BEC

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2017ko abe. 22a, 12:07

Mendia askatasuna da niretzat... baina euskara da gure territorio libre bakarra. Sarrik idatzi zuen, eta igandean BECen gogoratu nuen.

Martxoan Uxuerekin izan zuen solasaldi ederrean, Maialenek berak aipatu zuen Elgoibarren: Bertsolaritza izango da Euskal Herrian euskara hutsean egiten den jardun gutxienetako bat. Euskara hutsean egiten den bakarra, eta euskararen zazpi lurraldeetan egiten den bakarra. BECekoa gaztelaniaz kontatu behar izan nuen igandean, lanean, eta sentitu nuen, gaztelaniak ez daukala hitzik bertsolaritza azaltzeko. Baina ederra izan zen: ikustea oholtza gainetik botatakoa nola bizi eta interpratatu zuten 16.600 lagunek. Bertsoak zer sortu eta zer eragin zuen haiengan. Irakurri nion bati, bertsolaritza ulertzeagatik bakarrik merezi duela euskara jakitea.

Euskara bizirik dagoela erakutsi zuen BECek igandean, eta euskarak komunikatu egiten duela: sentimenduak adierazi, eztabaidatu, haserrarazi, barre eta negar eragin. Zenbat ikasgai igandeko finalean: 8 finalista eta emakume bakarra, baina feminismoa eta berdintasuna oholtza gainean; futbol zelaietako lehiarik ez, lagun arteko errespetua eta elkarrekiko miresmena. Bertso adituek ere maisuki aukeratu zituzten hitzak iruzkinak egiteko, eta hutsen gainean ere baikor beti, bertsolariaren ahalegina, ibilbidea eta ezaugarriak goraipatzen. Liluragarria. Euskara ederra, joria, ona eta egokia, aberatsa, jasoa eta bizia, ulergarria eta eguneratua. Eta edozein kazetari edo politikari lotsarazteko moduko jakituria. Hango eta hemengo, atzoko eta gaurko kontuen inguruan, hitzak dantzarazten. Euskara plazara ateratzen dute bertsolariek. Eta guk ogitartekoa jan bitartean, bihurtu dira transexual, lehendakari, bake artisau, drogazale, prostituta eta etorkin. Liluragarria.

Txapelak merezi du noski, eta astelehenean egunkarien azaletan ziren, baina gaur berriz itzuli dira azken orrietara. Eta bai, futbolak eta reggetoiak 14.600 zale baino gehiago dauzkate gure Euskal Herri maite honetan ere. Horixe da errealitatea. Bertsolaritzari ere inork ez baitzion esan euskaldun izatea zein nekeza dan. Baina gora bertsolaritza, eta gora euskara. Erkin eta jarrai!