Euskalgintza bada lana eta konpromisoa, baina lagunartea, poza eta jaia ere bada, eta hori ondo baino hobeto ikusi eta bizi izan genuen zapatuan. Datorren urtean gehiago bilduko gara, seguru. Baina aurretik ere izango da aukerarik euskaltzaleok berriz ere elkarrekin gozatzeko.
Larrarten ezagunak gara dagoeneko elgoibartarrok. Ezagutzen gintuzten han bertakoek beste urte batzuetan sortutako giroari esker, eta ziur gaude aurten ondoan izan ditugunek ere nekez ahaztuko gaituztela. Lehen bi orduak jan-edanean eman ondoren, Aitor Novak, Beñat Kondek eta Mikel Etxanizek dultzainak eta danborra atera zituzten haien zorroetatik, eta bildu ginenon kanturako eta dantzarako abileziak azaleratu ziren. Arratsaldeko 19:00ak artekoa dantzan eta kantuan eman ondoren, Astigarragara jaitsi ginen jaiari segida emateko, eta 23:30ak arte gozatu genuen gure arteko lagun-giroarekin. Gauerdiarekin batera hartu genuen etxera ekarriko gintuen autobusa. Elgoibarko lurra zapaldu genuenean, gehienok ogitartekoa jatera joan ginen, egunean zehar gastatutako indarrak berreskuratzeko.