Herrimina, natura, espetxea, bakea, mespretxua ...erbesteari edota gerrari begiratzeko berbak

Erabiltzailearen aurpegia Elgoibarko Izarra 2016ko urr. 24a, 11:48

Hastear gaude Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroko bigarren saioa. Rafa Ruedak prest dauzka gitarra eta mikrofonoa; Gotzon Barandiaran, berriz, ordenagailu aurrean dago, eta dena bere tokian dagoen begira; eta beste 14 lagun inguru, berriz, biei begira, haien kantuak eta kontuak entzuteko egarriz.  

Gotzonek ekin zion, baina ez zuen euskal idazle edo abeslari baten aipamenik egin. Bod Dylan musikariari eman berri dioten Literaturako Nobel sariaren gainean jardun omen zuen lagun batekin. Bidezkoa edo justua ote zen Dylani eman dioten saria izan bide zuten hizpide. Gotzonen iritziz, Dylanek kantak idazterakoan izaten duen kontzientzia da jakin edo baloratu behar dena. Alegia, kanta bat sortzeko letra idazten ari denean, horretan baino ez den ari ala poesia idazten diharduen.  Hor dago gakoa, Larrabetzuko idazlearen ustez. Xabier Amurizak, adibidez, argi eta garbi bereizten omen ditu letragintza eta poesia.      

Sarrera txiki horren ondoren, urrutiko intxaurrak laga eta bertakoak biltzeari ekin genion.  

Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857- Rosario, 1910) bertsolariaren Amerikako panpetan kantarekin hasi ginen. Xabier Leteren (Oiartzun, 1944 – Donostia, 2014) bertsioa kantatu zigun Rafak. Otaño bertsolari eskolatua zen, eta erbestean eman zuen bere bizitzako parterik handiena. Otañoren asmoa Euskal Herrira bueltatzea bazen ere, ez zuen lortu, eta Argentinan hil zen. Gotzonen esanetan, XIX. mendearen amaieran asko idatzi zen emigrazioaren gainean. Euskaldun asko joan zen Ameriketara dirua egin eta bueltatzeko helburuarekin, eta Otaño izan zen horietako bat. Amerikako panpetan kantaren letrari erreparatuta, berriz, bertso horietan orduko gizartea ulertzeko klabe bat baino gehiago dago. Tristura, herrimina eta bakardadea azaltzen dira, besteak beste, bertsoetan, eta ezaugarri horiek behin eta berriz ikusiko ditugu erbestetik idazten dutenen bertso eta idatzietan. Kasu honetan ere, lehen saioan bezala, derrota edo galera sentsazioa ikus dezakegu; herriarekiko eta hizkuntzarekiko atxikimendua. Otañoren bertso horietan zenbat zuhaitz azaltzen den erreparatzeko eskatu zigun Gotzonek. Naturari erreferentziak egitea XX. mendearen hasierako poesiaren ezaugarria omen da. Zuhaitzak eta natura etengabe azaltzen dira, Gabriel Arestik horrekin eten zuen arte.

 

Bilbao eta fueroak, pakearentzat izan zen bigarren kanta (Uruguain idatzia, 1876an). Iparragirrek (Urretxu, 1820-1881) idatzi eta Oskorri taldeak kantatzen zuena. Iparragirrek kantu ezagun asko dauzka, baina esku artean daukaguna ezezaguna da. Zergatik? Ez delako batere erraza kantatzeko? Ez, Gotzonen iritziz, letragatik ez da ezagun egin kanta hori. Iparragirreren kantu eta bertsoetako letrak ez ziren denen gustukoak, eta kartzelan ere egon zen kantatzen zuenagatik. Iparragirre entzutean burura zer datorkigun galdetuta, “Urretxu, Gernikako arbola, abentureroa” eta antzeko berbak irten ziren gure ahoetatik. Hori dena bai, baina Iparragirre, batez ere, koblakaria zela azpimarratu zigun Gotzonek. Bilboko edozein tabernatan bezala, Parisko edo Madrilgo gorteetan ere kantatu zuen koblakaria. Euskarari inoiz uko egin ez zion koblakaria.

 

Aztertu genuen hirugarren kanta ere Iparragirrerena izan zen. Oskorrik kantatzen zuen Nere etorrera lur maitera (Hara nun diran), hain zuzen ere. Gotzonen esanetan, itzulera azpigenero bat bezala azaltzen da garai hartan. Jende askok alde egin zuen Euskal Herritik, eta asko idatzi eta kantatu zen itzuleraren gainean. Hala egin du Eñaut Elorrietak, eta baita Joseba Sarrionandiak ere. Galderak omen daude, batez ere, kantu horietan. Pertsona bera bueltatzen al da erbestetik? Herri berarekin topo egiten al dute bueltatzen direnean? Testuari ere erreparatu genion, eta gerora sarri agertuko den ideia bat dago Iparragirreren bertso hauetan: herriagatik bizitza emateko prestutasuna. Gotzonen esanetan, Iparragirre lehena izan zen ideia hori transmititzen. Kronika honen amaieran, Lauaxetak ideia hori errepikatuko duela ikusiko dugu.

 

Iritsi gara laugarren kantara. Iya guriak egin du. Frantzisko Petrirena Xenpelarrenak (Errenteria, 1835-1869) dira bertsoak, eta Xabier Letek kantatu zituen. Xenpelar ez zen eskolatua baina oso kronista ona zen. Gotzonek esan zigunez, kronika batzuetan, ikusten duena kontatzera mugatzen da, baina, beste batzuetan, bere iritziak gehitzen ditu. Emakumeen gainean Xenpelarrek zuen iritziaren gainean ere jardun genuen, eta Senarrak emazteari bertsoak irakurtzeko gomendioa egin zigun Gotzonek. Aztertzen dihardugun kantara bueltatuz, Iya guriak egin du kanta hori Lehen Karlistaldiaren ondorengo hondamendiaren lekukoa genuke, eta Xenpelar nazkaturik azaltzen zaigu gatazka armatuarekin. Bakea nahi du, baina bakezaletasuna ulertzeko Xenpelarrek zuen modu berezia nabarmendu zigun Gotzonek. Horren adibide, honako ahapaldi hau: “Ez naiz ni gerraren zale, baizik pakearen alde; zeiñek nai duen galde, berari tira dale! bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan”. Kuriosoa, benetan, Xenpelarren bakearen alde egiteko era! 

 

Hurrengo kanta ere Xenpelarrena da, Pasaiako plazatik, baina Rafak ez du Mikel Laboak (Donostia, 1934-2008) hain ezaguna egin zuen kanta kantatu, ordularia guk nahi baino azkarrago doalako aurrera. Esan berri dugu Xenpelar oso kronista ona zela, eta horren adibide bat dugu Pasaiako herritik edo Pasaiako plazatik bertso-sorta. Kronika bikaina, Gotzonen esanetan. Xenpelar izan zen bertsopaper gehien saltzen zituena, eta oso iritzi-emaile zorrotza zen. Garai hartan idazleen oso letra gutxi azalduko da kantagintzan, eta bertsolarien bertsoak kantatuko dira, batez ere.

 

Karlistaren panparroikeria izan zen hurrengo kanta. Serafin Barojak (Donostia, 1840- Bera, 1912), Pio Baroja idazlearen aitak, idatzi eta Joseba Tapiak kantatzen duena. Kanta horretan Bigarren Karlistaldiaz dihardu Barojak, liberalen ikuspegitik jardun ere. Gotzonek azpimarratu zigun moduan, garai hartan bizi zuten giroa itogarria zen, eta Baroja izan zen bere lanak izenpetzen ausartu zen bakarrenetakoa, testurik gehienak anonimoak baitziren. Bi bandoen arteko ezin ikusia izugarria zen, eta hori argi ikusi genuen, bai Barojaren kantuan, eta baita Joseba Tapiak kantatu eta anonimoa den Azpeitiko neskatxak kanta karlistan ere. Bi kantuetako letretan batzuek besteengatik sentitzen zuten mespretxua eta gutxiespena agerikoa da.

 

Karlistaldiekin lotuta dagoen beste kantu bat ikusi genuen segidan. Muñagorriren bertsoak Jose Antonio Muñagorrik (Berastegi, 1794-1841) idatzi eta Benito Lertxundik kantatzen ditu. Lehen Karlistaldiko kanta da, kanta bakezalea; bakearen aldeko lehen kantua dela ere esan daiteke (ikus Muñagorriren bertsoak abestiaren letra).

 

Bultzi-leihotik da azken-aurreko kanta. 1929an Xabier Lizardik (Zarautz, 1896-1933) idatzi eta, kasu honetan ere, Benito Lertxundik kantatzen duena. Kanta epikoa, Gotzonen esanetan. Parisera bilera politiko batera doala trenean idatzitako agur-kanta da; laudorioz betetako agur-kanta, itzuliko zela bazekien arren. Zergatik idatzi zuen, orduan, Lizardik kanta hori? Bazekielako ez zutela lortuko Jose Ariztimuño Aitzolek eskatutakoa. Aitzol konturatu zen euskal identitateak behera egin zuela, eta poesia erabili nahi izan zuen euskaltasuna eta abertzaletasuna sustatzeko palanka gisa. Europako beste herri batzuek egin zutenari erreparatuta, Orixeri eskatu zion Euskal Herriko poema nazionala sortzeko. Baina ez zuten lortu. Lehen kronikan aitatu genuen moduan, Orixeren poesia ez zen ulertzen, ez zen saltzen, eta Aitzolen ametsa ezerezean geratu zen. Gerora, bertsolariei eskatu zitzaien poetek lortu ez zutena egiteko. 

 

Azkena! Mendigoxaliarena. Lauaxetak idatzi eta, besteak beste, Eñaut Elorrietak kantatzen duena. Eñauten bertsioa kantatu zigun Rafak, eta kanta epikoa daukagu, berriz ere, begien aurrean. Asko “puztutako” kantu epikoa, Gotzonen esanetan. Kanta honetan ere galera-sentimendua agerikoa da. Lehen saioan aitatzen genuen derrota kolektiboarekin topo egiten dugu, behin eta berriz, eta Lauaxetak galera horri aurre egiteko erreakzionatzeko dei egiten die “aberkideei”. Poesia honetan dator gerora hain ezaguna egin den “dana emon behar jako maite dan askatasunari”.

 

Iluntzeko 20:30 dira eta bigarren saioak eman du berea. Erbesteari eta karlistaldiei lotutako testuak eta kantuak izan ditugu gaurkoan bidelagun; inguruan bueltaka, berriz, emigrazioa, herrimina, natura, kartzela, bakea, mespretxua, pizkundea eta antzerako berbak.

 • Hirugarren saioa urriaren 26an

Bigarren saioa oroimenaren zakuan gorde eta hirugarrenaz gozatuko dugu urriaren 26an. Gerraosteko literaturaren egoerari buruzko sarrerarekin hasiko dugu: Euzko Gogoa aldizkariaren garrantzia nabarmendu eta erbesteko idazleen egoeraren eta lanen azalpen laburra egingo dugu (Monzon, Zaitegi, Mitxelena, Arrese, Krutwig, Mirande, Etxaniz, Ibiñagabeitia, Gandiaga...). Horren ondoren, berriz, Gabriel Aresti eta Oskorri, Ez dok Amairu, Pantxoa eta Peio, Errobi, Imanol, Ruper Ordorika edo Itoizek hainbat poetekin elkarlanean buruturiko kantak Rafa Ruedaren bertsioetan entzun, kantatu eta hausnartuko ditugu.

rafa rueda kantuan elgoibar

gotzon barandiaran kantagintza izarra elgoibar