Hasteko, bibliografia apur bat eman digu Gotzon Barandiaranek, orduko literatura eta kantagintza gehiago sakondu nahi duenarentzat. Besteak beste, Ibon Sarasolaren Euskal literaturaren historia; Orixeren Euskal Literaturaren Historia Laburra; Joxe Azurmendiren Zer dugu Orixeren kontra?Zer dugu Orixeren alde?; edota Beñat Sarasolaren Bainaren belaunaldia liburuak gomendatu dizkigu.
Sarrera moduko bat ere egin du Gotzonek; esan digu Orixek erretratatu zuen Euskal Herria dagoeneko ezezaguna zela. Bestalde, aurreko saioetan (Ikus: 1. saioko kronika / 2. saioko kronika) esan genuen Orixeren poesia ez zela ulertzen eta euskal literaturak ez zuela publikorik. Gabriel Arestik eragin zuen etena. Arestik euskaldun guztientzat idazten zuen, edozeinek ulertzeko moduan. Ibon Sarasolaren ustez, Arestiren Harri eta herri liburua mugarria izan zen; euskaraz eta gaztelaniaz dago, euskaraz ez dakitenek ere ulertzeko moduan.
Hasieratik esan digu Barandiaranek gerraosteko garaia izan zela euskal literaturak ezagutu duen momenturik zailena, eta, ideia horri, garai hartan literatur aldizkariek izan zuten garrantzia erantsi zion. 1970. urtera arte literatur lanak aldizkarietan argitaratzen ziren, batez ere. Aldizkarietan irakur zitekeen, nagusiki, euskal literatura.
Literatur aldizkarien artean Euzko-Gogoa nabarmendu digu Gotzonek. Guatemalan sortu zen 1949an eta Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia izan ziren zuzendariak. Gerora izen handiak izango zirenak Euzko-Gogoan hasi ziren idazten, eta literaturzaleen erreferentzia izan zen. Beste literatur aldizkari batzuk ere aitatu dizkigu (Gernika, Egan, Olerti, Igela, Pott eta Oh! Euskadi), eta ideia garrantzitsua azpimarratu digu Ustela aldizkaria aitatu duenean: aldizkari horretan, Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak, literatura literaturaren alde egin behar zela aldarrikatu zuten. Bestelako arrazoiak alde batera laga (literatura herriaren edo euskararen alde egitea, adibidez), eta literaturaren autonomiaren alde egin zuten. Hori aldaketa garrantzitsua izan zen, ordura arteko literaturarekin edo kantagintzarekin alderatzen badugu. Gotzonek esan digunez, ideia horren aita pontekoa Gabriel Aresti izan zen.
Gotzoni atsedena eman eta Rafa Rueda hasi da lanean. Gabriel Arestik idatzi eta berak musikatutako hiru kanta kantatu dizkigu bata bestearen atzetik. Gabrielen lekua ikuskizunerako prestatutako Arestiren hiru olerki, hain zuzen ere.
- Egia bat esateagatik izan da lehena. 1963an idatzi zuen Arestik, eta egiaren aldeko aldarrikapena da. Arestik arerio asko izan zituen, alde guztietatik jipoitzen zuten, baina, hala ere, “egia esango dut beti” esaten zuen. Ordura arte ez bezala, jendeak poesia ulertzea lortu zuen Arestik, nahiz eta Bilbotik idatzi (erdal herria), eta Arestik publikoa eta irakurleak zeuzkan. Harri eta herri izan zen, adibidez, libururik irakurriena. Arestik, gainera, ez ditu idazlea eta pertsona bereizten, eta hori ere berrikuntza da. Aresti bera da idazten duena (“ez naiz ezer, nire izena ez bada”). Rafak aitortu digunez, asko kosta zitzaion Arestiren poesiak musikatzea. Idazteko zuen moduagatik, zailak dira kantura ekartzeko. Asmatu du, baina, Rafak, eta grabatu ere egin dugu, gu denon gozamenerako (ikus bideoa, kronikaren amaieran).
- Zorrotzako portuan aldarrika izan da Arestik idatzi eta Rafak musikatutako bigarren kanta. Arestik bere bulegotik ikusten zuena idatzi zuen poesia horretan. Gaur egungoarekin zerikusirik ez duen Bilbo, hain zuzen ere, eta orduko langileen bizimodu latza eraman zuen bere olerkietara. Aresti beti azaldu zen gizonaren (gizakia edo pertsona moduan ulertuta) alde eta injustiziaren kontra.
- Hirugarrena, berriz, Nire izena izan da. Poesia horretan Arestiren izaera azaltzen da. Rafaren esanetan, Aresti poeta ez ezik ideologoa ere bazen, eta arerio asko zituen bere pentsaerarekin edo iritziekin bat egiten ez zutenen artean. Hala ere, Aresti jenio handikoa zen, bulkadaka funtzionatzen zuena, eta ika-mika handiak izaten zituen jendearekin. “Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati nire izenik eman dieziotela” idatzi zuen poesia horretan, baina kale-izena ez ezik, ikastetxeak eta euskaltegiak ere badaude bere izenarekin; eta ez Bilbon bakarrik. Arestirenarekin amaitzeko, Gotzonek esan digu Arestirentzat garrantzitsua zela idaztea. Idazle izatea erabaki zuela. Gerora, Aresti erreferentea izan da idazle askorentzat, baina gutxi batzuek baino ez dute egin Arestik egin zuen hautua; idazle izateko hautua, alegia.
- Aresti une batez laga (hurrengo kantan bueltatuko baikara berriz ere) eta Ez Dok Amairu! mugimenduko ateak zabaldu ditugu, Urak dakarrena kantarekin. Jose Anjel Irigaraik idatzi eta Benito Lertxundik kantatzen duena. Ez Dok Amairu! entzuterakoan burura zer datorkigun galdetu digu Gotzonek. Euskal musika, herri baten nahia edo beharra, abangoardia eta antzeko beste ideia batzuk irten dira gure ahoetatik. Gotzonen eta Rafaren ustez, gure herrian garai hartan zegoen zuloa betetzeko sortu zen mugimendu hori; beste modu batera esanda, ordura arte galdutakoa errekuperatzeko. Eta ezingo dugu ukatu, neurri batean bada ere, lortu zutenik! Hiru urte baino ez ziren izan, baina zenbat hitz egin da Ez Dok Amairu!-ren gainean?! Oraindik ere bada, gure musikarien artean, horrelako mugimendu baten beharra aldarrikatzen duenik.
- Bilbaoko kaleak izan da hurrengo kanta. Gabriel Arestik idatzi eta Rafa Ruedak musikatu eta kantatzen duena. Bilbaoko kaleak abestiak testu sakona, izugarria, Gotzonen esanetan. Bilbo deskribatzen du poesia horretan, baina, batez ere, izenak eta hitz solteak erabiltzen ditu, Ken Zazpi musika-talde gernikarrak Gernikan kantan egiten duen moduan.
- Hurrengo kanta ere Gabriel Arestik idatzitako bat izan da, kasu honetan Xabier Letek kantatzen badu ere: Urrilaren 28 egun. Denontzat ere ezaguna den San Simon eta San Juda kantuan Arestiren izaera ikusten da; hor dator zer zen Gabriel Aresti, eta izugarria da hain hitz gutxirekin (ikus Urrillaren 28 egun abestiaren letra) lortu zuena (Arestik, normalean, luze idazten zuen). Kanta horrekin amaitzeko, Aresti autokritikoa zela esan digu Gotzonek, bai euskaldunokin eta baita bere buruarekin ere, eta Arestik argi zuen euskara dela euskaldunok dugun aberastasunik handiena.
- Itziarren semea (Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok kantatzen dutena), eta Azken dantza (Manex Pagolak idatzi eta Pantxoa eta Peiok kantatzen dutena) ziren hurrengo bi kantak, baina ez ditugu kantatu, denbora faltagatik. Hala ere, Gotzonek esan digu kantagintza borrokarako tresna zela Monzonentzat. Bergarako idazle eta politikariak herritarren artean jarrera aktiboa sortzeko idazten zuen, eta Lauaxeta bera baino tremendistagoa zen.
- Nora goaz? izan da hurrengo kanta. Daniel Landartek idatzi eta Errobik kantatzen duena. Errobiren kanta guztiak Landartek idatzi zituen, eta Gotzonen esanetan, ez dira Lauaxetarenak edo Monzonenak bezain esplizituak. Hala ere, hauek ere abertzaleak eta euskaltzaleak dira, eta Euskal Herriaren alde esnatzeko deia egiten diete aberkideei (“atzar hadi, atzar hadi, Euskal Herriaren alde!”). Errobi da kantatzeko modu horren adibide nagusia, eta Gotzonek esan digun moduan, kantaera horrek biltzen zuen jende gehien garai hartan.
- Bernardo Atxagak idatzi eta Ruper Orodorikak kantatzen duen kanta bat izan da azken-aurrekoa: Herdoilarena. Bilbo deskribatzen du Bernardo Atxagak poesia horretan, irudien mozkorraldi batekin. Gotzonen esanetan, Atxagarekin idazteko beste modu bat hasten da. Atxagak eta Koldo Izagirrek Ustela aldizkaria sortu zuten, eta literaturaren autonomia defendatzen hasi ziren. Atxaga izan zen autonomia horren defendatzaile sutsuena, eta ez dio inolako jarrerarik eskatuko irakurleari. Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoan dator poesia hori (Atxagaren Etiopia liburuko testuekin osatu zuen disko osoa), eta kantari oñatiarrak ere beste era batera kantatzeko apustua egin zuen. Apustu horrek, baina, Ruperrek berak sarri aitortu duenez, bakardadea ekarri zion.
- Iritsi gara hirugarren saioko azken kantara: Ezekielen prophezia. Joseba Alkaldek idatzi eta Itoiz musika-taldeak kantatzen zuen kanta. Gotzonek esan digunez, Itoiz taldeko Juan Karlos Perezentzat beren kantuetako letrek ez dute inolako garrantzirik, eta hori argi ikusten da kanta horretan. Ezekielen prophezia kantaren letra irakurri eta ez dago antzematerik zertaz ari den. Ezekiel diskoko letra guztiak Joseba Alkaldek idatzitakoak dira, eta surrealistak dira zeharo. Irudiz eta sinboloz beteta daude, eta argi ikusten da Alkaldek ere Atxagaren bidea hartu zuela. Gotzonen esanetan, Itoiz musika-taldea ere klabea izan zen gaur egungo kantagintza ulertzeko. Horrelako taldeak sortu ez balira, euskal kantagintzak arrasto bakarrean egingo zuen aurrera.
• 80ko hamarkada laugarren saioan
Gaurkoan ere konturatu orduko pasa dira bi orduak. Pozik entzungo genuen beste kantaren bat Rafaren ahotik, baina hor amaitu dugu Euskal imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroaren hirugarren saioa. Datorren astekoa azken-aurreko saioa izango dugu, eta Gotzonek aurreratu digunez: “ikastaroaren laugarren saioan, XX. mendeko hamarkadarik bizienetakoan sakonduko dugu: 80ko hamarkadan. Bai soziopolitikoki, bai kultur sorkuntzari dagokionez, gure herriak bizi izan dituen egun sumenditsuenak izan ziren. Punk-rokaren eta borrokarako kantagintzaren nagusitasuna erabatekoa zelarik, baziren literaturaren autonomiaren aldarrikapenarekin bat eginez bestelako kantagintza jorratzen zutenak ere. Bulkadez ernatutako era guztietako sorkuntza lanetan, euskararen aldeko abestiak asko ugaldu ziren. Dena definitzeke zegoen sasoi hartan, euskaldun izatea zer zen zehazten ahalegindu ziren idazle zein musikari asko”.