1926

Debako hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Erretratu zaharrak 2025ko urr. 24a, 10:00

Amaia Mujikak ekarri du aste honetako erretratu zaharra BARRENera. 1926. urte ingurukoa da, eta Debako hondartzan aterata dago. Beste garai batera garamatza argazki honek, Belle Epoque-ekoak diruditen bainujantzi horiekin. 

Thomas Assin frantziarra da ezkerrekoa, Teodora Larreategi umea eta Kalebarren plazan zegoen Barrutia jatetxeko ugazaba da eskuineko emakumea. Amaia Mujikak azaldu du argazki honen istorioa: "Nire amaren ahizpa Isabel, Frantziara joan zen, zerbitzari, eta han ezagutu zuen Thomas. Ezkondu ziren eta Parisen bizi izan ziren, erretiroa hartu zuten arte". Gero Paura joan ziren bizitzera, eta handik sarritan etortzen ziren bisitan Elgoibarrera: "Motor handi batean etortzen ziren, eta ikusmin handia pizten zuten herrian, halakoak ikusteko ohiturarik ez geneukalako hemen garai hartan". Hemen ohikoak ez ziren beste ohitura batzuk ere bazituzten: "Ume guztiak begira-begira gelditzen zitzaizkion nire izebari erretzen ikusten zutenean, emakumeek erretzea ez baitzegoen ondo ikusita sasoi hartako Elgoibarko gizartean".