Taberna batean sartu eta zure lurrinak, usainak edo aurak gizonezkoen hormonak asaldatzen dituelako. Eta horregatik ar bila zabiltza. Bai, zuk jakin ez arren, ar bila zabiltza. Eta horregatik jasan behar duzu haien begirada lizuna. Irribarre egin behar duzu lizunkeriak esaten dizkizutenean, edo zuk nahi ez baduzu ere ukitzen zaituztenean. Emakumea zara. Onartu behar duzu lantokian gizonezkoek baino soldata apalagoa izatea; haiek bezala,
haiek baino gehiago edo hobeto lan egin arren. Emea zarelako. Onartu behar duzu ondorengoak izateko jaio zarela, zuk nahi ez baduzu ere. Eta ulertu, gizonezkoei plazer emateko daukazula gorputza, gogoz kontra bada ere. Eta parrandan atera eta bost arrek zu sexua izatera behartzea. Ezin diozu uko egin. Ezin duzu negarrik egin. Eta jotzen bazaituzte ere, ez salatu. Emakumea zarelako. Ulertu behar duzu zure sexu harremanek ez dutela ezer balio, ez direla intimitate, eta bestek lagun artean zabal ditzaketela. Eta ezezagunen artean ere bai. Barre egingo dizute. Eta epaile batek esan arren bortxaz legea hautsi dutela, berriro kalean ikusiko dituzu biharamunean, hurrengo parrandan. Inoiz baino arrago. Noski, zuk berriz ere inoiz parrandan ateratzeko adorerik izatea lortzen baduzu. Gizaki orok berez aitortua eta babestua beharko lukeen duintasuna sekula berreskuratzen baduzu. Zapaldu, umiliatu eta deuseztatu dizuten bizitza inoiz berreraikitzen baduzu. Puta bat zara emakumea zarelako. Eta onartu behar duzu zurea hedabideek gertakaritzat jotzea. Gertakari morbosotzat hartzea. Izan ere, zuri ez dizute ezer egin, zuri gertatu egin zaizu. Eta gertatu horrek audientzia erakartzen du. Amua zara, ez besterik. Eta onartu behar duzu albistea gaur sortu eta bihar denek ahaztea. Denek, zuk izan ezik.
Egunkarietako izenburu matxistak. Futbolari batekin izan duzu sexua, ospetsu batekin, eta ulertu behar duzu haien bizitzak zureak baino askoz gehiago balio duela. Haien bizitzak balio duela, eta zureak ez. Zu ez zara inportantea, emakumea zarelako. Eta futbolariek zaleei barkamena eskatzea, huts egin dieten haurrei, babesleei, baina ez zuri. Kalte egin diotelako gizarteari. Zuri ez. Baina berdina izango zen ezezagun batekin sexua eduki, eta han-hemen zabaldu izan balitz. Berdina izango zen, zuk harremana baimendu edo galarazita ere. Isilik egon beharko zenuke orduan ere. Zikin sentitzen zara, biluzik, jipoituta, nekatuta, umiliatuta. Baina ez kexatu, emakumea zara. Bortxa zaitzaten zaude, eta zara. Bai zu, emakumea. Eta biharamunean ez joan negar-anpulutan amarengana, familiaren izen ona lotsaraztera. Hori guztia zara, emakume sortu zinelako. Onartu.
Onartu, ulertu, jasan, eraman. Isildu, ezkutatu, gorde. Zure hiztegia, menperatutako aditzez josia. Hori zara. Hori izan zaitezen nahi dute. Ez duelako merezi galdetzea zuk zeuk zer izan nahi duzun. Baina begiratu ingurura. Bakardade horretan ez zaude hain bakarrik. Munduko biztanleriaren erdia zara, eta gara, putak. Sinestea besterik ez zaigu falta, ahots goraz esatea eta boteretzea. Ahalduntzea. Aukeratzea. Plazara irtetea eta lotsak kentzea. Emetzea. Harrotzea. Nahi dugulako izatea. Emakumeak pertsona garela dioen ideia erradikalari merezi duen lekua ematea.