Andoni Areizagarekin oroitu nintzen; nola maite zuen elurra, nola mendiak, nola sortu zuen mundu bat Altitoyrekin, eta nola joan zen orain urte batzuk errepide istripuan. Mendian baino handiagoa baita arriskua errepidean...
Pentsamendu horietan murgilduta nintzela, izotz bihurtu zitzaidan elur zuria. Nola ulertu nik gozatutako mendi zurituetan betiko geratu zirela Joseba eta Iker. Izoztu dira asteon Eibar, Oñati eta Elgoibar: ehunka senide eta lagun, min ematen duen isiltasunean bat eginik; besarkada amaigabeak; hozkirria; begi agortuak, gorrituak, isurtzeko malkorik ere ez daukatenak; urrunean galtzen diren begiradak. Horrela joan dira asteko egunak. Eta martxoak hiru ditu gaur, 36 urte beteko zituen gure Leirek biziko balitz. Joan zitzaigun hura ere, eta hala ere bizi da, maite zuten lagun eta senideetan bizi da. Berdin biziko dira hemendik aurrera Joseba eta Iker. Besarkada amaigabe bat lagun eta senideei, Olatzi eta Elsari. Pentsa dezagun bi izar gehiago dauzkagula eguneroko bidea argitzen.