1924

Aita Agirreri omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Erretratu zaharrak 2025ko api. 16a, 10:00

Jose Mari Etxanizek lagatako argazkia 1924ko apirilaren 24an dago aterata, Aita Agirre zenari elgoibartarrek egin zioten omenaldi egunean. Argazkian ikusten denez, herritar asko bildu zen omenaldian parte hartzeko. Ondoko balkoiak jendez gainezka ikustea besterik ez dago ospakizuna hurbiletik jarraitu nahi izan zutela antzemateko.

Aita Agirre izenaz ezagunagoa zen elizgizon eta misiolaria izan zen Frantzisko Aguirre Murga (1863-1941). Txinako probintzia bateko gotzaina izan zen urte askoan eta egindako lana eskertzeko, plaka bat jarri zuten haren omenez Elgoibarko jaiotetxean, San Bartolome kaleko 14. zenbakian. Argazkiaren goiko aldean eta ezkerraldean, Aita Agirre zena ikus dezakegu irudi handi baten, eta plaka jarri zuten balkoian, berriz, Antonio Arrillaga, orduko Elgoibarko alkatea zena. Aita Agirre Foochown (Fujian probintzia, Txina) hil zen 1941eko ekainaren 13an eta, 1942an, Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

Elgoibarrera bisita eta Aita Agirrerentzako kantua akorduan

Bizitzako azken urteetan Elgoibarrera bisita egin zuen Aita Agirrek. Sotera Zubiaurrek (Elgoibar, 1908-2004) gogoan du bisitaldi hura, Ahotsak.com webgunean eta Elgoibartarren esanetan liburuan jasota duten testigantzan ikus daitekeen moduan. Ez zen ahazteko modukoa izango, Aita Agirreri abestu behar izan zioten abestia ere gogoan baitzuen mende erdi geroago. Honela azaldu zuen Sotera Zubiaurrek Aita Agirre obispoa Elgoibarrera etorri zenekoa:

"Behiñ etorri zan obispua, Txinan edo ez dakitt nun zaguan, eta Elgoibarko semia, San Bartolome kalian jaixotakuak, bai San Bartolomen jaio zan, han etorri zan Elgoibarrera ta egiñ ziuen eh! Eskolara ere etorri zan. Kantua ondiok goguan daukat nik: "Bienvenido padre amado, gracias mil prelado egregio, ¡qué bueno! ya he tenido pero, dar la vida es de... nuestro corazón se alegra, nuestras manos baten palmas, y graciosas a nuestras almas cantan himnos en tu honor. A Jesus por vos pedimos os de larga y santa vida llena de dicha cumplida y ventura sin igual. El colegio está de fiesta, y por jubilosa clama, a un prelado en que os ama con cariño paternal. Bienvenido padre amado, gracias mil prelado egregio", "¡hay que cantar!, eso cantaría con 12 años".