Erretratua 1947ko irailaren 14an atera zuen, Ipurua zelaiaren inaugurazio egunean, Elgoibar eta Eibar taldeek jokatu zuten partidan. Emaitza elgoibartarren aldekoa izan zen. 0-2 irabazi zioten etxeko taldeari, Eibarri. Eulogio Etxeberriak sartu zuen Ipurua futbol zelaiko estreinako gol ofiziziala, penaltiz. Fernando Ayestak egin zuen elgoibartarren aldeko bigarren gola. Zelaiaren inaugurazioan auzokoen arteko derbia jokatu izanak ikusmin handia sortu zuen, eta harmailak bete zituzten zaleek. Autobus bihurtu zuten Txankiaren kamioian joan ziren zale elgoibartar ugari Eibarrera. Irabaztea gozoa izan zenez, oso pozik itzuli ziren etxera.
Aldiz, zale eibartarrek haserre bukatu zuten partida, ez baitzeuden konforme Justo de Santiago epaile debarrak hartu zituen erabakiekin. Zale elgoibartar batzuek ere jasan zuten eibartarren haserrea eta Txankiaren kamioian babestu behar izan zuten, harrika hasi baizitzaizkien auzokoak.
Familiako tradizioa
Ipuruako estreinako gola sartu zuen Eulogio Etxeberria 2016an zendu zen, 94 urterekin. Eta bada bitxikeria bat, Mintxeta futbol zelaiko estreinako gola sartu zuen Joseba Etxeberriaren aitita baitzen. Hala, familiako tradizio bihurtu zuten futbol zelaiak gola sartuz inauguratzea. Mintxeta kirol gunea 1993. urteko irailaren 8an inauguratu zuten, eta Realeko eta Athleticeko jubenilen taldeek jokatu zuten elkarren aurka inaugurazio egun hartako aurreneko neurketa. Realean jokatzen zuten bi aurrelari elgoibartarrek sartu zituzten Mintxetako lehen bi golak: Joseba Etxeberriak aurrenekoa eta Mikel Elkoro-Iribek bigarrena. Binako emaitzarekin amaitu zuten partida. Gero, Ipuruako inaugurazioan gertatu moduan, Elgoibarrek eta Eibarrek jokatu zuten Mintxetako estreinako partida ofiziala; eta, 46 urte lehenago Ipuruan gertatu zen moduan, elgoibartarrak gailendu ziren derbian, 2-1eko emaitzarekin.
Ipuruako partida jokatu zuten C.D. Elgoibarreko agertzen dira argazkian:
- Goiko ilaran: Jesus Egaña, Eulogio Etxeberria, Jose Maria Igartua, Fernando Ayesta, Juan Cruz Gabilondo, Jesus Barrenetxea eta Antonio Azpiazu.
- Beheko ilaran: Botikinarekin, laguntzaileak: Benito Saez eta Miguel Zabalo, Gabriel Gabilondo, Antonio Unzueta, Pedro Gabilondo eta Fernando Arberas.