Uxue Alberdiren eta Mari Luz Estebanen solasaldian, hainbat ideia jaso nituen papertxo batean: zenbat aldiz sentitu ote gara emakumeok baztertuta, eta are, emakume euskaldunok. Niri neroni zenbat aldiz gertatu zaidan pentsatu dut.
Gertatu zait Elgoibarko anbulatorioan: harrerakoari hitzordua euskaraz eskatu eta hark gaztelaniaz erantzutea, harrerako mahai gainean “nahi baduzu, euskaraz” kartela begi bistan neukala. Gertatu zait gasolindegian: hatzez marraztu behar izatea 3 eta 0, “hogeita hamar” esan eta zenbat gasolio nahi dudan ulertu ez didatelako. Gertatu zait euskarazko izena daukan janari-denda handienean: kontua zenbatekoa den galdetu eta arduradunak etorri behar izatea kutxakoari itzultzaile lana egitera. Gertatu zait euskarazko izena daraman telefonokonpainia handiarekin ere: elkar ezin ulertzea, Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta sare sozialetan hamaika salaketa jarrita ere, behin eta berriz gaztelaniaz egin didatelako. Gertatu zait etxean hiru egunez ur berorik gabe egon behar izatea, eskatzeagatik hornitzaileari euskaraz dakien teknikari bat bidaltzeko. Eta gertatzen zait egunero euskarazkoa behar lukeen Euskal Herriko hedabiderik handienean: gaztelaniara aldatu behar izatea, garajeko hesia zabaltzen ez denean segurtasuneko langileek ulertzen ez nautelako, ilea atontzera joan eta bertakoek nola nahi dudan ulertzen ez dutelako.
Gertatzen ari da, eta gertatzen da. Emakumea izatea gutxi ez eta, euskalduna izatea. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek kontatuko dute hurrengo asteazkenean Angela Davisena, emakume beltz euskaldunarena.