mendikoagoa zelako.

Zein izango da zure hurrengo lasterketa?
Ice Trail Tarentaise egingo dut elurretan [Savoia Garaia, Frantzia], eta, ondoren, Canazeiko kilometro bertikala [Dolomitak, Italiako Alpeak] eta maratoia.

Suedian jaio eta Norvegian hazi... Non bizi zara orain?
Leku askotan bizi naiz! [Barrez]. Negua Lyngenen igaro dut [Norvegia], mendi basatien erdian! Orain, berriz, Chamonix bailaran bizi naiz. Furgonetan ere asko mugitzen gara; modu ezin hobea da mendian aske sentitzeko.

Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Suedian hazi nintzen, eta han ez geneukan mendirik. Baso handiak eta muinoak geneuzkan, besterik ez, baina izugarri gustatzen zitzaidan haien inguruan jolastea. Ingurumenean, kanpoan egotea gustatzen zitzaidan gehien. Izan ere, zer egin zenezake etxe barruan?

Nondik datorkizu kirolzaletasuna?
Ni sekula ez naiz geldirik egon. 6 urterekin, baloi kiroletan hasi nintzen, baina, 15 bat urterekin, mendirako zaletasuna sortu zitzaidan. Mendia, eskalada, eskia eta, oro har, ingurumenean egiten diren kiroletarako zaletasuna. Baloi kirol guztiak utzi, eta denbora mendian igarotzen hasi nintzen. Ordutik mendiari lotuta bizi naiz!

Askotan esan izan duzu Zegama-Aizkorrik erabat aldatu zuela zure bizitza.
Bai, 2012an hasi nintzen mendiko lasterketetan lehiatzen, eta Zegama-Aizkorri izan zen nire lehen lasterketa handia. Izugarri gustatu zitzaidan proba, eta Zegaman konturatu nintzen oro har mendi lasterketak izugarri gustatzen zitzaizkidala. Halako gehiago egin nahi nituela ohartu nintzen… Eta hara non nagoen orain!

Zergatik mendian eta ez asfaltoan?
Gizakiok ez gaude asfaltoan korrika egiteko sortuak, eta mendia hain da ederra!

Noiz eta nola erabaki zenuen kirolari profesionala izatea?
Niretzat zaila da kirolari profesionala naizela onartzea, baina bai, hala da. Orain dela urtebete erabaki nuen bizimodu honi ekitea, afizioa ofizio bihurtzea, alegia.

2013an garaipen handiak lortu zenituen.
2013a oso oparoa izan zen. Denetarik egin nahi nuen, lasterketa labur nahiz luzeak, eta oso egutegi betea neukan. Gogoan dut aste batean 100 kilometroko lasterketa bat egin nuela eta hurrengoan labur-labur bat. Polita izan zen, eta erronka handia ere bai. Abiadura hartzea, atseden hartzea eta, oro har, korrika eginez gozatzea. Hori guztia egiteko gai izan nintzelako nago pozik, hau da, korrika eginez motibazioari eta zoriontasunari eusteko gai izan nintzelako. Errendimendurako ez da modurik onena lasterketa labur eta luzeak egitea, baina gehiago gustatzen zait horrela ibiltzea, modalitate bakarrean aritzea baino.

1706636651210 Emelie Forsberg

Nola da posible horren denbora gutxian munduko mendiko lasterkari onena izatea?

Ez dakit! [Barrez]. Izugarri gustatzen zait korrika egitea, besterik ez, eta denbora luzez aritzen naiz horretan. Denean ibiltzen nintzen lehen, eskalatzen, eskiatzen eta kayakean. Orain dela bost urte, berriz, korrika hasi nintzen, eta ordutik horretan eta mendiko eskian dihardut gehienbat.


Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Asko aldatzen da egunaren arabera, baina goiz jaiki, eta, gosari oparo baten ostean, entrenamendu luze bat egiten dut. Ondoren, bazkaldu, atseden hartu eta arratsaldean beste entrenamendu labur bat egiten dut.

Entrenatzailerik baduzu?
Ez gidaririk, ez entrenatzailerik. Beti egin dudan bezala entrenatzen naiz, hau da, motibazioaren, inspirazioaren eta gorputzak esaten didanaren arabera. Sentsazioek eta motibazioak esaten didatena besterik ez dut egiten. Luze, labur, azkar nahiz poliki, dena gustatzen zait, une bakoitzaren arabera. Gorputzari eta buruari entzuten saiatzen naiz, besterik ez.

Distantzia ertainetan aritzen zara gehienbat, baina lehengo urtean ultratraila egin zenuen, eta ordutik horretan ere aritzen zara.
AEBetan UROC egin nuen iaz, bai, 100 kilometroko proba. Bizitzan inoiz izan dudan esperientziarik gogorrena izan zen niretzat. Garaiera handian izan zen proba, eta uste dut indar asko kendu zidala. Dena den, lasterketa guztiek dute zerbait berezia, eta denak gustatzen zaizkit, luze nahiz laburrak; baina 100 kilometrokoek ikaratu egiten naute oraindik.

Zein ibilbidetan aritzen zara ondoen?
Gustuko ditut lasterketa tekniko eta aldapatsuak, baina lasterketa askotan gozatzen dut. Dena den, gauza askotan hobetu eta trebatu behar dut.

Mendiko eskian ere aritzen zara. Neguan mendian korrika egiteko modu bat ote da?
Bai! Mendiko eskiaren aurretik telemarkean aritu nintzen, eta iraupen eskian ere bai. Egia esan, oraindik ere izugarri gustatzen zait iraupen eskia; oso sentsazio ederra da bidezidor estuetan abiadura handian ibiltzea.

«Mendiko eskiak sufritzen erakusten dit. Kitzikagarria bezain gogorra da, korrika egitea baino gogorragoa». Zuk zeuk esana da…

Ultratrailen munduko txapelketako azken metroetan, Chamonixen.

Bai [barrez]. Niretzat, mendiko eskia oso modu ona da sufrimendua zer den sentitzeko, korrika sekula ez baitut sufritzeraino behartu gorputza. Denbora gutxi daramat mendiko lasterketak egiten, eta, ondorioz, nire entrenamenduak ez dira inoiz gogorrak izan. Horregatik, ez nago sufritzera ohituta. Mendiko eskian, ordea, gainerako neskekin lehian aritzeko aukera izan dut, eta horrek neure burua behartzera bultzatu nau. Horrez gain, mendiko eskiak badu beste abantaila bat ere: gorakoan dena eman dezakezu, eta gero beherakoan atseden hartu. Zangoek askotan nekearen poderioz oihu egiten badute ere! [Barrez].

Igotzea eta jaistea izugarri ezberdinak dira mendiko eskian. Zer duzu nahiago?
Galdera zaila da hori, denak dauka-eta zerbait erakargarria. Igoerak asko gustatzen zaizkit, oso ariketa zehatza delako. Jaitsierak ere izugarri gustatzen zaizkit, ordea, aske sentitzeko modu zoragarria delako. Horregatik, igoera bertikalak baino nahiago ditut biak uztartzen dituzten probak.

Nola ikusten dituzu gizonak eta emakumeak mendiko lasterketetan?
Zorionez gero eta parekatuago daudela uste dut. Gizonezkoak lehiakorragoak dira agian, baina goi mailan ia maila berean daude, nire ustez.

Noraino iritsi nahi zenuke zure kirol ibilbidean?
Etorkizuna argiz beterik ikusten dut, eta beti-beti mendietan. Amaierarik, ordea, ez dut ikusten… Urte askoan jarraitu nahi nuke honela!
 
LABURREAN
Nor da Emelie Forsberg?
Mendia maite duen neska bat naiz, ez besterik. Mendian eskiatzea, korrika egitea, eskalatzea eta mendian borrokatzea maite duena. Sukaldean aritzea, irakurtzea eta etxean gauzak egitea ere izugarri gustatzen zait.
Eta buruko lorea? Natura izugarri gustatzen zait, eta horregatik eramaten dut lorea buruan, baita lasterketa gogorrenetan ere. Edonon aurki liteke edertasuna.
'Irribarrearen emakumea' ere esaten dizute. Momentuak baloratzen saiatzen naiz, eta zorteduna naizela ikusten.
Zer esango zenioke mendiko lasterketan edo eskian hasi nahi duen norbaiti? Egin dezala, besterik gabe.
Ezer uztera behartu zaitu kirolak? Nik ez dut hori hala ikusten. Bizitzan gauza asko egin daitezke, baina norberak aukeratzen du zer egin. Beti daukazu astia zuretzat lehentasunezkoak diren gauzak egiteko.
Kirolaria izango ez bazina? Okina edo nekazaria.
Zer da mendia zuretzat? Ez nuke haiek gabe bizi nahi.
Lasterketa onena? Lasterketa asko gustatzen zaizkit: Kima, Cavalls, Dolomites Skyrace, Suitzako Mendi Maratoia, Besseggen, Norvegiakoa…
Gogorrena? Norberak jartzen dio gogortasuna lasterketa bati, baina, bat aipatzekotan, Diagonal des Fous (100 kilometro).
Beste zaletasunik? Opilak eta jateko ona kozinatzea gustatzen zait, lagunekin egotea, irakurtzea, idaztea eta mendian egotea.
Ametsik? Neure ametsak betetzea.
Miresten duzun norbait? Erosotasunetik irteteko gauzak egiten ausartzen den edonor.
Lekurik onena? Mendia eta sutondoa.