2. etapa (Everest Trail Race, menditerapia)

Zenbat balio du te batek Himalaian? Ez dauka preziorik. Everesti begira? Mila izarren prezioa.

2. etapa

Dimise|Chorten Dingma-Pungmuche 26 km 1916 m+ 1819 m- 5 ordu eta 55 minutu

Harrituta nago jendeak zenbat azukre hartzen duen. Gosaltzerakoan bereziki, baina egun osoan oro har. Batzuek barre egiten didate arroza gosaltzen dudalako. Arroza, patata egosiak, arrautzak, fruta eta tea. Nik aspaldi deskubritu nuen azukreak azukre gehiago eskatzen duela, eta ordu batzuk igarota glukosa gorakadak tupustean egiten duela behera. Baina areago doa azukrearen gogoeta egunotan hemen. Oxigeno faltaren eragina irudituko zaie agian askori, baina azukrearen kontsumo neurrigabea globalizazioaren ondorioa dela uste dut, neurri handi batean. Egunerokoan harrituta geratzen naiz haurrek zenbat azukre kontsumitzen duten ikusita. Nola ez dira haur horiek urduri egongo horrenbeste azukre hartuta? Nola ez dute antsietate etengabea sentituko? Hori gutxi ez eta, gurasoek azukredun jakiekin saritzen dituzte, eta frutarekin zigortu. Zerbait gaizki egiten ari gara. Eta hemen, Himalaian, harrituta nago azukrea zein barneratuta daukagun ikusita. Marmelada, nutella, cola cao-a. Eta noski, kafe, te nahiz kafesnea azukrearekin.

Gaurkoa egun polita izan da, baina gogorra ere bai. Hasi orduko 1100 metroko igoera pikoa izan dugu parez pare. Pike Peak gailurreraino igo gara, 4100 metrora. Hasieratik ikusi dut gaur egun luzea izango zela loramenentzat. Goraka beheraka baino hobeto moldatzen banaiz ere, gaur jaitsierak noiz iritsiko desiatzen egon naiz. Garaiera izango da, kilometro falta ere bai, eta atzokoaren nekea. Baina ederra izan da berriz ere Lotse, Makalu, Everest eta gaur, Kangchenjunga ere ikustea. Sinesteko ere! Loramen Himalaian.

2019 11 10 loramen nepal everest trail 2etapa templua

2019 11 10 loramen nepal everest trail 2etapa paisaia
Gaur bereziki gogoratu naiz gurasoekin. Neurri handi batean, haiei esker nago ni hemen. Gogoan daukat Pirinioetara egin genuen lehen irteera. Elgoibarko beste hainbat lagunekin. 13 bat urte neuzkala uste dut. Hiru Erregeen Mahaia, Anie eta Txamantxoia igo genituen. Ni obsesionatuta nengoen Anierekin. Euskal Herriko gailurra zen, harrizko piramide zoragarri bat. Gogoan daukat nola garai batez egunero eramaten nuen ohera Pirinioak liburua nirekin. Han bazegoen Anieren argazki bat oso maitea neukana. Harrizko piramide eder bat, ingurua elurtuta. Everest iruditzen zitzaidan. Irteera haien ostean konturatu nintzen mendia nire bizitzan txertatu nahi nuela, edo jada, txertatuta neukala. Gurasoak mendi garaiagoetara joaten hasi ziren pixkanaka, Elgoibarko lagunekin baina gazteegia nintzela esaten zidaten Pirinioetako mendi haietara joateko.

-Aita, oraingoan bai?
-Ez Ainho, oraindik ez.

Haserre, parrandan ateratzen nintzen, etsipena samurtzeko.

Pentsamendu horietan murgilduta iritsi naiz 2. kontrolgunera. Hemendik behera 8 kilometroko jaitsiera amaigabea. Espainiar bikote bat harrapatu dut beherakoan:
-Hola Ainhoa! Como vas?
-Muy bien. Despacio pero bien. Vosotros?
-Pues hemos pasado mucha hambre.
-Tengo huevos cocidos. Quereis?
-Yo si que tengo los huevos cocidos!

Barre artean agurtu dugu elkar. Handik gutxira, argentinar bat harrapatu dut.
-Hola! Sabes cuanto falta?
-Hay linda, no xevo el reló. Pero quedaran, uno 7 u 8 kilometro. O quiza 9, o quiza 10.
-Gracia boludo!

Neure baitan barrez jarraitu dut aurrera. Ezin dut korrika egin, izter barnealdeetan karranpa zantzuak sumatzen ditut. Baina alai noa beheraka. Bihar ez dakit zer gertatuko den, baina gaurkoa bai, gaurkoa amaituko duzu, loramen!

2019 11 13 everest trail race nepal ainhoa lendinez oinez iancorless 1

6 ordu baino pare bat minutu gutxiago. Hau da martxa! Dutxatu, bazkaldu, lagunekin hitz egin eta siestatxoa. Gogorra izan da gaurkoa. Baina oso ederra. Batetik ikuspegia zoragarria izan delako. Bestetik, ordu asko egin ditudalako bakarrik mendian. Bakarrik! Pike Peak-etik aurrerako bide osoa, 4 bat ordu, loramenekin. Menditerapia izango zela esan nion Urko lagunari. Ni nirekin. Eta pentsatu dut, azukrea alboratzea bezala, denok beharko genukeela, tarteka, honelako aste bat. Oinarrizko beharrak aseta, ordu asko burua eta gorputza mugara eramatea. Erosotasun etengabean bizi garela uste dut, eta erosotasun horretatik ateratzeak ezin konta ahala onura dakartzala egiaztatu dut. Hemen ez dago ez autorik, ez telefonorik, ez telebistarik ez ezer. Hemen mendia dago, jana, edana, eta lagunak. Buruak pentsatzera eramaten zaitu askotan: etxeko gastuak, familiako giroa, lagunen bizimodua. Baina segundo gutxiren buruan halabeharrez alboratzen dituzu denak. Hemen eta orain ez bazaude litekeena delako harriren batekin estropezu egin eta erortzea. Edo bestela, ohartzen zarelako zeure burua zigortzeko baino ez dutela balio pentsamenduok. Ezin duzulako ezer egin, ez zaudelako han. On egiten dit erosotasun egoeratik atera eta burua eta gorputza mugara eramateak: jan eta edateaz arduratu, pausoak ondo emateaz kezkatu. Beste ezer ez. Tarteka pentsamendu baikorrek alaitzen dituzte ordu luzeak: Liherrekin marrazkiak egiteko desiatzen nagoela ohartu naiz. Halakoek alaitu egiten dute arima. Baina alde biko txanpona da hori. Gizakion galbidea: unea bizi ordez, non zangoa han gogoa eduki ordez, ez zauden lekura eta unera eramatea pentsamendua. Gorputza bezala entrenatu behar baita burua ere. Eta nekez ohartuko gara horretaz telebistari begira bagaude, edo Interneti begira.

Honaino iritsi bazara, ez egin kasu handirik. Gogoratu, ohi baino oxigeno gutxiagorekin ari naizela idazten. Arratsaldeko 18:30 dira. Banoa lagunekin afaltzera. Planazo! Eta ondoren lotara. Portzierto, prentsa arduradunaren bitartez jakin dugu Pedruskok irabazi dituela bozak berriro, baina eskuin muturrak beldurgarriki egin duela gora. Riveraren dimisioa Nepaleraino ere iritsi da, eta ospatzen ari dira taldeko xerpa sukaldariak: gaur zopa eta arroza dauzkagu afaltzeko.

2019 11 10 loramen nepal everest trail 2etapa ilunabarra

2019 11 13 everest trail race nepal ainhoa lendinez oinez iancorless kanpalekuagauez

2019 11 13 everest trail race nepal ainhoa lendinez oinez iancorless kanpalekuan