Gorputzez bagenekien ez gindoazela %100ean, baina niri neroni buruak ematen zidan beldurra. Ordu amaigabeetan mendian, ni, nire gorputza eta nire burua. Eskerrak laguna aldean nuela, noizean behin neure baitatik ateratzeko. Beldur nintzen pentsamenduak iraganera joango ote zitzaizkidan, bizitzaren errepasoa egiten hasiko zitzaizkidala. Beldur nintzen, betiko beldurrekin bueltaka hasi eta burua neurrigabe nekatuko nuen.
Saiatu nintzen, hala ere, unean eta gunean egoten, eta iraganeko pentsamenduak etorrita ere, haiei “kaixo” esan orduko, “adio” ere esaten. Hurrengo markari segika uneoro, biderik ez galtzeko. Ordu erditik ordu erdira zerbait jan behar nuela gogoratzen, ez makaltzeko. Orain makilak gorde, orain atera. Orain txapela jantzi, orain erantzi. Orain atseden hartu, orain lagunekin afaldu. Ordu luzez telefonorik ukitu gabe, ordu luzez autorik eta telebistarik ikusi gabe.
Gure mendi bidaia lagun arteko terapia bihurtu zait, eta lehenengoz bizitzan, etxera itzuli eta opor osteko pattalaldia bizi izan dut barru-barruan. Ez gara mendian bizi, eta ez gara mendiaz bizi. Egunerokoan murgilduta, ohartu naiz zorte ikaragarria daukadala: beti ez bada ere, diruz eta gogoz asetzen nauten ogibideak, motibatzen nauten zaletasunak, neurrigabe maite nauten eta maite ditudan familia eta lagunak.
Ongi bizi gara, ederra da egunerokoa ere. Alabaina, 37 urte daramatzat pentsatzen benetan zertan naizen ona, benetan zer gustatzen zaidan bizitzan, zertara etorri naizen mundu alu honetara. Ez dakit inoiz deskubrituko dudan, baina udako mendi bidaia honek nigan ezagutzen ez nituen alderdiak ezagutzen lagundu dit. Zerbait ezberdina egin nahi nuen aurten, eta zerbait ezberdina izan da. Ni neu ere ez naiz Pirinioetara abiatu zen Ainhoa hura bera. Berrituta itzuli naiz, ustez onerako.