Ainara Ladron, Elgoibarko gaztia
Atzo hasi zen 28 auzipetuen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, Madrilen, eta han igaro zuen eguna Ainarak, Segi-ko kidea izatea leporatuta.
Desobedientzia eraginkorra da?
Atzo hasi zen 28 auzipetuen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta desobedientziaren bidea hartu duzue: epaileari planto eginez Madrilen; herri harresia eta Aske gunea sortuz Loiolan.
Bai, 28 gazte gaude auzipetuta eta 28ok egingo dugu desobedientzia. 28 era ezberdinetan, baina funtsean, guztiok berdin. Auzitegi Nazionalari argi esan nahi diogu ez daukala inolako zilegitasunik euskal gazteria eta militantzia politikoa epaitzeko.
Epaiketa hasi berri da. Nola zaude?
Nahiko urduri nago. Gure etorkizuna erabakita daukate jada, baina lau hilabete luzez Madrilen egotera behartuko gaituzte. Min psikologiko eta kalte ekonomiko izugarria dakartza horrek. Gure bizitza eten egiten da, erabat: ikasketak, lana, familia, lagunak...
Zeintzuk dira une honetan martxan dauzkazuen dinamikak?
28ak ere libre argazki kanpaina jarri genuen martxan udan, 28ok eta atzetik datozen guztiak libre nahi ditugula adierazteko. Bestalde, irailaren 14an Herritarren Adierazpena ezagutarazi genuen Gernikan. Orain Herritarren Adierazpenarekin atxikimendu dinamika bat hasi dugu herriz herri, eta epaiketa bukatu arte eutsiko diogu. http://libre.epaiketarikez.org/ web orrialdean eman daiteke babesa.
Nola ikusten duzu Euskal Herriaren etorkizuna?
Euskal Herriaren etorkizuna argi izpiz josita ikusten dut. Gatazka konpontzearen aldeko nahia indarra hartuz doa gizartean, gero eta dinamika gehiago ari dira zabaltzen, askotarikoak eta zabalak. Jendea borrokatzen eta antolatzen ari da, prekaritatearen aurka, etxebizitza duinaren alde eta desjabetzeen kontra, baita euskal preso eta iheslari politikoen alde ere. Jendeak konponbidea nahi du, erabakitze eskubidea gauzatzea nahi du eta aldaketa horretan parte hartu nahi du gainera. Horrek guztiak, nahi eta nahiez, gobernuak mugiaraziko ditu.
Eta zure etorkizuna?
Nirea beltza. Egungo egoera politiko berrian libre egon beharko genuke eta epaiketa guztiak bertan behera geratu beharko lirateke, aurreko estrategian oinarritutako erasoak direlako. Are gehiago, aurreko ikasturteko 40 gazte absolbitu egin zituztela ikusita. Baina espainiar eta frantziar estatuek ez daukate bakerako borondaterik, eta buruak espetxera narama berriro. Denborak esango du.