Aipatu orduko ilusionatu zen, eta buelta asko eman ostean aukeratu genuen urteko gure erronka: Pyrenees Stage Run, hau da, zazpi eguneko mendi lasterketa, Andorrako eta Herrialde Katalanetako Pirinioetan barrena.
Hilabeteak egin ditugu mendiko abentura hau prestatzen: antolakuntzarekin hitz egin, dauzkagun bitartekoak aztertu, oporraldiak antolatu, eta noski, ahal bezain ongi prestatu. Azkenean diru-kontuak egin, lasterketaren oinarrizko datu teknikoak gure neurrikoak izan zitezkeela ikusi eta izena eman genuen. Erabakia hartuta, eta ilusioa bor-borka, halaxe joan zaigu lehen urte erdia.
Baina zorionez edo zoritxarrez, saiatu arren, gizakiok ezin dugu bizitza goitik behera kontrolatu, eta geureak ere bazeukan sorpresarik guretzat: Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitu orduko burni-anemiak bete-betean eraso zidan. Handik hilabete eskasera, Igonek ezker oineko bosgarren metatarsianoa hautsi nuen. Bina hilabete inguru egin ditugu mendian batere ibili gabe. Ekaina eta uztaila geldirik igaro ostean, ni neu abuztuan ibili naiz zerbait; baina igonek bi irteera baino ez ditu egin abuztu amaieran.
Sorpresa horrek erabat baldintzatu du gure mendi bidaia, baina azkenean animatu gara: abuztuko azken asteetan eman diote senda-agiria Igoneri eta Kataluniara iritsi baino bi egun lehenago esan didate niri burniak zertxobait gora egin duela. Horrenbestez, sasoi-sasoian etorri gara ;-)
Bidaia eguna:
Hirugarren urtea du Pyrenees Stage Run mendi lasterketak eta aurten lehenengoz ari gara parte hartzen euskaldunak. Bi talde osatu dira:
- ni neu eta Igone Campos
- Imanol Aleson eta Ixaka Oñederra azkoitiar jatorrak
Haiekin egin dugu Ribes de Freser-erako bidaia, barre artean joan zaizkigu 6 ordu.
Irratiko lankide jatorrek lasterketari buruz hainbat galdera egin zizkiguten joan baino lehen: www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/hiru-erregeen-mahaia
Afalorduan egin dugu lasterketaren bilera teknikoa. Harrituta utzi gaituzte antolatzaileek: ia-ia euskal sukaldarien mailako menu goxoa prestatu digute ;-), eta PSR mendi lasterketa bat baino askoz gehiago da: mendi bidaia bat, maitasunez prestatutakoa.
1. etapa:
Beldur handiz ekin diogu lehen etapari baina gogotsu ere bai: hankak nola dauden ikusi nahi dugu, eta batez ere, nik, burua. 35 kilometroko etapa prestatu dute lehen egunerako, ia 2.200 metroko aldapa metatuarekin.
Bizi samar hasi gara, hitz eta pitz, baina Igoneri esan eta esan ari naiz, lehen eguna dela, eta 7 direla guztira. Igoeretan erritmo onean, indartsu sumatu ditugu oinak. Hasi eta 15 kilometroko igoera izan dugu, 2585 metroan Balandrau gailurrera iritsi arte. Izugarri paraje ederra daukagu inguruan. Handik hasi dugu lehen jaitsiera. Harritsua lehenengo, belardi nahasian ondoren, pikoa nolanahi ere. Eta hor joan zaizkigu denborak eta postuak. Baina ez gaitu ezustean harrapatu, bagenekien hori gertatuko zitzaigula: gorakoan sakatu eta Igoneren oina zainduz beherakoan ahal bezala eutsi.
Coma de Vaca aterpetxera iritsi garenean ohartu gara 18 kilometro pasa ditugula jada. Hortik aurrera eguneko zatirik teknikoena iritsi da: gorabehera etengabeak, harriak nonahi eta tartean ferrata bidearen itxura daukan eskailera tarte bat. Nuriako Santutegia inguru ederra da, baina guretzat, jendetsuegia agian. Azken 7 kilometroetan korrika egitea zen gure asmoa baina harriz jositako bideak ez digu utzi. 6 ordu eta 31 minuturen buruan iritsi gara helmugara, Qeralbsera. Imanolek eta Ixakak bi ordu gutxiago behar izan dituzte. Lehenengoa ederra izan da! Beldurrak uxatzeak ematen digun lasaitasunarekin joan gara atseden hartzera. Baina lasaitasunak ez du luze iraun, gero eta gutxiago falta baita bihar goizerako.
Hasi dugu astebete iraungo duen laisterketa "Pyrenees Stage Run". Ixaka bikote dudala 7 etapa 240km eta 15000m+ Pirineotan barrena. Ribes de Freser-en hasi eta datorren larunbatean Salardun amaituko da. Gaur izan da lehenengo etapa (35km 2180m+), eta 2. postuan iritsi gara. Ribes de Freser-etik irten eta Querals-en amaitu dugu.
Oso ondo joan zaigu eguna, erritmo polita hartu dugu eta horri heldu diogu kontutan izanda beste 6 egun geratzen zaizkigula. Paraje ederretan ibili gara, horietako bat Val de Nuria. Hemendik pasa eta "tren cremallera"ren ondoan beheraka egin ditugu azken 8km'ak. Antolakuntza ikaragarria, dena ondo lotuta, ez dugu ezer faltan bota, "Chapó" beraientzat.
2. etapa
Pirinioetan hamaika lore daudela pentsatzen joan naiz gaurko mendi irteeran. Edelweiss da askoren kuttuna, elurretako lorea. Austriako lore nazionala, eta besteak beste, Ordesa-Monte Perdidon aurkituko duzuna. Lirio urdina bereziki gustatzen zait niri, aspaldi lagun bihotzeko batek mendi garaietatik bidaltzen zizkidan argazkiengatik. Gaurko etapan amapola (mitxoleta) gorri-gorriek edertu dituzte bideko ertzak.
Bada pentsamendu horietan murgilduta joan naiz gaur zati handi batean, eta ohartu naiz sinplea bezain egokia dela gure mendi abentura honetarako aukeratu dugun talde izena: mendikoloreak. Izen batzuk bota genituen eta niri hauxe gustatu zitzaidan, hitz joko bikoitza daukalako: mendiko loreak eta mendi koloreak. Ez dakit Igone eta biok bi lore garen, baina zalantzarik ez daukat mendian loratu egiten garela, eta bidaia gogor bezain eder honetan are gehiago loratuko garela.
Bigarren etapa ere amaitu dugu, atzo baino indartsuago eta baikorrago. Ederra izan da, mendiko lore lagun!
Igone Campos: Agian ez da izan niri gehien gustatzen zaiten mendi ibilde mota baina bai nire oinari hoberen zetorkiona. Pista eta xenda errazetan zehar mugitu gara eta zailtasun ezaren aurrean atzo baino askoz korrika gehiago egin ahal izan dut. Beherakoan nire buru-oin konexioan konfidantza hartzeko ederra izan da eta inguruak lagundu du.
Imanol Aleson:
Bigarrena egiña. Querals-Puigcerda 38km 1700m+
Gaurkuan ere 2° postuan elmugaratu gara.
Gaurkuak bi zati desberdin izan dituela esango nuke, lehenengo 11km oso politak eta mendikoak, ondoren mendi pista dexente 27 kmrarte eta hemen jetxiera eder bat Puigcerda iritsi arte. Ederki gozatu dugu, trote politean egin ditugu Ixaka Oñederra eta biok gaurko 38 km ak. Eguraldia lagun dugu eta paraje ederrak ikusten hari gara. Parte-hartzaileekin harreman ona dugu eta antolakuntzakin zer esanik ez, dena eskura jartzen digute. Baita ere gurekin daukagu laguntza ematen ,gure botillero, Iker Alkorta "Burruntzi". Esan behar bertan parte hartzen ari direla neska bikote Euskaldun bat eta oso ondo gainera. Ainhoa Lendinez eta Igone Kampos.
Bihar gehiago.