1959an hasi ziren eraikitzen langile-auzoa. Bizilagunen elkartea, zinema, taberna, aldagelak, pilotalekua. Auzo huts batetik harago, Errekaleor-eko bizilagunek komunitate oso bat eraiki zuten. 80-90eko hamarkadetan, baina, bizilagun askok Gasteizko beste auzo batzuetara jo zuten eta pixkanaka Errekaleor ahulduz joan zen. Abagunea aprobetxatu eta Udalak auzoa deuseztatu eta etxebizitza berriak egiteko proiektua aurkeztu zuen. Esan eta egin. Bizilagunak lekuz aldatzera behartu eta lurrak bereganatzen hasi zen pixkanaka Udala, Ensanche 21 enpresaren bitartez. Krisiak, baina, erabat geldiarazi zuen udalaren proiekua eta auzoa erdi hilik geratu zen, 10 bat bizilagunekin, lapurretez josita, ez atzera ez aurrera.
2013ko irailaren 23an Errekaleor-eko eraikinetako bat okupatu zuten hainbat ikaslek: "etxebizitzak eskuratzeko arazoari irtenbidea emateko eta auzoa biziberritzeko". Pixkanaka, gero eta gazte gehiago joan dira Errekaleorrera bizitzera, Errekaleor biziberritzera.
Ni neu iazko urrian egon nintzen auzoan. Zinema, liburutegia, pilotalekua, jantokia, baratzea... 50eko hamarkadan sortu eta XXI. hamarkadan birsortutako auzo lasai bat erakutsi zidaten hango gazteek, eta edozertarako ateak zabalik zeuzkatela esan zidaten.
Atzo, martxoak 31, argindarra moztera joan zitzaizkien Gasteizko udaltzainak, Ertzainek babestuta. Berriz ere boterearen makila gazteen gainean. Berriz ere gogoratu nuen Kukutza. Argirik gabe baina Errekaleor-ek bizirik segitzen du gaur.
-Ander Garmendia, Errekaleor-eko bizilaguna
Zer gertatu da?
Argindarra kentzera etorri dira langile batzuk, udaltzainek babestuta. Tentsio uneak egon dira, eta udaltzainek kargatu egin dute, porra reglamentario eta estentsibleekin, eta gutako 4 zauritu dituzte. Gerora haien lanarekin jarraitu dute, eta eserialdi bat egitea erabaki da. Beste etxeekin bukatu ostean (jabeak bizi direnen bi etxeetan ere argindarra moztu dute) eserialdia etetera etorri dira, eta erresistentzia pasiboa egin da. Arrastaka eraman gaituzte. "Aginteari men ez egitea" eta "agintearen aurkako erasoa" egotzi dizkigute, lehena denei eta beste batzuoi biak. Honen bideoak ere baditugu gure alde. Denera 100 gaztetik gora hurbildu dira auzora babesa ematera. Tentsioak jarraitu du, eta bukatu dutenean, joan dira (6 beltz furgoi, ertzain-kotxe ugari eta udaltzain beste hainbeste egon dira, auzoa beteta).
Salatu nahi dugu hau dena udaletxearen jabetza bada ere, udaletxetik, hau da, Ensanche 21ren kontseilutik pasa gabe, egin dutela, Iberdrolak emanda agindua zuzenean. Gure irakurketa da Udaltzaingoen eta Salubridadekoen txostena gaizki atera zaienez (lehena ez baitzen serioa ezta fidagarria, eta bigarrena ez zen gure kontra agertzen) eta guk aurkeztutako arkitekto baten txosten ofizialak auzoaren egoera ona ziurtatzen zuenez, prozedura hauek salto egin eta beste bide batetik jo dutela. Ikusiko dugu legala izan ote den.
-Zergatik aterarazi nahi zaituztete bertatik?
Haien jabetza delako, eta bertan ilegalki gaudelako, eta orain osasungarritasun faltagatik ere bai. Horiek dira haien argudioak. Gure irakurketa da auzoan martxan jarri dugun autogestio proiektuak haien logika soziala gainditzen duela, haiek defendatzen duten sistemaren oinarriak kolokan jartzen dituela. Gure proiektua zabaltzen eta indarra hartzen hasi da, eta moztu egin nahi dute, ihes egingo dien beldur. Gainera auzo honetan desastre espekulatibo handia egin dute, eta urte asko daramatzate hau bota nahian. Nola onartuko dute gazte batzuek auzoa modu egokian eta autogestioaren bidez kudeatzea? kontraesan gehiegi sortzen dizkie gaiak.
-Nolakoa da Gasteizko udalarekiko harremana?
Orain arte PSE, PNV eta BILDU taldeekin bildu gara. PPk ez du gurekin bildu nahi izan eta gure kontra jokatu izan du beti. Orain, azkeneko bilkuratik, PNV eta PSE gure kontra jarri dira (espero bagenuen ere) eta PNVko taldeak, adibidez, uko egin dio gurekin biltzeari eskatu diogun azken aldian. BILDU taldearekin harreman ona dugu, hasieratik gaude harremanean eta defendatu gaituzte. Gaur ere auzoan egon dira babesa ematen.
-Eta nolako harrera izan duzue Gasteizen?
Hasieran ziurgabetasuna egon bazen ere, harrera gero eta hobea da. Uste dugu Gasteizeko biztanleria konturatzen ari dela asmo onekin etorri garela auzora, eta gauzak ondo egiten ari garela, ez udalak gure aurretik egin zuen bezala.
-Zer da Errekaleor? norentzat da? zergatik da?
60ko hamarkadako auzo bat. Egun 100 pertsona baino gehiago bizi gara han, okupazioaren bidez, eta 60 bat gaztek kudeatzen dugu, autogestioaren lerroan asanblada bidez. Mila proiektu eta eskaintza ditu egun, hala nola zinema asteartero, hitzaldiak, tailerrak, baratze ekologikoa, musika taldea... eta oraintxe musika entseguetarako lokal bat jarri nahi dugu martxan Gasteizko taldeentzat, haurtzaindegi bat ere bai guraso talde baten eskutik, etab.
-Auzo hila zena bizi-bizirik dago orain. Zer eskaintzen du Errekaleor-ek?
Beste bizimodu bat, eta proiektu zoragarri batean parte hartzeko aukera. Alokairutik ihes egiteaz gain, ikasteko aukera paregabea, unibertsitatea baino hobea: elkar-zaintzaz, bizipozez, elkar-hizketez, maitasunaz, ilusioz, kritikotasunez, eztabaidatuz, proiektu paregabe batean parte hartzeko aukera, sistema kapitalista heteropatriarkalaren oinarri ugari kolokan jarriz eta honi aurre eginez, logika sozial ezberdin bat oposatuz.
Errekaleorrek bizimodu eder bat eskaintzen du, beste era batera harremanduz, gazteen artean biziz, pentsamendu kritikoa elikatuz... Errekaleorren momentu izugarri onak bizi izan ditugu, afariak, musika-gaubelak, eta beste mila gauza. Hori dena, eta hori besterik ez.
-Hedabideetan nolako harrera izaten ari da auzia?
Egia esan ona, beti bezala aldekoak eta kontrakoak ditugu, baina oro har asko zabaltzen ari da auzoaren problematika, hedabideetara asko heltzen ari da, eta hau oso garrantzitsua da, zentzu guztietan. Jendeari gure proiektuaren berri emanez aukera ezberdinak ezagutarazteko, baita auzoa hustera etorriko balira, babesa eta indarrak batzeko ere, dena beharko dugulako.
-Gazte mugimenduen, autogestioaren, alternatiben... kontrako eraso bat baino gehiago bizitzen ari gara EHn: Kukutza, Errekaleor...
Eta duela gutxi Maison13 ere bai. Txantreako pisu okupatu bat ere husteko arrisku larrian dago, eta han daude borrokan; baita Hernaniko emakume bloke bat ere. Argi dago proiektu hauek kolokan jartzen dutena oso arriskutsua dela egungo sistemarentzat, eta eraso egiten diela. Ordea, proiektuak sortzen jarraitzen dute, nonahi. Hala ere, hausnarketa eta eztabaida prozesu bat eman beharko genuke proiektuon artean, egoera hauen aurrean, autodefentsa estrategia serioak eta baliagarriak planteatzeko, daukaten potentzial handiena eman aurretik husten dituztelako proiektuok. Ikusi beharko genuke zer izango den adibidezz Errekaleor 4 urte barru.
-Hemendik aurrera zer?
Lanean jarraitzera, berdin-berdin. Argiarekin ikusiko dugu zer egin, aholku teknikoa behar dugu. Guk martxan ditugun proiektu denekin jarraituko dugu, eta bidean daudenekin ere bai. Honek indartu egiten gaitu, daukagun indarraren erakusgarri ere badelako. Borrokaren intentsitatea igotzen denean, elkarzaintzarena ere igotzen badugu, erraz gaindituko dugu ataka hau, eta datozenak ere bai. Auzo hau biziberritzen jarraituko dugu, eta proiektua garatzen. Haiek etekin truke egiten dutena guk nahimen eta gogoz egiten dugu, hor dago koxka.