6 egunetan lehen aldiz ispilu batean ikusi dut nire aurpegia. Esnatu orduko. Puztu-puztu eginda daukat. Hankak eta oinak ere puztuta dauzkagu denok. Garaieraren ondorioak dira.

6.etapa:

Tyangboche-Lukla

29 km

1770m+
2802m-

Esnatu eta... Bergarako lagunek esaten duten bezala, espectaculo en la condomina! Everest, Lotse-Nuptse eta Ama Dablam parez pare. Alpamayorekin batera, planetako gailur ederrena omen da Ama Dablam. Ederra da oso, baina ni gehiago hunkitu nau Lotsek. Ez galdetu zergatik.

Nekatuta baina azken egunak ematen duen pozarekin ari gara gosaltzen: “lo de todos los dias vamos. Desayunar mirando al Lotse y al Ama Dablam!” Katalana umoretsu goizean goizetik. 14 zortzimilakoak zerrendatzen igaro dugu gosaria. Ez pentsa, ez da erraxa denak oroitzen: Everest, Lotse, Kangchenjunga, Broad Peak, Gash I eta II, Cho Oyu, K2, Makalu, Manaslu, Dhaulagiri, Sisha Pangma, Nanga Parbat eta bat falta zaigu... Annapurna!

Gaur azken etapa, eta alai goaz bidean. Argazkiak ateraz eta txisteak kontatuz, barre algaraka. “Los españoles son muy faciles. Si les dices “Ta too pagao! Son tuyos” Kar kar kar Bejar-ekoarentzat, bonus! Bete-betean asmatu du.

Gaur eta egunotan atentzioa eman didan beste kontu bat: nepaldarren mendekotasuna mobilarekiko. Globalizazioa eta kontsumismoa zer diren. Kutsadura, jana, garbitasuna, hezkuntza edo osasuna bigarren mailako kontuak diruditen lurraldeetan ere, haur, gazte nahiz helduek sakelakoa daukate, eta sakelakoari begira bizi dira. Gainerako guztiok bezala, noski. Zamaketari lan gogorrean ikusi ditut nepaldar asko egunotan, saskia buru-bizkarrean jarrita eta sekulako pisua gainean hartuta. Oker-oker eginda, makurtuta. Bada, horietako bat baino gehiago, oinez eta sakelakotik hizketan zihoan une berean. Sinesteko ere!

Etxera itzultzeko atzera kontaketa hasi da. Faltan botako ditut mendiok. Nepaldarren usaina. Dalbata. Helikopteroaren zarata amaigabea. Yak-ak. Eta batez ere nepaldar haurren aurpegia. Nahiz nepaldar txurikito ederrena guk etxean daukagun. Zenbat gogoratu naizen zutaz, Lihertxo!

Helburua beteta itzuliko naiz: lasterketa amaituta eta milaka argazki bihotz-begietan gordeta. Lagun berriak, ehunka kilometro oinetan eta barre asko eginda. Maleta bete arropa zikin, eta bost elementuak irudikatzen dituzten nepaldar banderatxoak opari. Ahaztezina, Everest Trail Race.

Bueltan egin nahi ditudanak, ordena honetan: Liher muxuka jan, aitak prestatutako oilaskoa dastatu, Karakate eta Aizkorrira igo eta kostaldera joan. Itsasoari barkamena eskatu behar diot. 15 egunetan ez naiz akordatu ere egin berarekin.

2019 11 16 ainhoa lendinez nepal everest trail race 6etapa amaiera

Eskerrik asko, Everest Trail Race. Danyabad, Nepal. Aurki itzuliko naiz, baina dortsalik gabe. Namaste.

 Aurreko kronikak:

2019 11 15 ainhoa lendinez everest trail race iancorless argazkia mendia

2019 11 15 ainhoa lendinez everest trail race iancorless argazkia mendia 1