Orduko kantagintza ulertzeko, ezinbestekoa da garai hartako testuinguru soziopolitikoa ulertzea, eta webgune bat gomendatu digu Gotzonek horretarako: gure mendea. Argia aldizkariak sortutako webgune horretan, besteak beste, gure herriari lotutako gertakari kulturalak eta politikoak bildu dituzte, kronologikoki sailkatuta.
Garai hartan borrokarako kantagintzaren nagusitasuna erabatekoa bazen ere, orduan ere baziren literaturaren autonomiaren aldarrikapenarekin bat egin zutenak, eta gai hori ere bizi-bizirik izan dugu laugarren saioan.
- Motorrak berotu ondoren, laugarren saioko lehen kantari begira jarri gara. Kanta aberria. Manex Pagolak (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1941) idatzi eta Pantxoa eta Peiok abesten dutena. Kanta honekin abertzalea izatea zer zen erakutsi nahi du Pagolak. Nafarroa Behereko idazlearen ustez, jendeak ez zekien zer zen abertzalea izatea, eta aberria zer zen erakutsi nahi zien orduko abertzaleei. Kanta Aberria abestiko letran, aberria zer den deskribatzen du Pagolak. Haren ustez, aberria Euskal Herria da, eta irakurleari (edo entzuleari) gure herriaren aldeko jarrera eskatzen zaio (“kantazak euskalduna, kantazak hire herria!”). Jendea altxarazteko edo mugiarazteko kanta da. Kanta hori Pagolak berak ere kantatzen zuen, baina Pantxoa eta Peio bikotearekin egin zen ezaguna.
- Ama Euskal Herria izan da aztertu dugun bigarren kanta; Xarbadorrek (Urepel, 1920-1976) idatzi eta Anje Duhaldek (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) kantatzen duena. Xalbadorren Odolaren mintzoa liburua irakurtzeko gomendio egin digu Gotzonek. Liburu horretan bere bizitza kontatzen omen du Urepeleko bertsolari handiak. Baina, batez ere, Xalbadorrek liburuari jarritako izenburuari erreparatu diogu. Zer dago izenburu mamitsu horren atzean? Interpretazio asko egon daitezke, baina Gotzonek argi dauka hizkuntzaz ari dela Xalbador; euskaraz eta euskaldun izateaz. Xalbadorren ustez, euskaraz abestu nahi zuenak derrigorrean kantatu behar zion bere herriari, eta Ama Euskal Herria kantan euskararen egoerak sortzen zion minari kantatzen dio. Odolaren mintzoa euskararen mintzoa da; euskaldun izatearen mintzoa. Xalbadorrentzat euskara da Euskal Herria.
- Ezaguna dugu hirugarren kanta: Euskal Herrian euskaraz. Xabier Amurizak (Zornotza, 1941) idatzi eta Oskorri musika-taldeak abesten duena. Euskal kantagintzarako letra gehien idatzi duena dugu Amuriza, Jon Maia bertsolariarekin batera. Kanta horretan, Xalbadorren aurreko kantan ez bezala, Amurizak oso argi azaltzen du zertaz ari den; behin eta berriz aitatzen du euskara kontzeptua, eta euskara Euskal Herriari lotuta azaltzen da. Gotzonek esan digunez, Amurizak oso ondo ezagutzen zuen Xalbador, eta odolaren mintzoa gogoan zuela idatzi zuen Euskal Herrian Euskaraz kanta (ikus letra). Aspaldikoa da kanta (1982) eta askotan kantatu da, baina ez du gaurkotasunik galdu. Gainera, Gotzonen esanetan, inork kontra egin ez dion kanta da.
- Galtzetan gordetzeko koblak izan da aztertu eta kantatu dugun laugarren kanta. Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) idatzi eta Ruper Ordorikak kantatzen duena. Sarrionandiak preso zegoela idatzi zuen testu hori (ikus letra), eta norentzat edo zertarako idatzi zuen galdetutakoan, lagunentzat eta kausa galdu ororen gerlarientzat erantzuten zuen. Testu horretan, Atxagaren testuetan moduan, irudiak nagusitzen dira, eta esan nahi dena esan egiten da. Sarrik ere literaturaren autonomiaren alde egin zuen, eta aurretik ikusi ditugun beste idazle batzuekin alderatuta, Iurretako idazlearen testuetan ez dago irakaspenik; ez dago helburu pedagogiko edo didaktikorik; ez da jendea ezertara bultzatu edo animatuko. Literatura da nagusi, eta, besteak beste, galderak, zalantzak eta kontraesanak azalduko dira testuetan. Gotzonek esan digunez, poeta askoren olerkietan aurkituko ditugu galderak; erantzunik gabeko galderak.
- Luzea da hurrengo kanta; oso luzea. Berandu dabiltza, Bernardo Atxagak idatzi eta Ruper Ordorikak kantatzen duena. Atxaga, aurreko saioan ikusi genuen antzera, irudi-mozkorraldi batekin dator Berandu gabiltza (ikus letra). Oraingoan ere Bilbo hiriaren deskribapena da; Bilboko langile-jendearen edo arruntaren deskribapena. Kanta horretan, beraiekin alferrik eta berandu dabiltzala esaten die Bernardo Atxagak gizartearen eta literaturaren nondik norakoak markatu nahi dituzten eliteei. Testu surrealista da, eta Gotzonek aitatu digun moduan, surrealismoa errealitatea desitxuratzeko modurik eraginkorrena da. Rafak aitortu digunez, kanta luzea eta zaila da kantatzeko, eta Ruperrek ere okasio berezietan bakarrik kantatzen du, baina, hala ere, Ruperren jarraitzaileentzat, himno baten modukoa da. Nekatuta bukatu du Rafak, baina gustura entzun dugu kanta.
- Euskara da gaurko gaietako bat, eta hurrengo kanta ere gure hizkuntzari lotuta dator: Nire euskaltasuna. Koldo Izagirrek (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) idatzi eta Imanol Lartzabalek (Donostia, 1947 – Alakante, 2004) kantatua. Koldo Izagirre Pasaian jaio zen, portuan, eta Gotzonek esan digunez, umetan itsasontzi eta arrantzale artean jarduten zuen jolasean. Munduko hamaika bazterretatik etortzen ziren arrantzaleekin eta haien hizkuntzak entzunez hasi eta hezi zen, eta horrek asko eragin zion. Aztertzen dihardugun kanta honetan (ikus Nire euskaltasuna kantaren letra), adibidez, euskaldun-izaeraren estereotipoen kontra egingo du, eta euskaldun izateko modu asko daudela aldarrikatzen da bertan. Koldok eta Imanolek elkarrekin egindako kanta hori, Gotzonen gusturako, izugarria da, modernoa, eta etena ekarri zuen ordura arteko kantagintzan. Hori bai, ez da beste kanta batzuen moduan errotu herritarren artean. Imanolen kantaeraren gainean, berriz, Rafak esan zigun Imanol oso kantari aurreratua izan zela. Adibide baterako, Donostiako kantaria izan zen gure kantagintzan jazza eta poesia uztartzen ausartu zen lehena. (*Ikus kronikaren amaieran kanta honen bideoa).
- Illun-ikarak da zazpigarren kanta. Mikel Arregik (Areso, Nafarroa, 1948) idatzi eta Imanolek kantatua. Imanolek, hasiera batean, aldarrikapenari lotutako kantagintza landu bazuen ere, gerora Mikel Arregi eta haren gisako poeten olerkiak kantatu zituen. Poeta lirikoak aukeratu zituen Imanolek, eta gaztelaniaz ere kantatu zuen. Mikel Arregiri dagokionez, Ibon Sarasolaren esanetan, Arregi poeta landua zen, garai hartako poetarik nabarmenetakoa, eta egoera politikoaz modu lirikoan idatzi zuen. Aurretik esan dugun moduan, garai hartako kantagintza sumendia zen. Alde batetik, kontzientzia kolektiboari lotuta zeudenak dauzkagu, “gu”-tasunetik kantatzen zutenak, eta hor taldea da protagonista. Eta, bestetik, kantagintza horretatik aldendu eta lirikaren aldeko apustua egin zutenak dauzkagu. Kasu horretan, “ni”-tasunetik idatziko dute, eta protagonista pertsona edo norbanakoa da. Lirikaren funtsa maitasuna dela esan digu Gotzonek, eta batzuek idazteko modu horri barre egiten badiote ere, Che Guevarak esan zuena ekarri digu gogora Larrabetzuko idazleak: “Iraultzarik handiena maitasuna da”.
- Larru beltzak izan da azken-aurreko kanta. Itxaro Bordak (Baiona, Lapurdi, 1959) idatzi eta Hertzainak taldeak kantatzen duena. Itxaro Parisen bizi zela idatzi zuen kanta hori (ikus Larru beltzak kantaren letra), eta Gotzonek esan digunez, oso lotura estua izan zuten Baionako idazleak eta Gasteizko musika-taldeak. Kanta honekin 90eko hamarkadan sartu gara eta, poliki-poliki bada ere, atzera geratzen hasiko da aldarrikapenari lotutako kantagintza. Horren ordez, idazle eta musikarien artean sortutako kantagintza nagusitzen hasiko da, eta sujerentzia edo iradokizuna ebidentziaren gainetik jarriko da idazleen testuetan.
- Iluntzeko 20:30ak dira, gaurko saioari amaiera emateko ordua, baina partaide batek hala eskatuta, azken kanta eskaini digu Rafa Ruedak: Mendian gora. Xabier Amurizak idatzi eta Imanolek kantatua. Datorren astean kanta hori sakonago aztertuko dugula agindu digu Gotzonek, baina, aurrerapen moduan, esan digu kanta horretan Amuriza euskal poetei zuzentzen zaiela. Poetei idazten die nahikoa dela esateko. Eskatzen die alde batera lagatzeko beren testuetako tristurak eta negarrak, eta alai idatzi eta kantatzeko ordua iritsi dela. Esan bezala, datorren astean jorratuko dugu gehiago kanta hori.
•Azken saioa datorren astean
Datorren astekoa izango da bosgarren eta azken saioa. Eta Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroari amaiera emateko, iragan mendeko azken hamarkadatik gaur egunera arteko kantagintza aztertu eta hausnartuko dugu. Ordura arte aldarri-kantak nagusi baziren, 90eko hamarkadatik aurrera iradokitzea ezaugarri nagusia zuen kantagintzak aurrea hartu zien. Idazle eta musikarien elkarreraginetik sortutako kantagintzaren bilakaera aztertuko dugu, eta guztion artean adostuko ditugu ondorioak. Zertan aldatu da gure kantagintza?
Nire euskaltasuna abestia: