Zintzilik

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2018ko eka. 15a, 12:57

Zintzilik. Harietatik zintzilik txotxongiloak, eta adarretatik saguzarrak. Zintzilik leihoetan arropa bustiak, eta kanpandorreetan kanpaiak.

Zintzilik erakusketetan koadroak eta marrazkiak. Zintzilik daude Euskal Herriko etxe atarietan ikurrinak eta bestelako oihalak. Eta zintzilik kaleko hormetan kartelak eta afixak. Baita Elgoibarren ere. Elkarretaratzeak iragartzen dituzten kartelak, partidak, kontzertuak eta jaiak iragartzen dituztenak. Kartel batzuek kaleak itsusten dituzte, ordea. Baina batzuek bakarrik. Behin baino gehiagotan gertatu zait kaleko hormetan kartelak jarri eta hurrengo egunean desagertzea. Udalak ba omen du garbitasun politika bat, tarteka hormetan itsatsitako kartelak kentzera behartzen duena. Politika selektiboa inondik ere, kartel batzuk kendu eta besteak zintzilik uzten baititu.
Garbitasun politika horri esker jakin dut nor den Vonda Shepard abeslaria. Estatubatuarra da, eta Ally McBeal telesaioan aritu omen zen bere garaian. Interesgarria, bai horixe! Eta gure kulturarekin bete-betean bat egiten duena gainera. Gustuko baduzu, jakizu kontzertua egingo duela aurki Eibarren. Udalaren garbitasun politika horri esker, agian ez duzu jakingo bihar Iruñera joango garela milaka eta milaka euskal herritar, Altsasuko gazteei eta haien senideei babesa ematera. Edo ez duzu jakingo San Juan bezperan herriko plazan elkartuko garela Sebas Etxaniz gogoan hartuta. Ez duzu halakorik jakingo, guk jarritako kartel horiek Shepardenak baino zikinagoak direlako, eta hormak itsusten dituztenez, garbitzaileek kentzeko agindua dutelako. Larunbatean 15:00etan aterako gara autobusean Iruñera, eta San Juan bezperan 11:30ean elkartuko gara plazan. Begi bakarreko garbitasunaren haritik zintzilik ari diren udaleko agintariak ere gonbidatuta daude bi hitzorduetara.