Bizitzan, oinez eta lasai (Camilleren xendra)

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2018ko ira. 3a, 09:00

Lofotenetik iritsi eta muxu bat emanez agurtu nituen eskiak garajean. Apirilak 8 egun baino ez zeuzkan eginak, eta gogotsu nengoen mendi lasterketetan hasteko. Gutxi entrenatuta ere, Arrasate-Udalatx eta Aloñako mendi lasterketetan atera nahi nuen. Eguraldi makurra izanagatik, goizean goiz hainbat korrika saio egin nituen bi astean. Ederra izan zen. Buruak baietz esaten zidan, eta gorputzak ere bai.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra aloa igoeraAloñako igoera, 2018

Hilabete baino ez zidan iraun, ordea: Zegama-Aizkorri irribarrez baina kostata amaitu ostean, Camille Xtrem lasterketan magaletik egin nion agur Ezkaurreri. Burdina behera etorri zitzaidan, eta anemia gailendu. Buruak baietz esaten zidan, baina gorputzak ezin, eta balaztari eman, ezin nuen besterik egin.

ainhoa lendinez camilleren xendra zegama aizkorriZegama-Aizkorri, 2018

Eta halaxe joan zaizkit ia bi hilabete. Nola hartzak neguan, halaxe loramen uda hasieran: jan, lo, lan egin eta arnasa hartu. Tarteka luzaketak, tarteka eskalada eta mendi irteera apalak. Baina entrenatu, batere ez.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra mapa
Uda bete plan neukan buruan, ordea, eta iritsi da uztaila amaiera ere. Lagun batek Camilleren xendra egiteko gonbita egin dit. Mantso ibiliko ginela, pausuan-pausuan, eta uzteko albo batera anemiak eta beldurrak. Udako nire ilusioetako bat zen itzuli hori egitea: Camille hartzaren arrastoari segika, gure Pirinioetan. Erronka handia zen, ordea: 105 km bi egunean.

Eta halaxe joan gara Candanchura: Azkoitian bizi den tolosar bat, Guadalajarako euskaldun bat eta hirurok. Ilargi eklipsearen biharamunean hasi gara oinez.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra ilargia candanchuIlargia, Candanchun

• Uztailak 29, lehenengo etapa

Neguko oroitzapen zuriak ekarrri dizkit gogora harrizko eski estazioak. Arraroa izan da erremonteak geldirik aurkitzea, eta are, mendi zurien lekuan haitza baizik ez egotea.

ainhoa lendinez camilleren xendra causiat somportCausiat, Somportera bidean

Goizeko 07:30ean atera gara. Somportetik aurrera, lehen kilometroak korrika txikian, arin samar. Oraingoz ondo noa. Baso artean aurrena, inguruko artzainei agur eginez hurrena, Arleteko aterpetxeraino ziztuan joan zait denbora.

ainhoa lendinez camilleren xendra arleteko aterpetxea

ainhoa lendinez camilleren xendra arleteko aterpetxea 2

ainhoa lendinez camilleren xendra arleteko aterpetxea 3Arleteko aterpetxea

Konturatu orduko Lescunera bidean gara. Jaitsiera luze samarra da, baina ederra. Ansabereko lepora igotzen hasi aurretik asfaltuzko zati astun bat daukagu aurrena. Eguzki zapa izugarria daukagu gainean eta hankek ezin dute asfaltu gogorrean korrika egin. Ansabereko orratzak eder bezain urrun ikusten ditugu. Eta orain bai, orain nekea kezka bihurtzen ari zait.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra ansanbere lescunetik Ansabere, Lescunetik

Baina lagunek jaten eman didate, edaten ere bai. Eta Ansabere azpiko bordara iritsi garenean, azken txanpari ekiteko gogoa berpiztu zait. Spigolo zorrotza aldamenean daukadala, pauso bat aurrera egin orduko bi egin ditut atzera harri solteko bide pikoan gora.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra ansanbere lescunetik spigolo ansabereSpigolo, Ansabere

Azken jaitsiera oinez egin dugu: pausuan-pausuan, eta lasai. Hankek ezin dute jada korrika egin, eta 18:00etan iritsi gara Linzara. 10 ordu eta erdiko saioa izan da, gogorra bezain ederra. Afaldu eta berehala lokartu naiz, baina ametsetan biharamuneko etapa etorri zait burura: nekearen mamua.

ainhoa lendinez camilleren xendra linzako aterpetxeaLinzako aterpetxea

• Uztailak 30, bigarren etapa

Esnatu, gosaldu eta martxan jarri orduko kontu kontari egin ditugu lehen kilometroak. Umore onez gaude, eta hankak uste baino arinago dauzkagu. Hala ere, nekea bistakoa da eta ibilbidea laburtzea erabaki dugu: Lizara eta Gabardito beste baterako utziko ditugu.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra alanoak zurizaAlanoak, Zuriza

Petrafichako lepora iritsi gara. Bi ordu eta erdi jada. Gaurkoa ere luzea izango da, loramen. Ansabereko orratzak urrun geratu dira atzean; atzoko penak eta minak, ez horren urrun.

2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra petrafitxa 2018 08 03 ainhoa lendinez camilleren xendra petrafitxa1

Petraficha

Aguas Tuertaserako bidea malkartsua da, baina ikusgarria.

ainhoa lendinez camilleren xendra aguas tuertasAguas Tuertas

Estaneseko lakuan bainua egitekotan gara, eta poz horrekin ekin diogu harako maldari. Tartean lagun bihotzeko baten deia, animoak emateko. Eta bagoaz aurrera. Pirinio garaietako urak umorea eta gorputza, biak freskatu dizkigu.

ainhoa lendinez camilleren xendra estanesEstanes

Astun, Raka eta Candanchu hantxe daude. Urrun dirudite, baina antza denez, bi ordu baino ez daude helmugaraino. Pentsamendu horietan murgilduta noala ohartu naiz lagunek atzean uzten nautela behin eta berriro. Bai, loramen, gaur zure zain daude denak. Saiatu naiz galga kendu eta sakatzen, baina gorputzak ezin du. Arnasestua gailentzen zait, eta gehiago sakatuz gero, gozamenetik baino gertuago nago sufrimendutik. Horrenbestez, irribarre egin, eta aurrera. Bai, ibiliz, eta lasai, azken mugaraino.

Camileren xendra amaituta. Oinek ez dituzte 105 kilometro egin, baina buruak bai, 105 eta gehiago.

Anemiarekin eta gabe, txikitatik ibili naiz mendian: ibiliz eta korrika. Non zangoa, han gogoa. Eta bizitzan, beti, oinez eta lasai.