Ni euskal mendietakoa nintzen, eta tarteka, udan, Pirinioetara joaten ausartzen nintzen, baina harrokeriarik gabe. Ozta-ozta nekien Alpeek hiru herrialde ukitzen dituztela. Banekien Frantziako eta Italiako mugan Mont Blanc zegoela, eta Europa mendebaldeko mendi garaiena zela. Banekien, halaber, Suitzako Alpeetan arras mendi estetiko bat zela, harrizko menditzar bat, gure Txindokiren tankerakoa, baina hamarnaka aldiz garaiagoa. Matterhorn.
2012ko udan ez neukan oporrik, baina uda zen, eta asteburuetan Pirinioetara joan nintekeen. Uztailak eginak zeuzkan 15 bat egun. Etxetik lanera ateratzeko nintzela, dei bat jaso nuen. Elur-jausi handia izan zela Mendi Zurian, eta Alpeetara joateko aukera neukala, albistearen berri ematera. Zenbait orduren buruan Chamonixen nintzen. Mendi Zuriaren historiako pasarte beltzenari esker izan nuen aukera mendigune hau lehenengoz ikusteko.
Etorri zen bezala joan zen elurra, eta harekin batera negua. Uztaila zen berriz ere, eta lagun bihotzeko batek opari bat egin zidan: astebete Mendi Zuriaren inguruan. Gauerdian jaiki eta argitu gabe elurretan ibili nintzen; arrakala handietan jauzi egin nuen; soka, pioleta eta kranpoiak erabili nituen; serac-ak zer diren ikasi nuen; eta Mendi Zuriaren azken metroetan, garaieraren zama zer den sentitu nuen.
2014ko udak ez zidan oporrik ekarri. Baina uda zen, eta asteburuetan Pirinioetara joan nintekeen. Abuztu amaieran, ordea, berriz ere egokitu zitzaidan Mendi Zuria ikusteko aukera. Lagun bihotzeko batek bira emango zion, korrika. Eta halaxe joan nintzen hirugarrenez, Frantzia, Italia eta Suitzako mugetara.
Hura berria zen niretzat. Atzean utzitako bi uda haietan apenas ikusi nuen korrikalaririk Mendi Zuriaren inguruetan. Milaka batzuk zeuden orduan. Nahasita nengoen, pozik, baina harrituta, galduta. Mendia isiltasuna zela erakutsia zidaten txikitatik etxean. Istripu eta larrialdietan izan ezik, ia-ia debekatuta geneukan mendian oihu egitea. Orduan, ordea, Mendi Zuriaren oinetan entzuten zen burrundada gorenean ere entzungo zen, eta ez zitzaidan gustatu. Baina baneukan poz bat; laguna pozik zen hamarnaka ordu egingo zituelako korrika mendian, eta haren pozak izugarri betetzen ninduen.
Urtebete lehenago Mendi Zurira igo nintzenean bezala, hiru egun haietan oso gutxi egin nuen lo, gau eta egun lasterketari segika. Oraingoan, ordea, autoz ibili nintzen hara eta hona, lagunari segika. Tarteka korrika egin nezakeen, hari laguntzeko, eta nik neuk ere mendia gertuago sentitzen nuen une haietan. Baina Mendi Zuria oso urrun zegoen. Apenas ukitu nuen elurrik; ez nuen piolet eta sokarik ikusi; ezta arrakala eta serac-ik ere. Laguna pozik zegoen, ordea, helmugara iritsi zenean zain nengoelako. Eta ondorioz, ni ere bai.
2015eko abuztuak 26 egun ditu gaur. Suitzako Alpeetan nago. Trient du izena herrixka honek. Erreka ertz batean nago eserita, Auguille du Tour handiaren oinetan. Bost opor egun igaro dira jada. Oraingoan ez naiz neure onenean etorri Alpeetara. Eztarriko infekzio batek jota nauka eta ahul samar joan dira lehen egunak. Ederra da Suitza, eta garestia ere bai. Baina merezi du. Aurtengo udan baneukan ilusio bat: Alpeetako Txindoki bertatik bertara ikustea. Eta ametsa bete da.
Iazko lagunarekin etorri naiz, errepideko bizikleta eta mendiko zapatilak hartuta. Ez sokarik, ez kranpoirik, ez pioletik. 3000tik gora metroko mendi batera igo nintzen larunbatean, erlojuaren aurka, beste 200 bat korrikalarirekin. Rothorn. Dena emanda joan nintzen, eta asko sufritu nuen gorakoan, baina gailurretik mendi zuritu asko ikusi nituen, eta opari hark izugarri bete ninduen. 2012ko udan Mendi Zuria lehenengoz ikusi nuenean bezainbeste; 2013an Mendi Zurira igo nintzenean bezainbeste; eta Mendi Zuriari bira eman ostean 2014an laguna helmugan sartzen ikusi nuenean bezainbeste.
Lagun batek esan dit, Alpeak oso direla ederrak, baina oso urrun daudela, eta ez zela honaino etorriko, mendietara igotzeko izango ez balitz. Beste lagun batek esan dit, Alpeak oso direla ederrak, baina oso urrun daudela, eta zela honaino etorriko, mendian korrika egiteko izango ez balitz. Eta hemen nago ni. Trient herrixkako erreka ertzean eserita. Auguille du Tour handiari begira, idazten.
Bihar ni neu ere saiatuko naiz Mendi Zuriaren inguruan korrika egiten, eta nahasita nago. Behinola arrotz iruditu zitzaidan burrunbada hartan murgilduko naiz ni ere. Mendi Zuria urrun baino urrunago nabarituko dut, eta nekatuta nagoenean, gorrotatu egingo dut orain bi urte urte maitemindu ninduen menditzar hura.
Abuztuak 27 ditu gaur. Nekatuta nago oso. Gogorrak izan dira 53 kilometroak, baina ederrak. Gogorrak aldapak, goraka nahiz beheraka, baina ederra ikuspegia, eta ederra zeure buruarekin bakarrizketan borrokatu eta mendiaz gozatzea. Nekatuta nago oso, baina pozik.
Ni ez naiz alpinista, ezta mendiko korrikalaria ere. Mendizalea naizen ere ez dakit. Baina hemen nago berriz ere, mendi hauei begira. Amak dio hamaika modu daudela gauza berarekin gozatzeko, eta denak direla baleko eta zilegi, asetzen bagaituzte. Horretan ari naiz, beharbada.
Abuztuak 29 ditu gaur. Etxera itzultzeko tenorea. Ni ez naiz alpinista, ezta mendiko korrikalaria ere. Baina Mont Blanc agurtzean negar egin dut enegarrenez, eta ohartu naiz, agian, mendizalea naizela. Datorren urtean ere, Cham-en ikusiko dugu elkar!
Ainhoa Lendinez Garate