Ilusio handia neukan aurten proba honetan parte hartzeko, eta erronka jo diot mendiari. Zorionez, mendia beti garaile, eta neure lekuan jarri nau. Gogotik ordaindu dut ausarkeria: beherakoa, botaka, zorabioa, ezin ezer jan 30. kilometrotik aurrera eta txakalaldiak bata bestearen atzetik.
Elgeara bidean, txakalaldi betean.
Egia da Landaraino, 60. kilometroraino, gustura joan naizela (10 orduan bertan), baina Landatik Urbiarako zatia infernu bihurtu zait (6 ordu 25 km egiteko). Bizitzak hala nahi izan du, ordea, eta lagun bat jarri dit ondoan. Ez daukat hitzik hari eskerrak emateko. Ez bakarrik Landatik Araiara lasterketako zati gogorrena nire ondoan egin duelako, jan-edana ahora emanez, haur txikiei ematen zaien moduan, animoekin bultzaka eta lagun eta senideei nire berri emanez. Bihotzeraino iritsi zait ikustea nire sufrimenduarekin nola sufritu duen, eta nire gozamenarekin nola gozatu.
Ahizparen bisita, Landatik gora.
Gehien gozatu ditudanak tontorrak izan dira, Gorbeiako igoera magikoa izan da buruko argiekin. Anbotoko haitzetan lau hankan gauez gora eta behera ibiltzeak teknikotasuna eman dio probari. Eta Urbiara iritsi eta Aizkorri ikusteak malkoak atera dizkit. Bai, inon paradisurik bada, Urbia-Aizkorriren parekoa behar du.
Txapel bana jarriko nieke Javi, Julen, Maite, Oihana eta Mayiri. Asko estimatzen ditudan pertsonak, eta mendizale apartak. Dena den, askoz motelago joan garenok ere izan dugu saririk: proba osoa behe-laino itxian egin ostean, Urbiara iritsi eta eguzkitan egin dugu Aizkorrirako bidea. Oparia.
Jende askok zoriondu nau Hiru Haundiak amaitu dudalako, baina ez dut uste zorionik merezi dudanik: batetik, gustatzen zaidana besterik ez dudalako egin; eta bestetik, bakarrik ez nukeelako amaituko.
Zorionak Murgiatik atera zineten guztiei, Araiara heldu direnei eta heldu ez direnei. Eskerrik asko bihotzez han-hemen, goraldi eta beheraldietan maitasuna eman didazuen mendizale guztiei. Neure izena entzun dudan bakoitzean hotzikarak hartu nau! Eskerrik asko Maite, ni helmugaratzeagatik. Eta eskerrik asko euskal mendiei, 100 km zor dizkizuet! Mendia 1-loramen 0