El Socorro-Teide-El Socorro Itsasoan hasi-zerua ukitu-itsasoan buka

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2018ko abe. 11a, 17:00

Emelie Forsberg mendizale norvegiarrak iaz egin zuen 0-4-0 izeneko ibilbidea, Kanariar Uharteetan. Hark ametsa bete, eta orduan sortu zen nirea. Ez neukan ibilbidearen berri, baina han eta hemen galdetuta, berehala sartu nuen ilusioen zerrendan. Ni ez naiz bereziki hondartza zalea, baina liluratu egin ninduen. Itsasoaren mailatik abiatu, zerua ukitu eta berriz oinak itsasoko uretan murgiltzea zen helburua.

Lagun bihotzeko bat izan dut bidaide oraingoan ere. Exotikoa eta ezberdina iruditu zitzaigun negua ate joka geneukala Kanarietako epelera joatea, eta horregatik aukeratu dugu abenduko zubia.

Hegazkinetik jaitsi, berokia kendu eta udatik ahaztuta geneuzkan praka motzak jantzi. Ederra izan da. Baita Tenerifeko hondartzatik Teideko elur arrastoak ikustea ere. Lehenengo egunean 2.200 metrora igo gara, lekua bertatik bertara ikustera. Teide sumendia denez, inguruko harri beltz harroek paisaia ikusgarria osatzen dute.

2018 12 11 Ainhoa lendinez teide begira

Ostiralean 00:00etan atera gara El Socorroko hondartzatik. Buruko argia, motxila txikia bizkarrean eta inguruan 20 gradu. 56 kilometro eta 3700 metro aldapa gure zain. Ibilbide laburrenean desnibel handiena daukan munduko bigarren ibilbidea da 0-4-0 (Hawain dago gogorrena, Kilauea mendian) . Plan ezin hobea gaupasa egiteko.

2018 12 11 ainhoa lendinez teide gauez

Itsasoko ura ukitu eta hasi gara korrika. Lehenengo herrixkak igarota, baso bidean sartu gara ordu erdiren buruan. Bakarrik goaz. Inguruan apenas dagoen zaratarik. Haizearena ez besterik. Animaliarik ere ez dago, gu bazter utzita behintzat...

2018 12 11 Ainhoa lendinez teide gauez
2.200 metrora iritsi garenean goizaldeko hirurak dira. Hotza nabaritzen ari gara. Eta bapatean txakaldi txiki bat ere bai. Jan, edan eta bagoaz aurrera. Baina aterpetxera iritsi garenean garaieraren kolpea iritsi da. Aurreko egunetan ez dut behar beste ur edan, eta oso makal noa, geldo eta mantso.

2018 12 11 Ainhoa lendinez teide ilunabarra
Baina horretarako daukat aldamenean mendia beste inork ez bezala maite eta ulertzen duen xerpa bat. Animoak emanez eraman nau gailurrera. Urruneko zeru gorriak ahaztarazi dit zorabio txikia. 07:00 dira, eguna argitzear da Kanarietan, eta gu, 3700 metrora iristear, ametsa betetzeko zorian.

2018 12 11 ainhoa lendinez teide itsasotik zerura eguzkia

Jende asko dago gailurrean. Gu bezala egunsentia ikustera igo dira denak. Nondik gatozen galdetu digute... hondartzako kresala hatzetan daukagula esan diegunean ez digute sinetsi nahi.

Ordubete inguru egin dugu tontorrean, argazki eta besarkada artean. Eta han behean El Socorroko hondartza, gure abiapuntua, txiki-txiki.

2018 12 11 Ainhoa lendinez teide googlemap

Beherako bidea luzea izango da, baina sorpresa ere bai, gau ilunean ikusi ez ditugun guztiak ikusiko baititugu orain.

2018 12 11 ainhoa lendinez teide itsasotik zerura antxintxika

2018 12 11 Ainhoa lendinez teide begira 2

Ezin sinetsita goaz bidean behera. Areazko basamortu honetatik igaro gara gauean? Baso itxi hauetatik guztietatik? 4 ordu behar izan ditugu berriz ere El Socorrora iristeko.
Hondartzako harean etzanda gaudela, eskiak zorrozten hasteko garaia iritsi dela erabaki dugu. Aurretik, ordea, Tenerifeko epela gozatuko dugu; hondartzan atseden hartu, eta ondoren, Santa Cruzeko guachinche batean afalduz ospatuko dugu amets bete berria.

0-4-0
El Socorro-Teide-El Socorro

 

Itsasoan hasi-zerua ukitu-itsasoan buka